Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Bihotz

2018/04/27 Elhuyar

Ea egia den bihotz hitzaren jatorria bi+hots dela. Hori da asteburu honetan Teknopolisek bihotzari eskainiko dion saioaz mintzatzean egin diguten galdera.

Bagenuen ideia horren aditzea, eta Interneten bertan aurkituko dituzue aipamen batzuk, baina badirudi ez duela funts handirik. Michel Morvanen hitzetan: «L’étymologie bi hots "deux bruits" n’est pas très convaincante». Bihotz da euskalki guztietan dokumentatu den forma (OEH-Orotariko Euskal Hiztegian, erronkarierazko bigotz aldaera baino ez da aipatzen), eta ez dago tsren arrastorik. Zentzuzkoa da euskaraz tz baten jatorrian ts bat egotea? Ezin esan ezinezkoa denik, baina bai ez dela oso probablea. Eta jatorrian s bat balego ere, litekeena da hotsekin zerikusirik ez izatea. Izan ere, akitanierazko bihox/s- erroarekin erlazionatu izan da (Historia del lenguaje vasco - Nabarralde; Materiales para un Diccionario Etimológico de la Lengua Vasca), baina -hotz osagaia 'hotsa' adierarekin lotu gabe. Bestelako proposamen batzuk era badaude, hala nola Vahan Sarkisianek proposatutako armenierazko barkiotz etimoa (Contribución a los estudios aquitano-vascos), zeinetan armenierazko -otz atzizkiak 'hotsa' adiera baitu, baina beste osagaiek ez dute zerikusirik bi hitzarekin: bar- eta -ki-, hurrenez hurren, barne/barru hitzekin eta moduzko -ki atzizkiarekin leudeke lotuta, eta bihotza, orduan, 'barneko hotsa' litzateke. Edo Morvanek aipatzen duen behazun aukera ere hor dago:

Le nom du coeur est apparenté à celui de la bile ou du foie dans de nombreuses langues anciennes comme le tchétchène, l’omotique, le karen, l’abui, le halkomelem, le zapotèque. Cf. en basque behazun, biotzun "bile".

 

OEHn, bioztun, biotzun eta biozdun hitzak behazunen aldaera gisa argitaratu dira.

Nolanahi ere, etimologiaren arloan hainbatetan gertatzen den bezala, ez dago bihotz hitzaren jatorri argi bat zehazterik. Etimologia 'filologiaren adar bat' dela dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Diziplina serioa beraz, baina, hala ere, espekulaziorako eta asmakuntzetarako jolastoki aproposa ere izan daitekeena; edo horrela hartzen dute batzuek, behintzat.

Gutako zenbatek ez luke esango begiratu hitzak euskal jatorria duela eta begi- osagaia dagoela tartean? Bada, OEHk dioenez, bestelakoa da kontua:

Etim. De lat. uigilare. La vocal -e- se debe probablemente a la influencia de vasc. begi, por etimología popular. v. SHLV 34s. y PT 317.

 

Eta aizkora? Ez duzue inoiz entzun haitz+ gora konbinazioa dagoela jatorrian? Michel Morvanek berak jasoa du: 

e aitz "pierre" et gora "en haut".

 

Baina latinezko asciola omen da etimoa (OEH): 

Etim. Se supone tradicionalmente que aizkora tiene también que ver con haitz 'peña'. Schuchardt, sin embargo, pensó en lat. securis por intermedio bereber. Parece, con todo, que Gorostiaga Eusk 1958, 61, puede tener razón al pensar como origen en lat. asciola, con metátesis. Con todo, este origen, está ya expresamente indicado como conocido en Busca Isusi, Homenaje a J. Mendizabal (S. S., 1956), 84.

 

Beraz, kontuz ibili behar dugu etimologiekin. Denok maite dugu gure hitzen jatorrian euskarazko osagaiak identifikatzea. Baina, begiratu eta aizkoraren kasuan behintzat, badirudi alderantzizkoa dela historia: euskarazko itxura hartu dute berez erdal mailegu direnek, euskal osagaien bidezko analisi bat onartzeraino, edo guk hori ikusi nahi izateraino. Bihotz, berriz, batek daki; hain da erakargarria pentsatzea sistole-diastole zikloko bi taupadak organoaren izenean bertan txertatuak ditugula euskaraz…

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia