Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Makina-erreminta

2018/06/01 Elhuyar

Aste honetan, hedabide guztietan izan da hizpide makina-erremintaren biurtekoa edo bienala. Euskarazko terminoari erreparatuta eta inguruko erdaretako terminoak zein diren ikusita (es: máquina herramienta; fr: machine-outil; en: machine tool), galdera batzuk datozkigu burura. Zergatik erreminta? Ez ote dago beste aukerarik? Zergatik idazten da marraz?

Lehen galderari erantzunez, Euskaltzaindiaren Hiztegiak dio makina-erreminta terminoa Hegoaldean erabiltzen dela, eta «Makina-tresna» da definizioa. Hasiera batean makina-tresna terminoa hobetsi bazen ere (ikusi Hiztegi Batuaren aurreko bertsioak), badirudi makina-erreminta terminoa nagusitu dela, Hegoaldean batez ere. Horren erakusgarri, hona corpus batzuetako datuak:

 

Corpusa

makina(-)erreminta

makina(-)tresna

Zientzia eta Teknologiaren Corpusa

166

6

Lexikoaren Behatokia

219

1

Elhuyar Web-corpusen Ataria

682

14

Egungo Testuen Corpusa

998

73

Ereduzko Prosa Gaur

204

0

 

Euskaraz marraz zergatik idazten dugun jakiteko, Euskaltzaindiaren webgunera jo dugu, Hitz Elkartuen Osaera eta Idazkera Liburura (84.-86. or.), hain zuzen. Liburu horretan, bi izenek osatzen duten koordinazio-elkarte gisa sailkatzen da makina-erreminta terminoa. Bi izenek elkar osatzen dute, eta, horregatik, buru biko sintagma bat eratzen dute; bata ez da bestearen menpeko edo laguntzaile hutsa. Horrelako hitz-elkarteak marraz idaztea gomendatzen du Euskaltzaindiak. Bestelakoak dira, berriz, zelula ama eta ezpata-arrain. Lehena zelula da, eta bigarrena, arraina. Ama eta ezpata hitzek analogiazko, eta antzeko erlazioa dute buruarekin. Horrelakoak bitara idatz daitezke: burua lehenik eta osagarria ondoren, marrarik gabe (zelula ama); edo osagarria aurretik buruari marraz lotuta (ezpata-arrain). Bi idazkera horien arteko "lehia" izaten da batzuetan. Adibidez, gako-hitz / hitz gako (LB 22 / 72; ElhWC 363/386). Ez da erraza horietako bat lehenesteko irizpidea ematea. Berez, biak dira zuzenak, eta erabilerak erabakiko du estandarra zein izango den (bat nagusitzekotan, jakina).

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia