}

Urdaibai, minimizazioan aintzindari

1995/05/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Biosferaren Erreserba da eta industriaren garapenak bortizki astindu izan du. Martxoaren 23an aurkeztu zuten Bilbon “Urdaibaiko Industri Hondakinen Kudeaketarako eta Minimizaziorako Plana”. Geografikoki Euskal Herriaren zati bati baino ez dagokio. Aitzitik, Planaren ekarpenak Euskal Herriaren mugak ere gainditu egiten ditu: ingurugiro-arazoak konpontzeko era berria ahalbideratuko du, eskualde gehiagotan ezar dadin.

Oka ibaiaren bokalean, Gernika eta Mundaka artean dago Urdaibai. Bere balio ekologikoa ukaezina da eta halaxe aitortu zuen UNESCO erakundeak 1984an, Biosferaren Erreserba izendatu zuenean. Urdaibai eskualdearen balioaz ari garenez, ekologikoaz gain ekonomikoa ere azpimarratu behar da. Gernikan eta bere inguruan finkatu diren iharduera ekonomikoek sektore gehientsuenak ordezkatzen dituzte, zurgintza eta metalgintza izanik indartsuenak. Bi faktoreak, balio ekologikoak eta garrantzi ekonomikoak alegia, erabakiorrak dira eskualderako. Zalantzarik gabe, bien arteko oreka lortzean datza, okerrak oker, Urdaibain bizi direnen etorkizuna.

Biosferaren Erreserba eta minimizazioaren aitzindari

Arestian esan bezala, 1984an hartu zuen UNESCO erakundeak erabakia. Urteetako lanaren emaitza izan zen, beste inon baino kementsuago aritu izan baitira bertan talde ekologistak eta auzo-elkarteak. Biosferaren Erreserba izendatu zutenez geroztik, bestalde, legearen aldetik Urdaibain zegoen hutsunea nabariago izan da. 1989an Eusko Jaurlaritzak Urdaibairako Antolamendu eta Babespenerako Legea onartzea eta herritarren partehartzerako tresnak sortzea erdietsi zuen.

Ingurugiroaren ikuspuntutik, Urdaibai ikerketarako gune ezin hobea da. Eskualdearen balio ekologikoak industri ihardueraren eragina gutxiagotzera eta garapen eramangarrirako eredua finkatzera bultzatzen du. Esan eta egin.

Balio ekologikoa eta ekonomikoaren arteko oreka lortzean datza Urdaibain bizi direnen etorkizuna.

1992an IHOBE Sozietate Publikoaren gidaritzapean, Gernikaldeko enpresarik garrantzitsuenetan Ingurugiro-ikuskaritzak antolatu zituzten. Horiei esker, enpresetako produkzio-prozesua zehatz-mehatz ezagutzea lortu zen. Prozesu bakoitzean sortzen diren hondakinak Hondakin Berezien Kudeaketa Planaren arabera sailkatu ziren eta enpresaren lanari buruzko datu interesgarriak ere bildu egin ziren.

XUME Bulego Teknikoak zuzendu ditu hurrengo pausuak. Gernika inguruko 17 enpresetan burutu da Planaren bigarren fasea. Produkzio-prozesuak aztertu eta enpresetako teknikariekin elkarlanean, aldaketak proposatu egin dira. Hau guztiaren helburua, bistan dagoenez, teknologia garbiak sustatuz hondakin gutxiago sortzea da. Prozesua enpresaz enpresa aztertu ondoren, egin diren aldaketak txikiak baino eraginkorrak izan direla esan genezake. Kasu askotan, produkzioa eredu logikoagoetara bideratzea nahikoa izan da hondakin gutxiago ekoizteko.

Gernikan eta bere inguruan finkatu diren iharduera ekonomikoek sektore gehientsuenak ordezkatzen dituzte, zurgintza eta metalgintza izanik indartsuenak.

Urdaibaiko Hegoaldeko Eskualdearen Industri Hondakinen Kudeaketarako eta Minimizaziorako Plana EAEn egin den izaera horretako estrainekoa da. Europa-mailan ere itxaropena piztu du Plan aitzindariak. Hori dela eta, Europako Elkarteak ere parte hartu du egitasmo honetan Life Programaren bidez. Bilboko Biltzarrean Life Programako arduradunak esan zuenez, “balio beza Urdaibaiko Planak eredua beste eskualde askotara zabaltzeko. Garapen eramangarriaren ametsa eguneroko ihardueran amets ukigarri bihur dadin”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia