}

Zarauzko erriberetako parkea

1988/02/01 Zarauzko Izadi Taldea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Parke honen helburua ekosistemak ezagutzea, maitatzea eta babestea izan arren, didaktika-mailan dituen posibilitateak ezinhobeak direla uste dugu. Euskal Herriko kostaldeko ekosistemak oso murrizturik aurkitzen direnez, hauetariko azkenetako bat berreskuratu, babestu eta ordenatu nahian, Zarauzko Izadi Taldeak zona horretan egindako aurreproiektuaren berri ezagutzeko aukera izango dugu.
Parkearen aberastasunak.

Hasieratik PARKE hitza ikusteak harrituko du zenbait, baina ez du horrek ezer harritzekorik. Parke hitzak berehala zerbait zaindua eta babestua dakargu burura, eta badira parke urbanoak, mendi-parkeak, parke naturalak, etab. Parke-mota guzti hauen artean Erribera parkeak ere izaten dira; ibai- edo erreka-ertzen inguruan sortzen direnak alegia. Baina, azter ditzagun parke honen mugaketa eta garrantzi ekologikoa.

Euskal Herriko kostalde basatia, ez da toki egokia haizearen ekintzaz dunak sortzeko. Hori dela eta, Zarauzko ekialdeko hondartzan aurkitzen den duna-lerroa erlikia ekologikoa dela baiezta dezakegu.

Parkearen airetiko argazkia.

Kostaldeko dunek ekosistema berezia osatzen dute. Itsasoarekin oreka dinamikoan dagoen sistema osatzen dute, eta bertan agertzen diren bizidunek, maila handiko espezializazioa lortu behar izan dute beren iraupena ziurtatzeko.

Itsasotik barrura abiatzen garenean, Zarauzko padura topatzen dugu. Padura hauek era guztietako presioak jasan dituzte, gure ibai eta erreketako bokaleetan bakar batzuk bakarrik gelditzen direlarik. Hurrengo orrialdeetan, padura hauek ekologi aldetik oso garrantzitsuak direla ikusiko dugu.

Itsasotik urrutirago, ur gaziko padura ur gezako padura bihurtzen da, beste landare- eta animali mota desberdinak agertzen direlarik.

Zarauztarrek zona hauei erribera deitzeko ohitura izan dutenez, Erriberetako parkea izendatu dugu.

Duna mugikorra.

Bertan lezkadiak nahikoa ugari izaten dira, bertako faunarentzat bere kontserbazioa ezinbestekoa delarik.

Aipatzekoak dira, eta oso garrantzitsuak gainera, parkearen barruan agertzen diren beste ekosistemak ere: itsas labarrak, itsas maldak eta harraldea. Lehenago aipatutakoek hauekin batera osatzen duten ekosistema-multzoa, parkearen barruan integratzen da, osotasun hori mantentzea oso garrantzitsua izanik.

Parkearen ekosistema desberdinak aztertu baino lehen, bere historia geologikoaren laburpena egingo dugu.

Zarauzko historia geologikoa, oso interesgarria gertatzen da, bertan sortutako diapiroak inguru honen egitura geologikoa markatu duelako. Horregatik historia honen barruan diapiroak izandako aldaketak, labur aztertuko ditugu.

Baina zer dira diapiroak? Oso plastikoak diren harri batzuk. Zarauzko egoeran, buztina eta igeltsuak hain zuzen. Esfortzu baten edo batzuen eraginpean presiorik txikieneko aldetara jotzen dute. Esfortzu hauek alboetatik eta goitik direnean, barneko materialek gorantz joko dute beren gainerako geruzak deformatuz eta apurtuz. (Ikus ondoko argazkia).

Astiko padura: erreka eta lezkadia.

Behe-tertziarioan (66-23 m.u.), diapiroak bere prozesua segitzen zuen. Ondoren, Europa eta Iberia plakek talka egin zuten. Horren ondorioz Pirinioak altxatu ziren eta berarekin batera, Zarauzko itsas azpian, diapiroak sortutako edo utzitako material guztiak ere bai.

Hemendik aurrera higadura bortitzak eraso zion inguru guztiari eta diapiroak utzitako material bigunak erraz higatu ziren, bitartean material gogorrek (Sta. Barbara eta Talaimendi-k) bertan irauten zutelarik.

Historia geologikoaren laburpena ikusi ondoren, paisaia, fauna eta landaretza aldetik aipamen bat egingo dugu.

Urteak eta urteak igarota, itsasoaren aurreratze eta atzeratzearen gorabeherak, haizearen ekintza, higadura eta abar izan zituela eta, Zarauzko erribera osatu zen. Aurrekaldean, itsasoari begira harea-muino luze bat, haizearen ekintzaz eratu zen, hegoaldera buztinaren gainean erribera ederra osatu zelarik. Nola edo hala, barrukaldean kokatzen zen ura itsasoratu egin behar eta errekatxo asko osatu zen, hauek azkenean handiago batean elkarturik. Harea-muinoa zeharkatuz, urak itsasora iritsi ziren. Hain zuzen Zarauzko ekialdean gertatu zen eraketa morfologiko hartan, gaur egun Erriberetako parkea kokatzen da.

Diapiroa.

Gure arbasoak kostaldeko lekurik erosoenak habitatzen hasi ziren, bere inguruko morfologia etengabe aldatuz: gero eta gehiago eraikiz, hondartza eta dunaren gainean hasi ziren kokatzen. Hegoaldean bestalde, osatutako ordeka zabala zelai eta soroez banatua izan zen. Errekaren kanalizazioa, errepideak eta abar luze bat egin ziren gero.

Gaur egun azkeneko arrastoa gelditzen zaigu. Erlikia bezala kontserbatu da. Baina segi dezagun historia kontatuz. XIII. mendean Fernando III.ak Zarautz hiribildu izendatzean, abere eta landareez aipamen berezi bat egin zuen. Animali zerrenda luze batean, besteak beste hauek aipatu zituen ugari bezala: erbiak, azeriak, basakatuak, erbinudeak, azkonarrak, kattagorriak, eperrak, galeperrak, oilagorrak, itsasahateak, hegaberak, bagausoak, kaioak, beleak eta abar.

Arrainen artean, antxoa, legatza, itsasaingira, langosta, txitxarroak, lupiak, itsaskabrak, txipiroiak, txibiak, olagarroak, erreboilak, lengoraduak eta abar.

Landaretan, hauek aipatu zituen: haritzak, gaztainondoak, intxaurrondoak, lizarrak, zumarrondoak, ereinotzak, pikondoak, gereziondoak eta olibondoak.

Sta. Barbara mendi hareatsuak, higadurari eutsi egin zion.

Lore-mota desberdinak ere aipatu zituen: arrosak, krabelinak, liliak, iraunloreak, lobelarrak, kamamilak eta barazki-pilo bat.

Horietako asko eta asko gaur egun Erriberetako parkean aurki daitezke, aipamenaren balioa konfirmatuz. Gainera XVIII. mendeko aipamen batzuek ere konfirmatzen dute pertsonaia honek esandakoa.

Laburpen historiko hau bukatzeko, hona hemen bidaiari batzuen aipamenak.

Wilhelm F. Von Humbolt jaunak honela zioen: Zarautz itsasarte batean kokaturik dago. Honen ertza hareazkoa da eta lekuaren egoera lehorra eta ez oso polita. Atzeko zelaiak ere ez du oraindaino ibilitako lurraldeak duen orlegi-ugaritasunik. Jaun honek dudarik gabe lehorturiko landaredun duna luze bat aurkitu zuen; udan etorri bait zen. Atzekaldean, erreka-ertzetan lezkadiak ikusi zituen, kolore orlegia nahikoa eskasa izanik.

Harraldea.

Juan Mañe y Flaquer-ek (1866-1867. urtean) honela zioen: Zarautz Kantauri Itsasoaren ertzean kokatua dago, Santa Barbara mendiaren oinetan eta legoa erdidun ingurumariko ordeka eder eta zoragarri baten mendebal-ertzean. Aipatutako mendi horretatik kulankari jarraitzen duen muino politen zerrendak, Talaimendi-n bukatzerainokoak, itsasoak iparraldetik hersten duen zirkulu ezberdin baten itxura ematen dio paisaiari.

Aipamenak honela segitzen du: Zarauzko jolasik berezienetakoa, ahateen ehiza da. Hotzak hasten direnean, Iparraldetik ahate-mordoak agertzen dira eta goizeko bederatziak edo hamarrak aldera hondartzatik hurbil herri inguruan jira bat eman eta berriro lehenengo lekura joaten dira. Ilunabarrean doaz ehiztariak hondartzara eta bertan banatuta (batzuk hemen besteak han) oso polita izan ohi da herriko jende prestua ahateak itsasotik jeiki eta mendietara abiatzeko unea itxaroten ikustea. Ahate-mordoa azaltzen da eta zerua ilun ere jartzen dute; hain dira ugari...

Mende honen hasierako argazkia.

Ikusten denez, Zarauzko ingurua natura aldetik oso leku garrantzitsua izan da, gelditzen den Erriberetako parkea are eta garrantzitsuagoa izanik.

Erriberetako parkearen ekosistema desberdinak

Dunak. Zarauzko Ekialdean, parkearen bihotzean, dunak aurkitzen dira. Duna hauek mugikorrak eta finkoak izaten dira. Alde mugikorra, aurreko aldean aurkitzen da (erreka aldean ere bai), eta itsasoaren eragina jasaten du. Duna mugikor hauen atzekaldean, Golf-zelaiaren barruan, duna ondo finkatua agertzen da landaretzari esker. Duna hauek paisai aldetik duten garrantziaz aparte, bertan agertzen den landaretza oso garrantzitsua da, espezie batzuk Euskal Herriko bakarrenetarikoak izanik.

Landaretza honek oso moldaera bereziak agertzen ditu: hosto txikiak eta haragitsuak, sustrai-aparatua oso bortitza, uraren probetxamendu egokia, kontzentrazio osmotiko handiak, estomen murrizketa...

Gaur egungo egoera.

Aipatzekoa da, duna mugikorrean espezie batzuk agertzen direla ere; duna finkatuan agertzen ez direnak hain zuzen. Badira endemiko diren bakar batzuk. Badira mende honen hasierako aipamenak dituztenak eta gaur egun gure parkean garatzen direnak ere, eta denon eginkizuna patrimonio natural hau kontserbatzea eta maitatzea izango litzateke. Gure asmoa ez da bertan agertzen diren espezie guztiak aipatzea. Dunetako 46 espezie (landaretza psamofiloa) sailkatu ditugula bakarrik esango dugu.

Zarauzko Izadi Taldearen ustez horietako 6 espezie Euskal Herrian desagertzeko zorian aurkitzen dira eta 18 espezie dira Gipuzkoan desagertzeko arriskuan aurkitzen direnak. Bestalde, dunetan beste bizidun asko agertzen dira: marraskiloak, kilkirrak, kakalardoak, tximeletak, intsektu makilak, dunetako matxinsaltoak, dunetako liztorrak, sugandilak, muskerrak eta hegazti desberdinak.

Itsas-lilipa.

Ia koaternario osoan itsasoko uren maila orain baino beherago egon zen eta ibaiek ildo sakonak industen zituzten bokaletan. Izotzak urtu zirenean itsas mailak gora egin zuen eta badiak sedimentuz bete ziren, itsasoaren eta ibaien ekarkinekin padurak eratuz.

Padurak biosferako ekosistema produktiboenetakoak dira, faktore hauen eraginez batez ere:

  • Itsasoko eta ibaietako dunek etengabe bertaratzen dituzten eta han sedimentatzen diren ekarkinei esker sortzen diren mantenugaiek garantizatzen dute paduraren emankortasuna.
  • Bertan garatzen den landaretza oso balio handikoa da eta espezie batzuek azkeneko bizilekua bilatzen dute gure parkean. Ur gazizko edukina oso handia den padura honetako landaretzaren 26 espezie sailkatu ditugu, horietako bat Euskal Herrian desagertzeko zorian eta 4 espezie Gipuzkoan desgartzeko arriskuan egonik.
  • Migrazioen fenomenoa oso garrantzitsua da. Ur-hegazti eta limikoloek padura hauek atsenaldiak egiteko erabiltzen dituzte. Gure parkean 110 espezie desberdin ikusi ditugu. Horietako 66 legearen babespean aurkitzen dira eta honako hauek aipatzekoak dira: Murgil handiak, zangak, kaioak, lertxunak, amiltxoriak, kurriloak, uroilandak, itsasmikak, txirritxoak, txirriak, kuliskak, kurlintak, zankaluzeak, abozetak, ahateak, antzarak,...
Lertxun gorria.

Erribera. Parkearen hegoaldean erribera agertzen da. Ur-gezaren nagusitasuna nabarmena izan arren, itsasgorak ere eragiten dio aipaturiko zonari. Baldintza hauetan bizidun ugari izaten da errekatxoetan, lezkadietan eta haltzadietan agertzen direnak. Erribera honetan agertzen diren espezie batzuk ere Euskal Herrian bakarrenetarikoak direla baiezta dezakegu.

Erriberetako parkearen ekosistema desberdinei amaiera emateko, itsas labarrak, harraldea, maldak eta belardiak ahaztu ditugu eta parkearen barruan oso garrantzitsuak dira. Bertan mota guztietako bizidunak agertzen dira.

Arreta handia merezi du Moilarria-ren gainean agertzen den kargalekuak ere. Funtzionatzen mende honen hasieran hasi zen, baina berehala porrot egin zuen eta patrimonio historiko kultural honek ere parkearen balioa indartu egiten du.

Muskerra.

Erriberetako parkearen eboluzioa eta ekosistema desberdinak aztertu ondoren, ikus ditzagun beste arazo batzuk. Zarauzko Izadi Taldeak parke honen aurreproiektua egiterakoan, txosten geologiko, ornitologiko eta botanikoaz aparte, bere lurraldearen antolamenduari eutsi behar izan zion.

Aurreneko arazoa, parkearen bihotzean bertan ISURBIDEAREN proiektua aurkitu zuen; gaur egun martxan dagoena hain zuzen. Zarauzko udalkide eta obrako arduradunekin bilera batzuk egin ondoren, gure postura garbi utzi genuen, hots, isurbideak parkeari ostikada handia emango dio (halaber gauza positibo batzuk ere izango ditu) eta horren truke parkearen hobekuntzarako neurri konkretu batzuk eskatzen ditugu. Alde batetik kentzen zaiona bestetik bueltatu egin behar zaio.

Istingorra.

Beste arazo bat, betelanarena izan da, zeren hauek inongo eta inolako kontrolik gabe egiten bait dira. Denuntzia asko egin ondoren, gaur egun arazo honek konponbidea izan dezakeela dirudi. Hala ere, administrazioaren aldetik ez da jokaera oso garbi ikusi.

Bestalde badaude konponezinezkoak diren beste arazo batzuk. Adibidez, autopista eta errekaren kanalizazioa. Hala ere neurri batzuk proposatu ditugu ahal den neurrian parke natural baten itxura izan dezan.

Asti aldean dauden erreka eta errekatxoak oso garrantzitsuak dira parkearentzat. Denen ertzean lezkadi-zerrenda bat uztea proposatu dugu, fauna desberdinak babesa bila dezan.

Lezka.

Bukatzeko, ehiza ere aipatu behar dugu. Erriberetako parkearen hedadura guztian ehizatzea debekatu egin beharko litzateke. Zona hauetan hotzak estutzen duenean hegazti askorentzat babesleku bakarra izaten da. Halaber hegazti-pasea denean atsedenaldiak egiteko leku aproposa da. Badirudi proposamen hau lehenbailehen beteko dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia