}

Unai Ugalde

1999/12/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eusko Jaurlaritzako Zientzi Politikarako Zuzendari Plan berriari buruz zer iritzi duen galdetu diogu

Planaren arabera, Estatuko Administrazioak 508.000 milioi pezeta bideratuko ditu I+Gra 2000. urtean. Eta 2003. urtean I+Gko gastua estatuko barne-produktu gordinaren (BPG) % 1,3 izatea du helburu Plan berriak. 1998an % 0,8koa izan da gastu hori. Ugaldek gogorarazi du Frantzian gaur egun gastu hori BPGaren% 1,6koa dela eta Japonian % 3,3koa. Herrialde horietan BPGa askoz handiagoa dela kontuan izanik, haiek —administrazioek eta enpresek, alegia— I+Gra bideratzen duten duten diru-kopurua askoz handiagoa dela nabari da. "Beraz, hemen horretara bideratzen den dirua ez da hainbeste" dio Ugaldek. "Gainera, estatuak horretan gastatzen duen dirutzaren erdia baino gehiago gastu militarretara bideratzen da".

Diru hori hiru gunetan gastatzen da Espainian: CSICen (Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusia; duela 75 urte sortutako erakundea da, funtzionarioz osatua), unibertsitateetan eta enpresetan. Ugalderen iritziz, enpresek oso ikerketa gutxi egiten dute. Beraz, ezin da esan Estatuan I+Gko "sistema indartsua" dagoenik. Sistema hobetzen ari dela, baina ahulezia nabarmenak eta ezagunak dituela dio. Hiru ahulezia aipatu ditu: enpresek, oro har, ez dutela ikerketarik egiten; ministerioak ikerlariak gehiegi kontrolatzen dituela; eta ikerketa egiten duten erakundeen eta ikerlarien artean lankidetza gutxi dagoela.
Planaren arabera, indarrak bi arlotara bideratuko dira: oinarrizko ikerketara eta enpresetan aplikazioa izango duenera. Eta, horien barnean, sektore bakoitzean ere lehentasunak ezarrita daude.

"Guk formalki parte hartu dugu lehentasunak ezartze horretan, hau da, bileretan izan gara" esan zuen Ugaldek. "Baina gero, erabakitzeko, bozketak egiten dira eta emaitzetan ez da gure ikuspuntua islatzen". Autonomia Erkidego bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bai Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta bai Kataluniak gainerakoenak ez bezalako berezitasunak dituzte eta hori Planak ez duela jasotzen diosku. "Uste dut Plana estatuaren kontzepzioaren ondorioa dela. Gure egitura desberdina da: guk, adibidez, Unibertsitate gaztea dugu eta ikerketa-zentro publikorik ez dugu".

Eusko Jaurlaritzak ikerketa eta garapenerako plana badu eta horretarako behar den diruaz eta tresnez jabetu nahi du. Horiek guztiak autonomia-estatutuan zehaztuta daude, "baina alde horretatik EAEra egin diren transferentziak eskasak dira".

EAEn barne-produktu gordinaren % 1,2 gastatzen da I+Gn, Estatuko batez bestekoaren gainetik beraz. "Gutxi gorabehera urtean 30.000 milioi ematen dizkio EAEk Estatuari zientzia eta teknologiaren arloan. Baina Estatuaren I+G programetan 5.000 milioi baino ez dira itzultzen EAEra. Espainiako ikerketa-zentroak historikoki Madrilen daudelako gertatzen da hori. Negoziaziotan gabiltza, baina Estatuko gobernu berria osatu arte ez da ondoriorik aterako. Hala ere, nahiz eta transferentzia hori ez izan, geure aurrekontutik jartzen dugu dirua EAEko I+G sistema sendotzeko".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia