}

Unibertsoaren hondoko erradiazioa polarizatuta dago

2002/09/23 Elhuyar Zientzia

Kosmologiari buruzko Cosmo-02 kongresua egin da irailaren 18tik 21era Chicagon. Bertan, besteak beste, hondoko erradiazioaren ikerketaren azken emaitzak ekarri dituzte argitara kosmologo batzuek: mikrouhinen erradiazio hori polarizatuta dago, eta, horregatik, unibertsoaren jatorria aztertzeko beste aukera berri bat sortu da.

Kosmologo horiek Hego Poloan dagoen mikrouhin-teleskopio baten bidez egin dituzte neurketak, Degree Angular Scale Interferometer (DASI) teleskopioaren bidez, hain zuzen. Unibertsoak 400.000 urte bakarrik zituenean sortu ziren lehen atomoak. Mikrouhinen hondoko erradiazioa ordutik dago unibertsoan, eta beraz, horren ezaugarriak aztertuz gero, unibertsoa nola eratu zen iker daiteke. Horrela, azken bi urteetan lortu dira emaitza ikusgarrienak. Alde batetik, unibertsoan zenbat materia eta energia dagoen kalkulatu da, eta, bestetik, unibertsoaren 'itxura' laua dela ere jakin da.

Erradiazioaren uhinen orientazioa da polaritatea; datu horretatik abiatuta, unibertsoaren lehen urteetan materiak irabiatze-higidura izan zuela jakin daiteke, hau da, zurrunbiloetan mugitzen zela. Polaritatea, beraz, mugimendu haien gaur egungo aztarna da, eta gertatu ziren prozesuen aztarna horri jarraitzea da kosmologoen lana.

Lan horretako zalantza nagusia uhin arrotzak egon zitezkeen ala ez izan zen. Zientzialariek kontu handia jarri dute hondoko erradiazio horretan ekarpen 'modernoak' ote dauden jakiteko. Horrela balitz, teleskopioaren bitartez behatzen dena ez litzateke hasierako egoera horren isla izango, baizik eta iragarri ezin diren ezaugarri pila baten nahastea. Jasotzen den seinalea oso ahula da, baina, zientzialarien kalkuluen ustez, ez du beste iturriren baten inolako ekarpenik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia