Elhuyar zientziaren komunikazioa

Wireless teknologiak enpresa, zentro eta unibertsitateetan

2003/09/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Wireless ikerketa estrategikoari buruzko programaren helburu nagusia euskal teknologia eta berrikuntza-sistema mundu mailan eredu bihurtzea da, batik bat hari gabeko teknologietan eta mugikorretan. Programa honekin ondoko emaitzak lortu nahi dira 2001-2004 urteetan:

Wireless teknologiei esker, telefonoz bestalde duguna ikusteko aukera dugu.

2001-2004ko Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak ikerketa estrategikoaren arloan proiektu nagusi gisa aurkeztu du Wireless proiektua. Ikerketa estrategikoaren helburua gizarteak gerora begira teknologia arloan izango dituen beharrei eta erronkei aurre egiten laguntzea da. Horretarako, beharrezkoak izango diren ezaguerak garatzen eta sortzen saiatuko da eta baita enpresetan ekintza berriak sustatzen ere.

Helburu orokorrak eta zehatzagoak

Proiektu honen helburu garrantzitsuenetako bat CEIT, ESI, IKERLAN eta ROBOTIKER zentro teknologikoetan wireless arloa indartzea da. Horrela, wireless-arekin zerikusia duten teknologia berriak sortzen eta transferentziak egiten saiatuko lirateke, batik bat ekoizleak balia ditzan.

Bestalde, wireless sektorearen merkatu-eskaintza bat garatu nahiko lukete honako arlo hauetan: hari gabeko sistemen azpisektore laguntzailean, zerbitzu espezializatuetan oinarritzen diren enpresa berrietan, eduki mugikorren hornitzaileetan eta abar.

Etorkizunean honelako gero eta hari gutxiago izango dugu gure etxe eta lantokietan.

Produktu eta aplikazio berriak sortu eta garatzeko, wireless teknologiak gaur egun merkatuan dituen abantailez baliatuko dira ikertzaileak, eta teknologia horiei balio erantsia emango diete.

Helburu nagusiez gain, nazioartean egiten diren lankidetzekin zerikusia duten helburuak ere zehaztu dituzte proiektu honen arduradunek. Izan ere, Europako Batasunaren VI. Esparru Programak garrantzi handia ematen die hari gabeko teknologiei. Wireless programa, beraz, interes hori baliatzen saiatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan sistema eta aplikazio berriak sortzeko eta garatzeko.

Proiektu honen aurretik, Europako eskualde batzuen artean eginiko AWARE azterketa aurkeztu zen. Bertan, eskualde horietako wireless teknologien (hari gabeko teknologiak eta mugikorrak, hain zuzen ere) erabilera aztertu zen. Gerora begira, guztien arteko lankidetza lortu nahi da.

Zer da wireless teknologia?

Urtetik urtera, tresna berriak sortu eta zaharrak desagertzen ari dira komunikazioaren arloan.

Wireless programak hainbat proiektu biltzen ditu, guztira hogeita hamar inguru. Guztiak independenteak dira baina gai bera dute: hari gabeko teknologiak eta teknologia mugikorrak.

Baina, zer da Wireless teknologia? Wireless teknologiaren barnean hainbat sistema aurki genitzake, adibidez, konexiorik gabeko sistemak, satelite bidezko sistemak, sare pertsonalak (konexio periferikoak), sare lokalak edo sarbide-sareak (telebista, hari gabeko sare finkoak, sare zelularrak...). Sistema horiekin guztiekin, beste hainbat elementu hartu behar dira kontuan: antenak, front-end-ak, RFko mikrosistemak eta abar.

Sistema horietan, komunikazio optikoa edo elektromagnetikoa euskarri mekanikorik gabe egiten da, hau da, distantzia milimetro batzuetakoa izan (conctless sistemak) edo kilometro batzuetakoa izan (sateliteak), kable edo zuntz gabe egiten da elkarren arteko komunikazioa.

Wireless teknologiek erabiltzen dituzten sistemen aplikazio erabilienak komunikazioa, lokalizazioa eta identifikazioa dira.

Hari gabeko sistemek, besteekin alderatuz, hainbat abantaila dituzte. Nagusiki, oso erraz ezartzen direla esan liteke (ikusi besterik ez dago nekazaritzaguneetan Internet zein erraz instalatzen duten). Bestalde, sistema honek ez du kostu handiegirik sortzen eta mugikortasun handia du.

Horrez gain, gaur egun lan handia egiten ari dira hari gabeko teknologien eta mugikorren ziurtasuna eta gogortasuna hobetzen. Wireless teknologietan, orain arte erabiltzen diren kable edo zuntz optikoen bidezko sistemen parera iritsi nahiko lukete ikertzaileek.

Wireless programaren antolamendua

Wireless programa I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) ekintzek eta ekintza osagarriek osatzen dute. Aipatutako ekintzak zentro teknologikoen eta unibertsitateen artean antolatzen ari dira. Horietan, hainbat aplikazio sortu eta gara daitezen oinarrizko ikerketa egiten dute. Mota horretako ekintzetan, programa osoko ikertzaileen % 70ek parte hartzen dute.

Ekitaldi osagarrien artean, besteak beste, wireless teknologiak hedatzeko ekintzak antolatzen dituzte eta mota horretako teknologian trebatzeko ere bai. Bestalde, arlo horretan sor daitezkeen arriskuak zaintzeko zenbait neurri hartzeko asmoa ere badute ikertzaileek.

Horrez gain, parte hartzen duten unibertsitate eta zentro teknologiko (Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnun) bakoitzak lan jakin bat izango du. Guztiek proiektu bat osatu eta koordinatuta parte hartuko dute. Proiektu horren helburua banda zabaleko haririk gabeko sistema baten garapen teknologikoa izango da. Hots, wLAN sareen (hari gabeko sare lokalak) bilakaera aztertuko dute.

Hedabideen mundua izugarri aldatzen ari da teknologia berriekin.

Izan ere, proiektu horretan distantzia laburreko (100 m baino gutxiago) eta banda zabaleko (500 Mbit/s) hari gabeko sistemekin lanean dihardute. Azterketa horiek etxeko, ibilgailuko, enpresako edo fabrikako konexio lokalen aplikazioetarako balio dute, besteak beste, dagoeneko instalaturik dauden sareetara konektatzeko, ikus-entzunezko banaketarako, abiadura handiko autobusetarako, MACaren (sarerako sarbide-kontrola) eta sareen mailetarako, eskaintzen diren zerbitzuen kalitate ona bermatzeko, aplikazio pilotuetarako eta abar.

Robotiker zentro teknologikoak kudeatzen duen Etorteken Wireless programa 2004rako bukatu nahi dute.

  • Enpresa munduan teknologia honekin lan egiteko gai liratekeen ehun pertsona trebatzea.
  • 16 doktoretza-tesi egitea.
  • Aldizkari eta argitalpen zientifiko ezagunetan 25 artikulu argitaratzea.
  • Gaiarekin zerikusia duten 9 aurkezpen egitea hainbat kongresutan.
  • 7 patente.
  • Teknologia hau oinarritzat duten 7 enpresa berri.
  • Zuzeneko 30 lanpostu.
  • Zeharkako 100 lanpostu.
0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia