Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Itsas korronte

2018/04/13 Elhuyar

Ozeano Bareko plastiko-uharteari buruzko artikuluaren harira, zalantza sortu zaigu itsas korronte hitza zuzena den, edo itsaslaster erabili behar ote den horren ordez.

"Ipar Atlantikoko ozeano-korrontea gelditzea. Beroketa klimatikoaren ondorioetako bat Ipar Atlantikoko ozeano-korrontea (Golkoko korrontea) gelditzea izan liteke. Korronte horrek Europari bero ematen dionez, hura eteteak izotzaldi txiki bat ekar lezake, zeinaren ondorioak, aditu askoren esanetan, garrantzitsuak izango bailiratekeen."

Horrela zioen Jorge Riechmannek  2012an Argian argitaratutako «Klimaren berokuntza: nola kalkulatzen da haren inpaktua» artikuluan. Edo horrela itzuli zituzten, behintzat, haren hitzak. Gaur horrelaxe itzuliko genituzke? Ala itsaslaster erabili behar genuke ozeano-korronteren ordez, eta Golkoko itsaslaster, berriz, Golkoko korronteren ordez?

Printzipioz bai, zeren hau baitago Euskaltzaindiaren Hiztegian (EH):

itsas korronte iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, itsas korrontek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. itsaslaster].

 

Garai batean, itsas korronte oso erabilia zen, baina ahulduz joan da erabilera 1995an Hiztegi Batuak itsaslaster hobetsi zuenetik. Esaterako, Zientzia eta Teknologiaren Corpusean:

Baina begira zer dagoen EHko korronte sarreran:

korronte 1 iz. Isurkari edo gas baten higidura. Ik. itsaslaster; ur-laster; haize-laster; goaia. 2 iz. Elektrizitateaz mintzatuz, elektroien higidura eroale batean zehar. Korronte elektrikoa. Korrontea sartzen den elektrodoa.

 

Horren arabera, gas-korronte eta laba-korronte elkarteak, egokiak dira, eta, gainera, aukera bakarrak, laster hitzaren 'korrontea' adiera ez baita emankorra aipatutako itsaslaster, ur-laster eta haize-laster hitzetatik kanpo. Ezin ditugu *gas-laster edo * laba-laster erabili.

Areago, hizkuntzaren joko normalak marea-korronte sortuko luke, edo itsasertzeko korronteak zein erresaka-korrontea.  Denak ere, ur-korronteak dira, baina ez dira itsaslasteren definizio zehatzean sartzen: "Ibilbide definigarria duen itsasoko ur-mugimendu erregularra, oro har jarraitua, baina aldaketa ziklikoak ere izan ditzakeena." (Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa).

Hainbat fluido-higiduraren izendapenetan agertzen da, beraz, korronte. Eta ozeano-zirkulazioa osatzen dutenetan ez? Corpusetan, itsasoetako korronte, korronte ozeaniko eta ozeano-korronte formen agerpenak aurkitu ditugu. Beharbada, itsas korronte ez erabiltzeko gomendioa ematea baino zentzuzkoagoa eta errealistagoa da adieraztea itsaslasteren sinonimoa dela. Bai, Riechmannen artikuluaren itzulpenean itsaslaster erabiliko genuke gehienok gaur egun, baina zergatik ukatu korronteri lehendik egina zuen bidea eta orain ere EHn aitortzen zaion adierak ematen dizkion erabilera-aukera guztiak?

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia