}

Zazpi planeta topatu dituzte, izar gorri nano baten inguruan

2017/02/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hamar teleskopio erabilita, eta nazioarteko lantalde handi baten elkarlanaren ondorioz,  Lurraren antza duten zazpi planeta topatu dituzte, 40 argi-urtera dagoen nano gorri hotz baten inguruan. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta prentsaurreko baten bidez gizarteratu du NASAk.

zazpi-planeta-topatu-dituzte-izar-gorri-nano-baten
TRAPPIST-1 sistemaren irudikapena. Arg. NASA/JPL-Caltech

Hain zuzen ere,  NASAren Hubble eta Spitzer teleskopio espazialaren datuak erabili dituzte, besteak beste, eta azken horren behaketak gako izan dira zazpi planeten parametroak ezagutzeko. Are gehiago, zazpigarren planeta Spitzerrek bakarrik detektatu du, trantsitu bakarrean. Hortaz, beste tresna batzuen bidez detekzioa baieztatu zain daude oraindik.

Proiektuaren zuzendaria, berriz, Michael Gillon, Liejako Unibertsitateko astronomo bat da, eta 60 cm-ko bi teleskopioren bidez bilatzen ditu exoplanetak. Haietako bat Txilen dago, eta bestea, Marokon. Eta horien guztien eta beste zenbait teleskopioren datuak elkartuta lortu dituzte emaitzak.

Behatutako izarra, TRAPPIST-1 nano gorri hotza, lehendik ere ezagutzen zuten, eta iaz bertan jakinarazi zuten bazituela planetak. Orduko hartan, hiru detektatu zituzten, haietako bat, eremu habitagarrian, ustez. Orain, beste lau ere badaudela ikusi dute, eta lau dira, hain justu, eremu habitagarrian omen daudenak.

Haiek detektatzeko, trantsituaren metodoa erabili dute, eta, neurria ez ezik, haien masa ere kalkulatzeko gai izan dira, TTV teknikan oinarrituta (Transit Timing Variations). Horregatik, gure gertueneko izarraren inguruan dagoen Proxima b planetaren kasuan ez bezala, orain bai esan dezakete Lurraren antzekoak direla, ez neurrian bakarrik, baita masan ere.

Zenbateraino dira habitagarriak?

Orbitatzen duten izarra Eguzkia baino askoz ere txikiagoa eta hotzagoa denez (gure Eguzkiaren masaren % 8 baino ez du), eremu habitagarria Lurrarena baino askoz ere gertuago dago izar horretan. Eta hortxe daude planetok, izarretik gertu-gertu. Hala, haien orbitak 1,5 eta 20 egunen artekoak dira.

d, e, f, eta g planeten orbitak. Arg. Gillon et al.

Eguzkiaren eta planeten arteko distantzia aintzat hartuta, d, e, f, eta g planetak izan daitezke habitagarriak, haiek izango bailukete ur likidoa izateko aukera. Eta hori da habitagarritzat jotzeko hartzen den irizpidea.

Alabaina, ez dakite nano gorriek igortzen dituzten X izpietatik eta partikuletatik babes ditzaketen eremu magnetikorik ezta atmosferarik ere ba ote duten. Planeten dentsitatea aztertuta, badirudi metal gutxi eta konposatu lurrunkor asko dituztela; hortaz, litekeena da atmosfera izatea, baina hori da, oraingoz, dakiten bakarra. Gainera, baliteke beti aurpegi bera erakustea euren eguzkiari, eta hori ez da mesedegarria bizia sortzeko eta garatzeko.

Edonola ere, atmosferak ikertzeko modua izango dutenez, aparteko laborategi bihurtu dira bestelako munduak ikertzeko, eta bizi estralurtarra bilatzeko. Eta izango dira, seguru asko, horren antzeko aurkikuntza gehiago, orain izar gorri nanoetara bideratu baitute exoplaneten bilaketa, haiek baitira Lurraren antzeko planetak izateko aukera gehien dutenak. Eta haiek dira, baita ere, izar ugarienak Unibertsoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia