Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Lupulu

2018/03/21 Elhuyar

Lupulu hitza, sarritan, zerbeza edo garagardoaren ekoizpenaren inguruan entzuten edo irakurtzen dugu.

Baina zer da lupulua? Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan irakur daitekeen gisan, kanabazeoen familiako landare bat da, kalamua bezala, eta Humulus lupulus latinezko izendapena du. Ondorio lasaigarri eta antiseptikoak dituenez, bakterioen kontrako eraginagatik erabili izan da.

Garagardoa ekoizteko prozesuan, produktuari mikaztasuna, aroma eta zaporea emateko erabiltzen da; malta-zaporea hain nabarmena izan ez dadin ere laguntzen du lupuluak. Horrez gain, apar egonkorragoa lortzeko ere erabiltzen da. Betiere lore eme ernaldu gabea erabiltzen da ekoizpenean. Garagardoa egiteko lupulua erabiltzea ez da, dirudienez, garagardoaren historiaren hasiera-hasieratik datorren kontua. Adituek diotenez, K.o. 822. urtekoa da zerbezaren ekoizpena eta lupulua erlazionatzen dituen lehen agiria.

Alemanian, 1516an sartu zen indarrean Purutasunaren Lege Alemana (alemanez: Reinheitsgebot). Lege horren arabera, lupulua zerbeza egiteko erabil zitezkeen hiru osagaietako bat zen, urarekin eta garagarrarekin batera. Legamia aurrerago aurkitu zuten.

Lupulua erabiltzen hasi aurretik, gruit edo grut izeneko belar- eta espezia-nahastea (lekuan lekuko osagaiekin egina) erabiltzen omen zuten garagardogileek produktuari lehen aipatu ditugun ezaugarri horietako batzuk emateko.

Gaur egun, zerbeza-marka asko ditugu gure inguruan; horietako batzuk Euskal Herrian bertan eginak. Bada lupulua alde batera utzi eta antzinako errezeta berreskuratzeari ekin dionik ere. Belgikan, esate baterako, familia-enpresa txiki batzuek urte dezente daramate lupulurik gabeko zerbeza merkaturatzen.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia