}

VICOMTech multimedia ikerketa-
-zentroaren lehen tailerra

2001/10/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ikerketa-zentroaren xedeen berri eman eta parte hartzen duten erakundeen aurkezpena egin zen.

VICOMTech Donostiako Teknologia Elkartegian dago. 2001. urteko apirilean jarri zen martxan, Euskal Irrati Telebistaren eta Alemaniako Fraunhofer Institutuaren eskutik. VICOMTech 3D grafikoen teknologiaren ikerketa aplikatu eta garapenerako zentroak ordenadore bidezko grafikoen alorra landuko du.

Zentro teknologiko honetan ikusizko elkarrekintzarako eta komunikaziorako teknologiak garatuko dira, ordenagailu bidezko grafikoen alorrean egin diren azken aurrerapenak oinarri harturik, teknologia horiek aplikazio industrial jakinetan txertatzeko. Komunikabideentzat, esaterako, ordenagailu bidezko grafikoak landuko dira, eta zinema eta telebistarentzat teknologia digitalaren alorra. Teknologia horien aplikazio-esparrua, dena dela, zabala da. Medikuntzarako, informazio geografikoa emateko sistemetarako, ondarea berreraikitzeko eta, oro har, sistema industrialetarako ere balioko du.

VICOMTechen bost ikerketa-unitate ezarri dira: telebista digital eta interaktiboan lan egingo duena; medikuntzarako aplikazioak garatuko dituena; ondare arkeologiko eta historikoaren birsortze birtuala egingo duena; turismoarentzako aplikazioak garatuko dituena eta industriarako aplikazioak landuko dituena.

VICOMTechek Euskal herriko enpresekin, ikerketa-zentroekin eta unibertsitatearekin batera lan egingo du, ordenagailu bidezko grafikoen ikerketa aplikatuan, garapenean eta berrikuntza teknologikoan izan ditzaketen premiak betetzeko.

Ikerketa-zentro berria INI-GraphicsNet sareko kidea da, ordenagailu bidezko grafikoen arloan diharduen sare nagusia, eta Teknologiaren euskal sarean sartuta dago. Egoitza Alemanian badu ere, INI-GraphicsNetek hainbat zentro ditu Europako beste herrialdeetan, Estatu Batuetan eta Asian. Hain zuzen ere, Fraunhofer Gesellschaft punta puntako fundazioaren hainbat institutu INI-GraphicsNet sareko kideak dira.

VICOMTech ikerketa-zentroaren egoitzak 600 m2 ditu eta 40tik gora ikertzaile hari dira bertan lanean. Zentroaren zuzendaria Julian Florez ikertzailea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia