}

Zergatik uzten zituzten maiek beren hiriak eta lurrak?

2003/03/14 Elhuyar Zientzia

Bi mendetan, maiek atzean utzi zituzten berek eraikitako hiriak, bata bestearen atzetik, eta 950 urtearen ingururako, maien inperioa ia desagertuta zegoen. Arkeologoen ustez, lehorteak izan ziren gainbehera horren eragileetako bat. Orain, Science aldizkarian, susmo horren aldeko froga berriak argitaratu dituzte.

Maiek hartzen zituzten lurretan, eguraldiak aldaketa handiak izaten zituen urtaroaren arabera. Udan, euri-sasoian, alegia, Erdialdeko Amerikako ibaiek Venezuelaren iparreko arrora ur eta material asko eramaten zuten. Horren adierazle dira bertan dauden jalkinak. Neguan, berriz, ez zuen euririk egiten; jalkinetan, ordea, sasoi horretan ugaritzen ziren algek beren arrasto koloretsua utzi zuten. Jalkinak aztertuta, beraz, lehorte-garaiak gutxi gorabehera noiz izan ziren jakin ahal izan dute.

Alemaniako Ikerketa Geologikoen Zentroko ikertzaileek egindako ikerketa bati esker, gehiago zehaztu dituzte garai horiek. Ikertzaileek titanioa neurtu dute; hain zuzen, titanioa ez da eraldatzen aldaketa geokimikoen ondorioz, eta oso adierazle ona da gehitu den jalkin-kantitatea neurtzeko.

Neurketa horien bidez jakin dute mende batean ohikoa zen baino askoz ere euri gutxiago egin zuela eta urteak iraun zuten lau lehorte gogor izan zituztela denbora-tarte horretan. Ikertzaileen iritziz, litekeena da horren ondorioz utzi behar izatea maiek beren hiriak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia