}

Zenbat petrolio gelditzen zaigu? Noiz agortuko dira erregaiak?

2001/12/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

1972an Erromako Klubak iragarri zuen petrolioa laster agortuko zela, eta 1970eko hamarkadan zabaldu zen usteak zioenez, gutxi gorabehera 2025. urterako ez zen ia petroliorik izango. Usteak erdiak ustel, gaur egun badakigu 2025. urtean petrolioa izango dugula oraindik. Noiz arte baina? HIDROKARBUROAK GAS NATURALA

Lurrean dauden energia primarioetarik (petrolioa, harrikatza, gas naturala, zura, uranioa, etab.) petrolioa eta gas naturala dira garrantzitsuenak: gaur egun munduan erabiltzen den energia primarioaren % 60 baino gehiago petroliotik eta gas naturaletik lortzen da. Duela 100 urte baino gehixeago hasi ginen petrolioa industrialki ustiatzen; gas naturalaren erabilera, berriz, askoz berriagoa da. Petrolioak garrantzi handia du garraioan, beroa sortzeko eta industria kimikoan; gas naturalak industria kimikoan eta elektrizitatea eta beroa sortzeko. Petrolioaren eta gas naturalaren produkzio osoaren % 5 bakarrik erabiltzen da industria kimikoan materialak sortzeko (plastikoak sortzeko, adibidez). Portzentaje hori birziklatu eta berrerabili egin daiteke; beraz, ez da galtzen. Gainerakoa, % 95, erre egiten da eta, hortaz, ezin da berriro erabili.

Hidrokarburoak (petrolioa eta gas naturala) baliabide mugatuak dira. Munduan urtean urtean kontsumitzen ari garen petrolio eta gas naturalaren kantitatea sortzeko, milioika urte behar izan ditu naturak, eta, gizateriaren historia osoa harturik, petrolioaren aroa oso aldi laburra da. Hidrokarburoen aroak zenbat iraungo duen —petrolioa eta gas naturala noiz agortuko ditugun, alegia— oso galdera interesgarria da, eta mundu osoan adituek galdera horren erantzuna zehazten dihardute. Gaian sartzeko, termino batzuk argitu behar dira. Ondoko taulan hidrokarburoak nola sailkatzen diren ikus daiteke.

Zer dira erreserbak?

Hobietan aurkitu diren hidrokarburo-kantitateak eta gaur egungo teknologiarekin modu ekonomikoki errentagarrian eskura daitezkeenak. Petrolio gordin konbentzionalari dagokionez, hobian benetan dagoen petrolio-kopuruaren % 30 eta % 50 bitartean jotzen da erreserbatzat. Gas natural konbentzionalari dagokionez, berriz, % 60 eta % 90 bitartean. Hobian dagoen gainerako petrolioa edo gas naturala ateratzea ez da, gauregun, ekonomikoki errentagarria.

Zer dira baliabideak?

Duela 100 urte pasatxo hasi ginen petrolioa industrialki ustiatzen.

Geologikoki antzeman diren kantitateak, baina gaur egungo baldintzetan modu ekonomikoki errentagarrian ezin eskura daitezkeenak, bai eta, oraindik antzeman ez badira ere, arrazoi geologikoetan oinarriturik, eskualde jakin batean aurkitzea espero dena ere (oraindik aurkitu gabeak). Erreserbetan bezala, benetan atera litekeen kopurua soilik hartzen da kontuan. Erreserbei buruzko datuen aldean, baliabideei buruzko datuak ez dira oso zehatzak, baina hori normala da, baliabideei buruzko informazio zehatz gutxiago dagoelako.

Erreserben eta baliabideen egoera globala aztertzeko orduan, petrolio gordin konbentzionala eta gas natural konbentzionala baino ez dira kontuan hartzen. 1940ko hamarkadatik eta 1980ko hasiera bitartean, petrolio gordinari dagokionez, gehienez eskura daitekeen kopuruari buruzko zenbatespen gero eta handiagoak egin dituzte adituek.

Geroztik, adituen zenbatespenak 200.000 eta 400.000 milioi tona bitartean egonkortu dira. Alemaniako BGR (Bundesanstalt für Geowissenschaften und Rohstoffe) erakundearen arabera, 2000. urtean gehienezko zenbatespena (GZ) 360.000 milioi tona ingurukoa da. Estatu Batuetako USGS (United States Geological Survey) erakundeak 450.000 milioi tonako balioa ematen du GNIak (gas naturalaren isurkariak) ere kontuan harturik.

Esan bezala, GZaren balioa igoz joan da historikoki, baina hazkundea gero eta txikiagoa da: gehienezko baliora hurbiltzen ari da asintotikoki.

Eta petrolio gehiago aurkitzen bada?

Petrolioa eta gasa garraiatzeko, gasbide eta oliobideak erabiltzen dira.

Oraindik aurkitu gabeko petrolio-hobiak non egon daitezkeen oso ondo ezagutzen dute adituek. Hortaz, hobi erraldoi berrien aurkikuntza ikusgarriak nekez gertatuko dira, hobien banaketa sakonerak eta tenperaturak mugatzen dutelako. Hortaz, GZaren balioa handitu lezakeen faktorerik garrantzitsuena jadanik ezagutzen diren hobietako eskuratze portzentajea handitzea da. Gaur egun, eskuratze-koefizientea 0,3 eta 0,5 bitartekoa da, hau da, gehienez ere, hobietan dagoen petrolioaren erdia baino ez da eskuratzen. Baina, koefiziente hori igotzeko, petrolioa ateratzeko teknologia hobetu behar da, eta petrolioaren prezioak ere igo behar luke orain hobietan gelditzen den petrolio hori ateratzea errentagarria izan dadin.

Petrolio-produkzioa hemendik aurrera konstantea izango dela edo pixkanaka igoko dela joz gero, GZaren arabera munduan dagoen petrolio konbentzionalaren erdia aterata egongo da hemendik 10 eta 30 urte bitartean. Une horri ‘agortze-erdiko puntua’ esaten zaio, eta mugarri adierazgarria ezarriko du petrolioaren produkzioan. Izan ere, oso ondo ezagutzen diren hobietako produkzioaren kurba historikoek frogatzen dutenez, badakigu petrolioaren produkzioa murrizten hasten dela puntu horretara iritsiz gero.

Eta gas naturala?

Gas naturalari dagokionez, nork esaten duen, GZaren balioa 350 eta 500 bilioi metro kubikokoa da. Alemaniako BGRk 418 bilioi metro kubikoko balioa eman du, eta Estatu Batuetako USGSk 436 bilioikoa. 1980ko hamarkadaz geroztik, GZaren balioa igoz joan da, erreserbak eta baliabideak igoz joan direlako. Gainera, gas naturalaren sektorea biziki garatu da azken 20 urteotan, petrolioaren prezioa igo delako eta ingurugiro babesteko eta energia-iturriak anizteko nahiagatik; ondorioz, ezagutza geologikoa ere askoz handiagoa da orain. Hala ere, gasaren esplorazioa ez dago petrolioarena bezain garatuta.

Petrolioa garraioan, beroa sortzeko eta industria kimikoan erabiltzen da.

1. irudian petrolioaren eta gas natural konbentzionalaren GZa eta iraupena ikus daitezke. Irudiaren ezkerraldean oso garbi ikusten da petrolio konbentzionalaren egoera kritikoa. Munduko petrolioaren % 35 dagoeneko atera eta erabili dugu, eta produkzioaren gailurra laster iritsiko da: agortze-erdiko puntua 2010. eta 2030. urteak bitartean izango da. Energiaren Nazioarteko Agentziak 1998an egindako iragarpenaren arabera, urteko ehuneko 2ko hazkunde-tasa joz gero, munduan orain gelditzen den petrolioaren erdia 25 urte barru aterata egongo da, eta gaur egun ezagutzen diren erreserba gehienak agortuta egongo dira.

Gas naturalaren egoera askoz hobea da. Irudiaren eskuinaldean ikus daitekeenez, munduko gas naturalaren % 15 baino ez dugu erabili orain arte. Urteko produkzioaren hazkundea % 3koa izango dela joz gero, Energiaren Nazioarteko Agentziak iragarri bezala, 2025. urterako gas naturalaren GZaren ia % 40 agortuta izango dugu (gutxi gorabehera egoera horretan dago petrolioa gaur egun). Agortze-erdiko puntura ez garairitsiko 2025ean, ezta % 6ko hazkunde-tasa jota ere. Gainera, agortze-erdiko puntua ez da hain adierazgarria gas naturalaren produkzioan. Izan ere, gas-hobien produkzioa nahiko konstantea da, agortze-erdiko puntua igarota ere.

Eta petrolioaren prezioa zer?

Petrolioaren prezioak gorabehera nabarmenak izan ditu azken 25 urteotan: adibide gisa, hor daude 1973ko eta 1979ko “petrolio-krisiak”, eta 1997az geroztik izan diren gorabeherak. Prezio-aldaketak ondorio garrantzitsuak ditu: prezio-igoera handiak zama larria dira petrolioa inportatzen duten herrialdeentzat, baina ondorio positiboak ere badituzte, kontsumitzaileak lehengai hori aurreztera bultzatzen dituelako.

Petrolioarentzat alternatibak aurkitzeak lehentasun handiko lana izan behar du.

Prezioa igotzen denean, petrolio-konpainiak prestago daude esplorazioa areagotzeko eta lehenago errentagarritzat jotzen ez ziren petrolio-hobiak ustiatzen hasteko. Beste muturrean, petrolioaren prezioa larregi jaisten bada, kontsumitzaileentzat mesedegarria izango da, itxuraz, baina jaitsierak herrialde petrolio-esportatzaileen diru-sarrerak murriztuko ditu, eta, ondorioz, petrolio-hobi berriak bilatzeko ahalegina ahuldu egingo da. Horrek esan nahi du denboraldi baten buruan erreserbak murriztu egingo direla eta, ondorioz, prezioa igo egingo dela. Hornidura-eskasia badago, prezioa igo egingo da.

Teknikariek eta zientzialariek diotenez, ia ezinezkoa da petrolioaren prezioari buruzko iragarpen fidagarririk egitea, zeren ezin kalkula daitezkeen faktore askok eragiten baitute prezioan. Adibidez, Estatu Batuetako Energia Departamentuak egin zuen iragarpenaren arabera, 2020. urtean petrolioaren prezioa upeleko 22,5 dolarrekoa izango da, eta Energiaren Nazioarteko Agentziak 28 dolarreko prezioa iragarri du: 2001. urtean bertan bi prezio-muga horiek gainditu ditu jada petrolioak. Taxuzko iragarpenik ezin egin daiteke, beraz, baina gauza bat behintzat iragar daiteke: etorkizunean petrolioaren prezioak iraupen laburreko gorabehera handiak izango dituela.

Munduko populazioak eta erregai fosilen kontsumoak 1800etik izan duten bilakabidea erakusten du 2. irudiak, eta 2100. urtea bitartean izan lezaketen bidea ere iragartzen du. Badirudi petrolioaren produkzioaren gailurra XXI. mendearen lehen erdian iritsiko dela, eta gas naturalarena mendearen erdialdean edo geroxeago. Ikatzaren produkzioa igo egingo da zenbaki absolutuetan, baina energia primarioan duen parte-hartzea murrizten ari da. Uste izatekoa da energia-kontsumoa handitu egingo dela, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan gertatuko den populazioaren hazkundeagatik.

Petrolioaren produkzioa —eta, geroago, gas naturalarena— murriztu egingo dira ezinbestean. Petrolio eta gas natural ez-konbentzionalek, haien kantitatea hidrokarburo konbentzionalena baino handiagoa dela uste baita, hutsunea bete ahal izango dute, baina neurri batean bakarrik: produkzio-kostuak askoz handiagoak izango dira, eta, gainera, arazo teknologikoak eta ingurugirokoak gainditu beharko dira. Egoera hori ikusirik, eta klima-aldaketaren arazoa kontuan harturik, ezinbestekoa da petrolioa eta gas naturala aurrezten ikastea. Eta hidrokarburoetarako alternatiba egokiak aurkitzeko ikerketak lehentasunezko zeregina izan behar du.

1. irudia. Gehiegizko zenbatespena (GZ) eta petrolio eta gas natural konbentzionalaren eskuragarritasuna (Gt = gigatonak; bil. m 3 = bilioi metro kubikoak). Iturria: Bundesanstalt für Geowissenschaften und Rohstoffe (BGR) GZak hiru zati ditu: orain arteko produkzio metatua, erreserbak eta baliabideak. Hasierako puntuak (0 puntua) gaur arte zenbat petrolio eta gas natural konbentzional atera den erakusten du. Gainera, 25 urte barru egongo den produkzio metatua erakusten da hainbat hazkunde-hipotesiren arabera: ehuneko 0 eta ehuneko 6 bitarteko urteko hazkunde-tasak kontuan harturik.
2. irudia. Munduko populazioaren eta erregai fosilen kontsumoaren bilakabide historikoa eta iragarpena. Iturria: Bundesanstalt für Geowissenschaften und Rohstoffe
BGR

Petrolioa (petrolio gordina)

Petrolio gordin konbentzionala

  • Petrolio gordina (0,8 g/cm 3 eta 0,934 g/cm 3 bitarteko dentsitatea)
  • GNI edo gas naturalaren isurkariak edo likidoak (0,8 g/cm 3 -rainoko dentsitatea)

Petrolio ez-konbentzionala

  • Petrolio astuna (0,934 g/cm 3 eta 1,0 g/cm 3 bitarteko dentsitatea)
  • Petrolio estrastuna
  • harea bituminosoak
  • eskisto bituminosoak
  • petrolio sintetikoa (gas naturaletik –gasetik likidora– edo harrikatzetik)

Gas natural konbentzionala

  • Gas ez-asoziatua (petrolio-hobien ondoan ez dagoena)
  • Gas asoziatua (petrolioan disolbaturik dagoena)

Gas natural ez-konbentzionala

  • Harrikatz-hobiko metanoa
  • Akuifero-gasa
  • Oso iragazkortasun txikiko hareetako gasa (‘Tight gas’)
  • Gas-hidratoak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia