Elhuyar zientziaren komunikazioa

Javier Armentia Fructuoso Astrofisikaria eta zientziaren dibulgatzailea

“Zientziaren dibulgazioa industria farmazeutikoaren kolaboratzaile izan da ia, txotxongilo bat bezalakoa”

2018/03/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iruñeko Planetarioko zuzendaria da Javier Armentia, eta Pentsamendu Kritikoa Sustatzeko Elkarteko zuzendari izandakoa. Gogor kritikatzen ditu sasizientziak, esandakoak ez frogatzeagatik, eta hori bezain gogor zientziaren jardun okerrak. Interesagatik jardutea egotzi dio zientziari. Biek dituzten arazo eta kontraesanak jarri ditu agerian Javierrek. Ez da isilik geratzen diren horietakoa.

zientziaren-dibulgazioa-industria-farmazeutikoaren
Arg. Iñigo Uriz/©Argazkipress
Berez astrofisikaria zara, ezagutza sortzetik ezagutza zabaltzera pasa zena. Nolatan eman zenuen urrats hori?

Iruñeko Planetarioaren proiektua sortu zenean, ni Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean nengoen, izarren eremu aktiboak ikertzen. Eguzkian dauden orbanak bezalakoak, baina beste izar batzuetan. Eta, egun batean, lagunekin bazkaltzen ari nintzela, egunkarian iragarki bat ikusi genuen: “Iruñeko Planetariorako zuzendaria behar da”, halaxe.

Oso planetario handia izan behar zuen, baina Nafarroan, astronomian tradiziorik ez zuen toki batean. Politikariei bururatutako aldrebeskeria gisa ikusten zuen gizarteak. Fardel ikaragarria izateko itxura guztia zuen proiektuak. Baina oso erakargarria, astronomia eta zientzia dibulgatzeko sortua baitzen. Nik atsegin handiz hartu nuen.

Zientziaren dibulgazioarekin batera, urte asko daramazu sasizientzien aurka borrokan. Zergatik hasi zinen lan horretan?

Gaur egun Pentsamendu Kritikoa Sustatzeko Elkartea den horretan lanean hasi ginenean, edozein zentzugabeko azalpen iristen zen egunkarietara: garunak materiaren gaineko ahalmenak zituela, objektu hegalari ezezagunak, hildakoen ahotsak grabatzen zituzten toki sorginduak… Orain, gizartea hasi da ulertzen zientziak hitz egin behar duela. Argi ikusten ari da, esaterako, azken bi urteotan homeopatiarekin gertatu den fenomenoan. Beherakada izugarria izan du. Lehen inork ez zuen kritikatzen. Zientzialari edo mediku batekin hitz egiten bazenuen, esaten zuten: “Ez, ez, ni ez naiz horretan sartuko. Nik nire lana baino ez dut egingo”.

Gaur egun, non ikusten dituzu arriskurik handienak?

Begira, badira zenbait gauza denbora eta dirua kentzen dutenak, baina badira beste batzuk bizia ere galaraz dezaketenak. Adibidez, medikuntzarekin erlazionatutako sasizientzia guztiak: petrikiloak eta modu traketsean medikuntza alternatibo deitu direnak. Nik uste hor dagoela esparrurik gogorrena. Urte hauetan ikusten ari gara gaixotasun larrienen aurrean zer fenomeno paralelo ari den gertatzen. Batez ere, minbizian.

Hortxe daude bioneuroemozioa, medikuntza germaniko berria… terapia ia espiritual horiek guztiak, esaten dutenak gaixotasuna, eta zehazki minbizia, ez dela geneen eta bizimoduaren ondorio, baizik eta norbere inguruko arazo psikologiko eta psikosozialen ondorio. “Zure jarrera negatiboa da, eta horrek sortzen dizu minbizia”. Lehengo sorginkerien parekoa da, “begizkoa egin dizute”, baina dirutza ateratzen dizuten terapia bihurtuta.

Bada ni asko haserretzen nauen zerbait: badago sektore bat bizimodu ekologista eta naturalarekin bat egiten duena, sozialki alternatiboa ere badena, ezkerrari lotua, halako sasiterapiez hitz egiten duen jendearen atzaparretan erori dena. Espiritualismorik zentzugabeenari heldu zaiona. Hitzaldiak ematen dira: nola fokalizatu energia mentala, “chi” delakoa… Energia kosmikoez ari dira hizketan, eta ez dago halakorik.

Arg. Iñigo Uriz/©Argazkipress
Neurozientziak eta epigenetika gaixotasunak ulertzeko gako berriak ematen ari dira, ordea. Badira kontu asko orain arte ezezagunak zirenak, eta aurrez kritikatu izan direnak. Izan daiteke zientziak oraindik ez duela ikusi hainbat kontu, agian aintzat hartu beharko liratekeenak?

Bai, noski. Horretan arrazoia ematen dizut. Orain ulertzen ari gara gauza batzuk, duela urte batzuk mespretxatzen zirenak. Adibidez, ingurumenaren eragina. Asko aurreratzen ari gara. Baina garrantzitsua dena da ikerketarako bide bat dagoela, eta hori da, hain zuzen, defendatu behar duguna.

Begira zer sentsibilizazio-mugimendu gertatu den azken 30 urtetan frogetan oinarritutako medikuntza baten alde. Gauza asko ohitura hutsez aplikatzen ari dira medikuntzan, ez direnak ondo ebaluatu; ikus dezagun zein terapiak, baita zein terapia alternatibok ere, funtziona dezakeen. Ea, akupunturak funtzionatzen du? Bueno, egin ditzagun azterketak eta hortik aterako dugu adostasun zientifiko bat, klima-aldaketarekin gertatu zen bezala. Orain inork ez du zalantzan jartzen. Gertatzen dena da datu horiek argitaratzen direnean, normalean ez direla izaten ez akupunturaren aldekoak, ez medikuntza holistiko edo energetikoen aldekoak.

Gizartearen sektore batek sasizientzien aurrean duen jarrerak kezkatzen zaitu. Baina nola baloratzen duzu gizarteak zientziaren beraren aurrean azaltzen duen jarrera? EAEko populazioaren ia % 60k uste du onena dela adituen esku uztea zientzia eta teknologiarekin lotutako interes orokorreko gaiak. Eta % 43k zientziaren esku uzten du munduko arazo handiak konpontzeko ardura, esaterako, klima-aldaketa edo munduko gosea.

Zientzia idealizatuta dago. “Zientzia da denok salbatuko gaituena”; beraz, esaten ari direna da “ez nau gehiegi kezkatzen”. Batzuek uste dute panazea izango dela, eta beste batzuengan zama handiagoa du beldurrak eta errezeloak. Baina dena, oso ikuspegi idealizatutik.

Egia esan, oso kritikoak izan behar dugu zientziarekin. Zientzia negozio handia da, eta farmazeutikoa da horren adibidea. Egia da kritika zientifikoa, oro har, eta zientziaren dibulgazioa, zehazki, ez dela izan kritikoa ugazaba handi horrekin —industria farmazeutikoarekin eta saltzen aritu zaigun botikekin—. Burua makurtu du, eta ia kolaboratzaile izan da, txotxongilo baten modura, sartzen ari zitzaizkigun porruetan.

Salaketa da bidea. Esaterako, botiken edo beste zenbait molekulen inguruko ikerketa klinikoa egiten denean, zergatik ez dira publikoak egiten ikerketa horiek? Ikerketa guztiak ezagutu nahi ditugu, ez bakarrik amaieran argitaratzen direnak; ikerketa bat bertan behera uzten denean, zergatia jakin nahi dugu. Zientzia oso erruduna da.

Izatez, bazterrean uzten ari gara zientziaren oinarrizko printzipio bat: gardentasuna. Alegia, ezagutzak izan beharko luke librea, doakoa eta sarbide unibertsalekoa. Ez gara inoiz iritsiko horra geneak patentatuz, ikerketa opakuak eginez… Amore eman dugu, eta akats erraldoia izan da. Iaz, zientzia biologikoen aurrerakuntza zientifikorik handiena izan da aurreargitalpen-sistema bat sortu dela, non jendeak ikusi ahal izango dituen modu libre eta doakoan laster argitaratuko diren argitalpen horiek. Funtsezkoa da hori.

Inoiz esan duzu zientziak nolabaiteko inpunitatea mantendu nahi izan duela, eta horretaz aprobetxatu.

Noski, jarrera hori askotan entzun izan dugu ikertzaileen ahotik: “Zertarako sartzen dute muturra? Horretaz zientzialariok dakigu!”. Horixe kritikatu daitekeela, nola ez, bada! Nola ez da izango kritikagarria hainbat herrialdek izan duten garapen nuklearra, esaterako? Enpresa elektrikoen probetxua bilatu da, hasieratik. Zientzia eta gai sozialak nahasten direnean konturatzen naiz zientziaren komunikazioa oso eskasa izan dela, inpunitate hori dela eta.

Fenomeno berezia gertatzen da hemen. Emakumeen gaian man explaining esaten zaion bezala, non emakumeari gizonak “azaldu behar dizkion” hainbat kontu, bada science explaining ere badago: “Ez, barkatu, ni naiz zientzialaria. Nik menperatzen dut fisika kuantikoa, eta zuri azalduko dizut, gizajo hori, nahi duzuna”. Nik uste aldatzen doala hori, baina dibulgazioaren parte handi bat halaxe izan da.

Arg. Iñigo Uriz/©Argazkipress

Kritikoak izan behar dugu zientziarekin. Zenbat eta zientzialari gehiago egon borrokan, eztabaida publiko horretan, defendatu behar direnak defendatzen eta besteei eraso egiten, hobe. Konpromisoa eduki beharko genuke.

Izan ere, XXI. mendean, zientzia izan daiteke hain arduragabea zerbait ezarri eta ehun urte barru konturatzeko mundua izorratu dugula? Konturatzen garenerako konponezina izango da. Nik uste jarrera hori ez dela gehiegi aldatu oraindik. Hori da nik zientziaren munduari egiten diodan kritika nagusia. Oraindik interes hutsagatik jarraitzen du aurrera egiten —izan ezagutzeko interesa, interes ekonomikoa, zein kontrolatzeko interesa—, ondorioak ondo aztertu gabe.

Esparru batzuetan ari gara aurrera egiten, baina bestetan oso motela da. Esparru energetikoa da horietako bat, non nire buruari galdetzen diodan: “Aizu, ikerketa zientifikoak ezin al dio eman irtenbide eraginkor bat horri, energia berriztagarriak kostu/irabazietan ikatz fosila bera baino eraginkorragoak izateko mugan dauden honetan?

Zientziaren barruan, oso konprometitua zaude homosexualen eta transexualen kolektiboarekin ere. Iaz LGTBIQ Zientzia bloga sortu zenuen. Zerk eraman zaitu horretara?

Bai, zerbait egiten hasi naiz, batez ere ez zegoelako ezer. Uste dut laborategietan beharrezkoa dela aniztasun sexualaren aldeko aldarrikapena, normalizazioaren bidea har dezan. Harrigarria da zientziaren munduan ez egotea zientzialari gay, lesbiana eta transexualen kolektiborik; oraindik mundu guztia armairuan sartuta egotea. Zientzian bada ezkutuan dagoen homofobia bat.

Horregatik, beren kondizio sexuala ezkutatu behar izan duten zientziako pertsonaiak ari naiz azaleratzen blogean. Adibiderik argiena Alan Turin matematikariarena da: Bigarren Mundu Gerrako heroia izanik ere, arazo larriak izan zituen homosexuala izateagatik, kimikoki zikiratzera behartzeraino... Edo Ben Barres neurozientzialari transexualarena. Genero-trantsizioa egin zuenean, beste zientzialari batek esan zuen: ”Hara, bere arreba baino zientzialari hobea da”.

Zer ekarpen egingo lioke zientziari kolektibo hori bistaratzeak?

Lagunei nire asmoa azaldu nienean, esaten zidaten: “Hori ez dut ikusten beharrezkoa. Ez dakit nola eragingo dion ekoizpen zientifikoari norekin oheratzen zaren”. Bere garaian ere esaten zen emakumeek ez ziotela ekarpenik egingo ikerketaren edukiari emakume gisa! Bada, ez dakit, baina egia da garai modernoetan aniztasun sexuala garunean ikertzeko kezka izan duen lehenengo neurozientzialaria homosexuala izan dela. Ziur naiz hori ez lukeela heterosexual batek abiatuko.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia