}

Zementua garaile VII. Tesi Sarian

2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zementua garaile VII. Tesi Sarian
2009/07/01 | Elhuyar
Juan José Gaitero Redondo eta Ekaitz Agirregoitia Marcos, VII. Tesi Sariko irabazleak.
Rakel Lopez

Espermatozoideen mugikortasunari buruzko lan batentzat izan dira bigarren saria eta euskarazko lanik onenaren aipamen berezia

Zazpigarren urtez, Elhuyar Fundazioak Tesi Saria antolatu du. Edizio honetan, hiru sariak Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek jaso dituzte. Lehenengo saria Juan José Gaitero Redondo ikertzaileak jaso du, Doctor, creo que mi casa tiene osteoporosis (Mediku jauna, uste dut nire etxeak osteoporosia duela) lanarengatik. Zementutik abiatuta, material horren degradazio-prozesua eta hezurretako osteoporosia edo hezurren desmineralizazio orokorra alderatzen ditu ikertzaileak modu erakargarri batean. Zementuaren degradazio-prozesua azaltzen du, eta, hori arintzeko, nanopartikulen erabilera proposatzen du. Gaia oso interesgarria izateaz gain, konparaketaren errekurtsoa erabili du ikertzaileak gaia erakargarri egiteko, eta bi puntu horiek nabarmendu ditu, hain zuzen ere, epaimahaiak lan horri lehenengo saria ematerako orduan. Lan horregatik, ordenagailu eramangarri bat eta landetxe batean asteburua igarotzeko aukera jaso ditu Juan José Gaiterok, Sistek Informatica y Microsistemas eta Nekatur elkartearen laguntzari esker.

Bigarren saria, eta baita euskarazko lanik onenaren aipamen berezia ere, unibertsitate bereko Ekaitz Agirregoitia Marcos ikertzailearentzat izan da, Opioideak eta kannabinoideak: espermatozoideen mugikortasunaren zaindariak izeneko lanarengatik. Ernalketa-prozesuaren eta horrekin zerikusia duen espermatozoideen mugikortasunaren ingurukoa da lana. Jakina denez, ernaltzeko, obulua prest dagoenean iritsi behar dute espermatozoideak hara; ez lehenago, ez geroago. Besteak beste, gorputzak sortzen dituen barne-opioideek eta barne-kannabinoideek kontrolatzen dute espermatozoideen abiadura. Modu horretan, espermatozoideek, obulura hurbiltzeko ibilbidean aurkitzen dituzten opioide- eta kannabinoide-moten eta horien kontzentrazioaren arabera, abiadura areagotu edo moteldu egingo dute. Ondorioz, lan horrek obuluen in vitro ernalketa errazteko bidea ireki lezake. Lan honen inguruan, epaimahaiak nabarmendu du txukuna eta argia dela idazkera, eta tesiaren muina ondo azalduta dagoela. Lan horregatik bigarren postua eta euskarazko lan onenaren saria lortu ditu Ekaitz Agirregoitiak. Ondorioz, argazki-kamera digital bat, landetxe batean asteburu bat pasatzeko aukera eta MP4 irakurgailu bat irabazi ditu.

Aurten, 62 lan aurkeztu dira guztira sariketara, eta, lehenengo aldiz, edozein ikasketa-alorretako tesiak onartu dira. Euskal Herriko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko nahiz Deustuko Unibertsitateko lanak jaso dira. Epaimahaiak, lan irabazleak aukeratzeko, ikerketaren muina era erakargarrian eta dibulgatiboan eta terminologia egokia erabiliz azaltzeko gaitasunari eman dio garrantzia. Sariketara aurkeztu diren lan guztiak www.basqueresearch.com webgunean daude ikusgai.

1
255
2009
7
001
Sariak; Unibertsitateak
Albisteak
6

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia