}

Untzigintzaren historia VII: Gerra-untzia

1986/10/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

XVII. eta XVIII. mendeetan, gerra-untzia erabat ugaldu zen munduko itsasotan.
1. irudia. XVII. mendeko gerra-untzi ingelesa. Ehun kainoikoa.

Galeratik, galeoia sortu zen, eta galeoitik gerra-untzia. Ez ordea bapatean; galeoiari hobakuntzak poliki poliki ezarri bait zitzaizkion.

XVII. mendearen bigarren zatian, untzien kaskogintzan aurrerapen handiak egin ziren. Ordurarteko untzigileak artisau hutsak ziren. Baina laster ikusi zuten kaskoaren neurriek masta eta belenekin harreman estua zutela, untziak errendimendu ona izan zezan.

Ordurarte, kataluniarren araua erabiltzen zuten kaskogintzan. Kaskuaren altuerak, zabaleraren erdia izan behar zuen, eta luzerak, hiru aldiz handiagoa.

Zura ere, aztertu zuten. Gila, popa eta lema egiteko, ilbeheran ebakitako haritza zen onena. Haritz zuria, egokia zen oholak eta forroak egiteko. Gaztelugintzarako, izeia zen egokiena, eta mastetarako berriz, pinua. Gila eta kaskoa ondo babestearren, berniz bereziak egiten zituzten: xaboi beltza, gantz, sufre, bike eta giza gernuz egindakoak hain zuzen.

Holandan hasi ziren lehendabizi untzigintzan berrikuntza teknikoak sartzen, sistema tradizionala alde batera utzita. Gero, berrikuntza hauek Frantzian indar hartu zuten eta handik bazter guztietara barreiatu ziren.

Frantziako Luis XIV. erregearen Colbert ministrariak, orduko untzigilerik onenak biltzea lortu zuen: Gedeon holandesa, Deane ingelesa eta Pingallo napolitarra. Itsas zientzien akademia sortu zuen eta han matematika, fisika, kimika eta untzien arkitektura ikasten zuten. Aldi berean, basoen babeserako aginduak ezarri zituzten eta sokagintza asko garatu zen. Bestetik, Duhamel du Moncau, Pierre Bouguer eta beste zenbait zientzilarik, nabigazio-tratatuak argitaratu zituzten.

2. irudia. Sestantea.

Baina XVIII. mendeko aurrerapenik handiena, sestanteak eta kronometroak ekarri zuten. 1730. urtean, Godfrey ameriketarrak eta Hadley ingelesak sestantea asmatua zuten, eta bazter guztietako untzietara berehala barreiatu zen. Longitudea zehatz kalkulatzeko ordea, kronometro egokia falta zitzaien, eta Parlamentu ingelesak 20.000 libera eskaini zituen 30 segundoko doitasuna zuen kronometroa asmatzen zuenarentzat. 1780. urtean lortu zuten azkenean kronometro egokia.

Beste aldaketa sakona, untzien formak jasan zuen. Gerra-untzietako gazteluak (brankakoa eta popakoa) jaitsi egin ziren, eta ertzak altxatu. Untzia, luzatu egin zuten bestetik 80 edo 90 metroraino. Belak berriz, gehiago eta erabilpen independentekoak ipini zituzten, haizearen indarra hobeto probetxatzekotan.

Armak ere, gehiago eta hobeto banatuak zeuden gerra-untzian. Hiru zubi (bata bestearen gainean) ipini zituzten. Gazteluetako kainoi batzuk brankara eraman eta untziaren oreka hobea lortu zuten aldi berean balantza txikiagotuz.

Dena den, untzi bizkorragoak eta maneiatzen errazagoak ziren XVIII. mendeko haiek. Untziko ofizialak, uniformez jazten ere orduan hasi ziren. Marinelaren bizimodua berriz, zertxobait hobetu zen, jaten hobeto ematen hasi zirelako. Baina higiene-maila eta diziplina ez ziren hobetu. Belarriak eta sudurra mozteko zigorrak adibidez, XIX. menderarte iraun zuen leku batzutan. Izurriteak bestetik, ugari ziren garai hartan. Eskorbutua, tifusa, disenteria eta antzeko gaitzak noiznahi zeuden XVIII. mendeko untzitan. Horregatik ipintzen zuten hainbestetan bandera horia portura iristerakoan, kutsatzeko arriskua zegoela eta.

Marinelen soldata bestetik, oso txikia izan ohi zen. Untzian herena bakarrik kobratzeko ohitura zegoen eta portura iritsitakoan jasotzen zituzten (ez beti) beste bi herenak.

3. irudia. Veneziako dux-ak festaburutan erabiltzen zuen untzia.

Marinelak biltzea zaila zen, aipatutako arazoak medio. Menturazale edo urrezale zirenak bazuten itsasorako irrika. Gartzelatik libratzearren ere batzuk hasten ziren marinel-lanetan. Baina guztiak ere gutxi ziren. Nelson-en flotak adibidez, 150.000 pertsona zituen, eta hortik atera kontu marinel-eskasia nolakoa zen. Derrigorrean eramaten zuten jendea.

Bestetik, untzietako jendea gaitzak jota hiltzen zen gehienetan. Garbitasun eta higienerik ezagatik, lanean hiltzen ziren marineletan hamarretik bederatzi eskorbutoak, ahuleriak edo beste izurriteren batek jota desagertu ohi zen. XVIII. mendean, James Cook almirante ingeleslak asko aldatu zuen untzietako higienea. Limoia erabili zuen eskorbutoaren kontra eta txukuntasunaren aldeko beste zenbait arau ere eman zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia