}

Zientzia herriarentzat eta herriarekin

2016/12/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erronka handiei egin beharko die aurre zientziak hemendik aurrera. Izan ere, haren finantziazioa baldintzatuta geratuko da: ikerketa eta berrikuntza arduratsua egiten ez duenak ez du Europako finantziaziorik jasoko. Eta argi definitu du Europak zer den zientzia arduratsua: gizartearen parte-hartzea bermatzen duena eta gizartearen kezkei eta arazoei irtenbidea ematen diena. Paradigma-aldaketa bat dakar horrek, eta zientzialarien erreakzioa eragin du jada.
zientzia-herriarentzat-eta-herriarekin
Arg. Pixabay

Ezagutza zientifiko eta teknologikoak bete-betean eragiten du gizartearen aurrerapen sozial eta ekonomikoan. Izan ere, zientziak zer norabide hartzen duen, gizarteak baliabide batzuk edo beste batzuk izango ditu aurrera egiteko. Horrek oinarrizko galdera batera garamatza: zientziaren norabidean herritarrek hitza eta erabakia hartu behar dute, edo ikusle pasiboak izan behar dira zientzian erabakiak “adituek” hartzen dituztelako?

Europak eztabaidarako tarte txikia utzi du horretan, jarrera argia agertu baitu: zientzia gizartearentzat egin behar da, eta, gainera, gizartearekin. “Gizartearekin” ideiak zientziaren deszentralizazioaren alde egin du, onartuz ezagutza ez dagoela laborategietan bakarrik. Zientzia gizarteko bestelako eragile batzuekin elkarrizketan egin behar dela finkatu du, haiei ere ezagutza aitortzen dielako: zentro teknologikoak, mugimendu sozialak, pazienteen elkarteak… Esaterako, baliteke pazienteek ez izatea zientzialarien pareko ezagutza, baina haien bizipenek lagundu diezaiekete zientzialariei arreta zertan jarri behar duten erabakitzen.

“Gizartearentzat” ideiak, ordea, emaitzei egiten die erreferentzia: gizarteak unean-unean dituen erronka handiei erantzutera bideratu behar da zientzia. Erronka nagusiak zein izan behar diren ere markatu du: klima-aldaketa, baliabideen urritasuna, gizartearen zahartzea eta arazo energetikoak, esaterako. Bi alderdi horiek bermatzen dituena da, Europar Batasunaren ustez, ikerketa eta berrikuntza arduratsua, RRI deitu duena (Responsible Research and Innovation).

Zientzia auzitan

“Horrek guztiak aldaketa kultural bat eskatzen du, zientzia ulertzeko beste modu bat: zientzia desberdinekin elkarrizketan produzitzen da. Zientzialaria ezin da marfilezko dorre batean egon, baizik eta kontziente izan behar du zer arazo dauden inguruan, eta erronkak konplexuak direla”, adierazi du Andoni Eizagirre Filosofian doktoreak. Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da Eizagirre, eta Europako deialdietara aurkezten diren ikerketa-proiektuak aztertzen ari da, zientzialariak RRI ikuspegia bere egiten ari diren ikusteko. “Onartzen badugu, eta horrek aldaketa sozialarekin du zerikusia, unibertsitateek eta garai bateko ikerketa-zentroek galdua dutela ezagutzaren monopolioa, alegia ezagutza deszentralizatzen ari dela unibertsitatetik beste eremu batzuetara (izan ospitaleak, izan gobernuz kanpoko erakundeak…), logikoena izango da haiekin elkarlanean aritzea. Zientzia sortzeko prozedura beste eragile batzuekin elkarrizketan sortzen badugu, haien kezkak eta arazoak identifikatzen baditugu… segur aski horrek berak erraztuko du emaitzek bat egitea herritarren kezkekin, desioekin eta itxaropenekin”.

Ikuspegi horrek, ordea, eta batez ere ikerketa zientifikoen finantziazioa bera baldintzatua ikusteak, zientzialari askoren erreakzioa eragin du. Baina zein da arazoa: Europa zientzialarien aurretik doala eta ikertzaileek aldaketetara ohitzeko denbora behar dutela, edo zientzia bera kolokan jartzen ari dela?

Arg. -

“Ez da gai erraza”, adierazi du Juan Ignacio Pérez Iglesias Animalien Fisiologiako katedradun eta EHUko Katedra Zientifikoaren zuzendariak. “Ni kritikoa naiz RRI kontuarekin. Nire ustez, baditugu kezkatzeko arrazoiak estrategia berri horrekin, ez bakarrik zientzialariok, baizik eta oro har gizarteak. Hori paradoxikoa izan daiteke, zientzia arduratsua izatea baita helburua, baina nik horrela ikusten dut. Izan ere, herritarrek ikerketari eta zientziari buruz duten pertzepzioa jakina da, eta ikerketa aplikatua deitzen dena lehenesten dute, ez oinarrizko ikerketa. Jendeak ez du baloratzen ezagutza ezagutzaren balio intrintsekoagatik, baizik eta ezagutzak dituen aplikazioengatik”.

“Ni seguru nago ­—gaineratu du Pérez Iglesiasek­— kalean galdetuko bagenio jendeari ‘aizu, zertan ikertu beharko litzateke?’, eta emango bagenizkio zenbait gai aukeran —bioteknologia, energia nuklearra, materia solidoaren fisika, kosmologia, minbizia, antibiotikoak, etab…—, jendeak esango lieke baietz antibiotikoei, minbiziari eta ingurumen-kontuei. Segur aski esango lieke ezetz energia nuklearrari eta bioteknologiari; batez ere, bioteknologiarekin batera transgenikoak jarriko bagenitu. Eta, azkenik, kosmologia, materia solidoaren fisika, partikula fisikoak, zelulen barruko garraio-sistema… ikertzeari ezetz esango lieke, edo behintzat ez lituzkete jarriko lehendabiziko postuetan”.

“Oinarrizko ikerketa gutxietsi eta ikerketa aplikatura bideratzea balitz irizpidea hemendik aurrera, galduta geundeke, aplikazioaren oinarrian oinarrizko ikerketa dagoelako. Zientzia eta ezagutza, eta kultura bera ere, pikutara joango lirateke”, gaineratu du. “Jendeari erabaki horietan parte hartzeko aukera emanez gero, RRIk horretan ez luke jokatuko arduratsu, lehenetsiko lukeelako gure eguneroko bizitzetako arazoak konpontzeko haien ustez balioko lukeen ikerketa. Nik politikariei entzun diet: ‘ez, orain, krisi-garaiotan, ez da momentua luxuzko gaietan ikertzeko. Orain momentua da kontu aplikatuetan ikertzeko’. Jende askori horixe iruditzen zaio, oinarrizko ikerketa luxuzko kontu bat dela”.

Zientzia, errepublika propioa?

“Oinarrian bada beste debate bat”, uste du Andoni Eizagirrek. “Zientziak eremu aske batean egon behar duela diote askok, ez duela inolako eraginik jaso behar. Hala diote: ‘Gu errepublika propioa gara. Komunitate zientifiko bezala gure arau propioak ditugu: zientzia ondo egitea zer den, zientzia arduratsua egitea zer den, hori dena gure barruko arauekin finkatua dago. Gainera, ezagutza guk daukagu; hortaz ez dago zertan ireki. Bestela, ezagutza erlatibizatu egiten da, eta hori arriskutsua da’. RRIren inguruan errezelo handia dago”.

“Oinarrizko ikerketan tradizio handia duten ikertzaile batzuek diote RRI moda iragankorra izango dela, baina nik ez dut uste. Nire ustez, RRI gelditzeko etorri da”, gaineratu du Eizagirrek. “Azkenean, aldaketa kultural bat eragiten ari da. Herrialde batzuetan jada ikusten da laborategietan diziplinartekotasuna benetan sustatzen ari dela. Agian, ñabardurak gehituko zaizkio, edo eremu batzuetara mugatu, baina jarraituko du”.

Izan ere, zientziak ezagutza ekartzen du, baina batzuetan inpaktu aurreikusi gabeak edo ez desiragarriak ere izan ditzake, eta horiek herritarrengan arrisku edo ziurgabetasun sentsazioa eragin dezakete. “RRIk zientzia, gizartea eta bien arteko harremana ulertzeko beste modu bat proposatzen du: ardurak partekatzea eta elkarrengandik ikastea”, gehitu du Andoni Eizagirrek.

Baina ikusten dizkio mugak ere: Europako deialdietara aurkezten diren ikerketa-proiektuak aztertu dituenean, argi ikusi du industria dela RRI ikuspegira errazen moldatzen ari dena, industriakoek argudiatzen baitute berek irekitzen ari direla prozedura beste eragile batzuetara (beste enpresetara izaten da) eta beren ikerketa orientatuta dagoela. “Horregatik, RRIri egiten zaion beste kritika bat da oso ekonomizista dela”.

Zerbait aldatuko litzateke zientzian ikertzaileen artean aniztasun handiagoa balego, adibidez, etnia, genero eta maila sozioekonomikoari dagokionez? Arg. Pixabay

Zientziak aniztasuna behar du

Digna Couso Fisikan lizentziatua eta Zientziaren Didaktikan doktorea da, eta, gaur egun, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzailea da, Zientzia Esperimentalen Didaktika atalean. Bere ustez, zientziak badu beste erronka handi bat, arduratsua izan behar badu: “Zientzian eta ingeniaritzan lan egiten duten pertsonen profila oso homogeneoa da: oso aniztasun etniko txikia dago, oso genero-aniztasun txikia, maila sozioekonomikoari dagokionez ere aniztasun txikia dago… eta hori arazo bat da. Aniztasun-faltak pobrezia ekartzen du, ikuspegiei dagokienez, baita galera ekonomikoak ere. Ikertu da zer kostu ekonomiko izaten duen ikerketa zientifikoetan generoaren ikuspegia ez txertatzeak. Adibidez, gertatu izan da 20 urtez medikamentu bat ikertu ondoren medikamentua gizarteratzea eta konturatzea oso kaltegarria dela menopausia duten emakumeentzat. 20 urtez ikertuta ere, ez da kontuan hartu medikamentu hori emakumeentzat ere badela... RRIk mahai gainean jarri duen beste erronka bat hau da: zientziak generoaren inguruko berrazterketa behar du”.

Gizartea zientziatik urruti

Zientzian aniztasuna eta herritarren parte-hartzea bermatzeko gizartean kultura zientifikoa eta ikuspegi kritikoa sustatu behar da. Izan ere, gaur gaurkoz, gizarteak nahiko jarrera pasiboa erakusten du zientziaren aurrerapenen aurrean. Zein da arazoa, herritarrek ezaguera zientifiko eskasa dutela?

Digna Cousoren iritziz, gizartea eta gazteak zientziatik urruti sentitzearen arrazoia ez da jakintza-falta. Hezkuntzaren erronka beste nonbaiten kokatzen du: “Ikasleek zientziaz zenbat dakiten baino garrantzitsuagoa da eskolak ikasleen jakin-mina, sormena eta jarrera kritikoa zaintzen dituen ala ez. Oinarri sendo batekin, bizitza guztian ikasten jarrai dezakegu. Benetan baldintzatzen gaituena gure gaitasunen pertzepzioa da; adibidez, zientzian onak ez garela pentsatzea. Horrek bai mugatzen gaitu. Eta gazte askok zientziatik kanpo uzten dute beren burua. Zientzia ez dute ikusten edozeinentzat: for white, brillant men. Gizonezko zuri eta bikainentzat”.

“Kezka handia eragiten digu ikasleek zientziarekiko duten ikuspegiak, zientzian bikaintasunaren kultura hautemateak. Uste dute zientzia bikainak direnentzat bakarrik dela, oso adimentsuak direnentzat; adimena oso modu mugatuan ulertuta, gainera: kalkulurako eta abstraziorako gaitasun handia dutenak. Zientzia hautemateko modu hori irakasleek eta gizarteak transmititzen dugu, eta zientzialariek ere laguntzen dute horretan. Baina badago beste gaitasun batzuk dituen jendea, haiek bezainbesteko ekarpena edo handiagoa egin dezakeena”.

Cousok azpimarratu du ezen, zientzian aniztasuna nahi badugu, neskengan arreta jarri behar dugula. “Ikerketek erakusten dute neskek autoestimu txikiagoa dutela zientzia eta teknologiako beren jarduerari dagokionez. Ingelesean 9 eta Matematikan 6 ateratzen duen neska batek uste du bera eskasa dela Matematikan; Matematikan 6 eta Ingelesean 4 atera duen mutil batek, ordea, uste du oso ona dela Matematikan. Hautemate horrek badu zerbait ez duena zerikusirik gaitasunarekin. Neskei esan behar zaie zientzian nahikoa onak badirela, zientziak behar dituela”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia