}

Zer dira quasarrak?

2002/10/10 Elhuyar Zientzia

Quasarra urrutiko galaxien nukleoa da. Oso distiratsua denez haren argia Lurreraino iristen da. Edo ez? Hori da, behintzat, orain arte eman ohi den azalpena. Dena dela, zalantzak daude. Margaret Burbidge-k eta ospe handiko beste astronomo batzuek quasarrek hurbileko galaxiekin zerikusia dutela proposatu dute. Hain zuzen ere, quasar gehienak hurbileko galaxien inguruan detektatu dira, oso aktiboak diren galaxien inguruan, alegia. Horregatik, azken astronomo horien ustez, quasarrak galaxia aktiboek ‘jaurtitako’ izar-multzoak dira. Argazkietan quasarren eta galaxiaren arteko lotura fisikoa ikusten da, argi-zubi estuen itxurakoa.

Hala eta guztiz ere, azalpena ez da hain sinplea, noski; beste hainbat ezaugarri hartu behar dira kontuan. Adibidez, quasarren gorriranzko lerradura azaldu behar da. Galaxia guztiek, Dopler efektuaren ondorioz, igortzen duten argia gero eta gorriagoa da; Edwin Hubble astronomoak efektu hori ikusita aurkitu zuen unibertsoa etengabe hedatzen ari dela. Baina quasar bat galaxia jakin batekin lotuta baldin badago, lerradura bera izan beharko lukete, eta hori ez da gertatzen. Burbidgeren ustez, quasarren lerradurak unibertsoaren hedapenarekin zerikusirik ez duen berezko azalpena du.

Eztabaida bizia da. Astronomo batzuek ez dute aurkitzen Burbidgeren hipotesiaren frogarik, ez lerradurari dagokionez, ezta lotura-zubiei dagokionez ere. Dena dela, argi-zubia ikustea argazkiaren kalitatearen mende dago batzuetan, eta, beraz, Burbidgeren taldekoen hipotesiak ez du indarrik galdu.

Nolanahi ere, eztabaidak ez du erantzun argirik. Zer ote dira quasarrak?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia