}

Zer egin erabilera anitzeko plastikoen hondakinekin?

2001/11/11 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Egunkariaren orrialdetik burua altxatu eta begiratzen duzun lekura begiratuta, baietz plastikozko zerbaitekin topo egin. Plastikoek arintasun eta maneiagarritasun paregabea dute eta horregatik dira hain erabiliak, baina ez dira hainbestean ekologikoak. Plastikoak birziklatzeko zailtasunak oraindik asko dira, eta azkenean egokiena plastiko biodegradagarria ekoiztea izango dela diote ikertzaileek.

Plastikoz inguratuta bizi garela begi-bistakoa da. Guztia dago plastikoz josia; enpresak, biltegiak, bulegoak, erosketa-karroak, baita nekazaritza bera ere. Industria eta zerbitzu sektoreak eta etxeetako hondakinak dira plastikozko hondakinen iturri nagusiak. Bien artean, plastikozko hondakinen bolumenaren % 93 sortzen dute eta gainerako % 7 nekazaritzatik dator.

Egungo gizartean gero eta hondakin gehiago sortzen da eta horrek arazo ugari sortzen du.
Elhuyar

María José San José Alvarez eta Sonia Alvarez Pérez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek prestatutako txostenean agertzen denez, 1993. urtetik 1999. urtera, espainiar estatuan, plastiko-kontsumoak izugarri egin zuen gora. 1992an, pertsonako plastiko-kontsumoa 59,1 kg-koa zen eta, 1999an, berriz, 102 kg-koa. Ondorioz, 1999an, lau milioi tona plastiko baino gehiago ekoitzi ziren eta hiriko hondakin solidoen % 75 plastikozko ontziak izan ziren.

Baina, kontsumo-gizartearen legea erabiltzen den guztia, goiz edo berant, zakarrontzira botatzea da, eta plastikozko hondakinen kasua ez da salbuespena; gainerako hondakinekin batera edo, kasurik onenean bereizita, kaleko ontzi berde edo horian amaitzen dute.

Plastikozko produktuek balio-bizitza laburra dute, baina botatzen den lekuan luze irauten dute degradatu gabe. Ondorioz, zabortegietara bota beharrean, bestelako irtenbide batzuk topatu beharrean izan dira aditu eta politikoak. Irtenbide horietako bat erraustea izan zitekeen, baina konposatu poluitzaileak eta toxikoak aireratzen direnez, ez da begi onez ikusten. Birziklatzeari dagokionez, oztopoz beteriko bidea da, plastiko mota anitz egoteaz gain, produktuak ez direlako beti konposatu bakarrez osatuak. Irtenbidea plastiko biodegradagarria izango ote da?

Birziklatzearen arazoak

Egun hondakin mota bakoitzak dagokion zakarrontzia izan ohi du.
Elhuyar

Plastikoa birziklatzeko erak birziklapen mekanikoa eta balorazio energetikoa dira. Lehena da sistema zaharrena, eta estatu espainiarrean dauden 84 birziklapen-instalazioetan plastikozko hondakinen % 10 birziklatzen da. Balorazio energetikoaren bidez, berriz, % 5 soilik birziklatzen da. Gainerako % 85ak zabortegian amaitzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoan 1994an 5.495 tona plastiko-hondakin sortu ziren eta horietatik % 35,5 baino ez zen birziklatu. Gaur egun, birziklatzearen aldeko kanpainei esker, portzentaje hori igo egin da, baina oraindik ez dago azpiegitura egokirik. Bilketa, garraioa eta materialaren onarpena ez daude sistematizatuak eta, gainera, hainbeste plastiko mota eta erabilera egoteak are gehiago zailtzen du birziklapena.

Plastikoak birziklatzeko arazo nagusietakoa birziklapen-instalaziora plastikoa beste produktu batzuekin nahasIta iristea da. Adibidez, hozkailuetan dagoen poliestirenoa birziklatzeko, lehenik hozkailuko likidoa kendu behar da eta, horregatik, aukera handiak egon arren ez da ia-ia batere birziklatzen. Gauza bera gertatzen da nekazaritzan erabiltzen den PVCarekin ere. Negutegiak egiteko eta polietilenozko filmak eta hodiak egiteko erabiltzen den PVCa lur kantitate handiekin eta produktu fitosanitarioekin nahasten da, eta garbiketa garestia da. Industriako plastikozko hondakinak, aldiz, ondo sailkatuta, gutxi degradatuta eta garbi egoten dira eta birziklatzeko oso material erabilgarria da.

Plastikoa edonon aurki daiteke, baita bulegoetan ere.
Elhuyar

Garraioa ere birziklapenaren aldeko apustuarentzat oztopoa da, batez ere, dentsitate txikia duten plastikoen kasuan. Poliestireno puztuari dagokionez, oso dentsitate txikia duenez, instalazioa hondakina lortzen den lekutik hurbil ezarri behar da, bestela garraio kosteak prozesuaren bideragarritasuna eragozten baitute.

Bi oztopo nagusi horiez gain, birziklatzeko energiaren koste altuak, herrialde bateko eta besteko legediaren arteko desberdintasunak, hondakin birziklatuen erabilera ez bizkortzea eta birziklapen-ideiak sustatzeko bultzada falta ere aipatu behar dira.

Plastiko biodegradagarria noizko?

Argi dagoena zer da: edozein aplikaziotarako propietate egokiak dituen materia gero eta gehiago erabiliko dela. Baina degradatzea hain zaila bada eta erretzean konposatu poluitzaile eta toxiko asko aireratzen bada, zer egin ingurumena hainbeste ez kaltetzeko? Erantzuna orain arteko plastikoen propietate interesgarriak izango dituen plastiko biodegradagarria sortzea da, eta horretan ari dira laborategi askotako ikertzaileak. Italian, % 92,7 biodegradagarria den plastikoa egiteko sistema garatu dute. Hori da, orain arte, lortu den biodegradagarritasun-mailarik handiena.

Biodegradagarritasun-maila handiko plastikoa egiteko sistema Milango Unibertsitateko Bioteknologia Saileko zientzialari-talde batek garatu du. Osagai nagusia kortxo naturalaren estraktua da; hogei egun baino gutxiagoan degradatzen da, eta, gainera, ez du CFCrik (klorofluorokarburoa) isurtzen atmosferara. Plastiko berri hori uretan eta karbono dioxidotan deskonposa daiteke.

Proiektuaren arduraduna Luca Mattia katedraduna da. Mattiak azaldutakoaren arabera, orain arte egindako saiakeretan lortu den mailarik handiena % 60koa izan da, eta guztietan CFCa isurtzen zen. Oraingoan, ostera, % 92,7ra heltzea lortu dute, poluitzailerik isuri gabe, gainera. Adituen ustez, plastiko hori industriako produkturik garrantzitsuenetakoa izango da etorkizunean.

PLASTIKOZKO HONDAKINEI BURUZKO LEGEDIA

Europan gero eta hondakin gehiago dago eta beharrezkoa da lehenbailehen arazo horri irtenbidea ematea. Horregatik, Bosgarren Programa Komunitarioan, Europako Batasunak hondakinak poluzio-iturri izateaz gain, bigarren mailako lehengai gisa ere ikusi behar direla adierazi zuen. Noski, plastiko-hondakinak erabilgarri izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik birziklatzea.

Ontziak hondakinen bolumen nagusia direnez gero, Europako Batasunak ontziei buruzko 94/62/CE Europako Legedia proposatu zuen. Legedi horren helburuak hauek dira: hainbeste hondakin sortzeko gaur egungo joera aldatzea; hondakinak kudeatzeko aukeren hierarkizazioa (hondakin gutxien sortzen dituzten aukerei lehentasuna eman, eta hori ezinezkoa den kasuetan birziklapena indartzea), eta, azkenik, laguntza-neurriak antolatzea. Estatuek bost urteko epea dute lege berria aplikatzeko.

Europako Legediaren ondorioz, espainiar estatuan, ontzi-hondakinei buruzko Legedia 1997an ezarri zen martxan. Legedi horren arabera, 2001eko ekainaren 30a baino lehen ontzi-hondakinen % 10 gutxienez murriztu behar zen, % 25 baino gehiago birziklatu eta % 50 gutxienez balorizatu. Gainera, ontzi bakoitzaren pisuaren % 15 birziklatu behar zen.

Memento honetan, espainiar estatuan, Europako legediaren arabera birziklatu behar den plastikozko hondakinen erdia birziklatzen da, ez dagoelako plangintza egokirik eta birziklatutako plastikoa ez delako lehen eskuko plastikoa bezain kalitate onekoa. Izan ere, bi plastiko-motak lehian sartzen dira, eta plastiko birziklatuak kalitateko plastikoa behar ez denean baino ez dira erabiltzen, hala nola, zaborretako poltsak edo ureztatzeko hodiak egiteko, bestea beste.

Plastiko mota desberdinak

PVC (polibinil kloruroa)

Nekazaritzan eraikuntzarako edo nekazaritzarako hodiak, kableak pertsiana profilak... egiteko erabiltzen da batez ere

LDPEa (dentsitate txikiko polietilenoa)

Nekazaritzan filmak eta hodiak ekoizteko erabiltzen da eta industrian paketeak egiteko eta industri zakuak egiteko erabiltzen da

PPa, (polipropilenoa)

Ongarri zakuak egiteko eta automobilaren arloan injekzio piezak ekoizteko

HDPEa, (dentsitate altuko polietilenoa)

Injekzio kutxak, bidoiak eta hodiak ekoizteko

PSa, (poliestirenoa)

Etxetresna elektrikoak eta xaflak egiteko

PETa, (polietileno tereftalatoa)

Filamendu bakarrekoak eta beste batzuk lortzeko eta poliamidak automobilaren piezak, elektrizitate gailuak, etxetresna elektrikoak egiteko

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia