Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Aztarnategi paleontologiko

2018/05/04 Elhuyar

Zientzia-albisteetan maiz irakurtzen dugu aztarnategi paleontologiko berri bat aurkitu dutela eta ikerkuntzarako garrantzitsuak diren aztarnak ikusi dituztela han. Baina noiz erabiltzen da aztarnategi hitza eta noiz hobi hitza?

 

Aztarnategi paleontologiko bat aurkitu dutela irakurtzen dugunean, ziurrenik denok jakingo dugu zeri buruz ari den albistea. Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan irakur daitekeen gisan, aztarnategi paleontologikoa «balio paleontologikoko aztarnak dauden tokia da. Gehienetan, lurpean egoten dira eta indusketa beharrezkoa izaten da». Aztarnategi paleontologikoari fosil-aztarnategi ere baderitzo.

Aztarnategi hitza, paleontologiko hitzari ez ezik, beste hitz batzuei lotuta ere aurkitzen dugu maiz: Historiaurreko aztarnategi, aztarnategi arkeologiko, aztarnategi paleolitiko, aztarnategi megalitiko, aztarnategi erromatar… Horietan guztietan aztarnategi hitzaren esanahia bera da, eta honela definitu du Euskaltzaindiaren Hiztegiak: «lehen gizakiaren hezurren eta tresnen aztarnak aurkitu diren tokia».

Nahiz eta aztarnategi hitzaren esanahia argi egon, ikusi dugu garai batean beste adiera batekin erabili izan dela, gaztelaniazko yacimiento hitza euskaratu nahian; petrolio-aztarnategi eta gas-aztarnategi terminoez ari gara, hain zuzen.

Kasu horietan, hau da yacimiento, Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren arabera: «substantzia mineral nahiz fosil baten pilaketa naturala da, lehengai zein energia-iturri moduan erabil daitekeena, eta zorupean edo lurrazalean dagoena». Horri, euskaraz, hobi esaten zaio, eta ez aztarnategi.

Datuetan oinarritzen bagara, badirudi aztarnategi/hobi nahasteko joera hori zuzenduz joan dela. Hala erakusten dute, behintzat, kontsultatutako corpusen emaitzek.

Corpusa

petrolio-, gas-aztarnategi

petrolio-, gas-hobi

Lexikoaren behatokia

agerpen 1
(2012. urtean)

9 agerpen

Web-corpusen ataria

4 agerpen
(2002. urtean)

3 agerpen
(2002. urtean)

23 agerpen

Egungo Testuen Corpusa

2 agerpen
(2002. urtean)

190 agerpen

 

Beraz, ez ditzagun aztarnategi eta hobi hitza nahas, eta erabil dezagun bakoitza dagokionean. Kasuan kasu, aztarnategi paleontologiko eta petrolio-hobi edo gas-hobi.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia