Elhuyar zientziaren komunikazioa

Udako edaria: apartsua eta freskoa... alkoholik gabea

2001/08/12 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Uda betean edaten omen da garagardo gehien. Ez da harritzekoa, eguzkiaren beroa eta ilargipeko gaugiroa garagardoa (edo beste zerbait) edateko aproposak direla esateko ez baita ikerketarik egin beharrik. Ikerketa beste bide batetik joan da, eta lehendik ere alkohola neurriz kanpo edatea kaltegarria zela bagenekin ere, oraingoan, alkoholik gabeko garagardoaren onurak azpimarratzen dituen ikerketa plazaratu da.

"Ahal duzunean, hiru kaña eta bost zurito" entzun du tabernariak, eta ateratzen hasi orduko, albokoak "niri beste bost kaña" esan dio. Oraindik, Euskal Herrian zenbat garagardo edaten den ohartu ez zenik badago, joan dadila festarik festa bueltatxo bat ematera. Tabernetan ere gero eta aukera handiagoa dago, eta ez dirudi behintzat garagardoaren kontsumoak beherakadarik ezagutu behar duenik. Alde horretatik lasai egongo dira garagardo-ekoizleak behintzat.

Hipertentsio arteriala duten pertsonentzat edari egokia da alkoholik gabeko garagardoa.

Baina azken urteetan berrikuntza nagusi bat ere gertatu da sektore horretan: alkoholik gabeko garagardoa. Marka gehienek atera dute, eta, publizitateari esker, kontsumoa poliki-poliki, gora doa.

Baina alkoholik gabeko garagardoa ez dela ’naturala’ pentsatuko du batek baino gehiagok (tabernariak aurretik atera dizkigun kañak ‘naturalak’ balira bezala), baina bataren eta bestearen osagaien naturaltasunean sartu gabe, alkoholik gabeko garagardoak onura asko ekar ditzakeela argi dago. Horrela dio, behintzat, Dietetika eta Elikagai Zientzietako Elkarte Espainolak "Alkoholik gabeko garagardoa eta horren propietateak" izenburupean martxoan kaleratu zuen ikerketak.

Bihotzak eskertuko dizu

Hipertentsio arteriala duten pertsonentzat edari egokia izan daiteke alkoholik gabeko garagardoa. Hipertentsioa eragiten duten faktore lagungarriak aspalditik daude identifikatuta, eta ahal den neurrian, saihestu egin behar izaten dira. Faktore horiek honako hauek izaten dira: familian hipertentsio-kasuak egotea, erretzea, estres fisiko zein emozionala, obesitatea eta gatz asko hartzea. Antonio Villarmo ikerketan parte hartu duen unibertsitateko irakaslearen arabera, alkoholik gabeko botila bat garagardok 10 mg kaltzio eta potasio ditu eta, aldiz, oso sodio gutxi (4,5 mg/100 ml). Gainera, gaixotasun kardiobaskularrei eta minbizi batzuei aurre egiteko balio dezake, garagardoaren konposatu batzuk antioxidaitzaileak baitira.

Neurria hartuta edan behar da, ez baita egia alkoholik gabeko garagardoak alkoholik ez duela.

Hipokalorikoentzat ere edari egokia izan daiteke (ura ere ez da txarra), balio energetiko txikia baitu (14 kcal/100 ml). Antonio Villarmoren hitzetan, alkoholik gabeko garagardo hipokalorikoen dietan sar daiteke, freskagarri bat baino hiru aldiz kaloria gutxiago baitu, baita fruta-anoa bat baino gutxiago ere. Horrela, ura edateaz aspertu eta dieta jasangaitza bihurtu baino lehen monotonia hausteko edaria izan daiteke.

Haurdunaldian ere, alkoholik gabea

Hipertentsio-arriskurik ez, baina bederatzi hilabetez alkoholik dastatu ezin duenarentzat ere beti ura edatea aspergarri bihur daiteke. Kasu horretarako ere edari aproposa izan daiteke, baina, kontuz, ez baita egia alkoholik gabeko garagardoak alkoholik ez duenik. Ohiko garagardoa % 8 inguru alkohola izaten da, eta alkoholik gabeko garagardoa deritzogun horretan 0,5-1 gramo bitarte alkohol izaten da. Datu hori kontuan izanik, neurria hartuta edan behar da, baina benetan onuragarria izan daiteke.

Alkoholik gabeko garagardoa (ia alkoholik gabekoak, hobeto esanda) azido folikoaren iturri izan daiteke. Azido folikoa beharrezkoa da zelulen garapenerako, eta haurdun dauden emakumeek ez dute horren eskasiarik izan behar umeak bizkarrezur bifidoa izan ez dezan. Gaur egun, haurdun dauden emakume guztiek jasotzen dute informazio hori, eta ginekologoek egunero hartu beharreko pilula ematen die haurdunaldia hasi bezain laster eta haurrari esnea ematen dien bitartean. Horrela, ziurtatuta gelditzen da haurrak bitamina horretatik behar adina hartzen duela. Horrek ez du esan nahi beste iturri batzuetakoa gutxietsi behar denik. Ohiko garagardoak 100 ml- bakoitzeko 3,5 mg azido foliko du eta alkoholik gabekoak 5 mg. Horrela, Villarmo sendagilearen esanean, 33 cl-ko botila batek eguneko beharren % 10a asetzen du.

Dena dela, orain arte arreta batik bat emakumeengan jarri den arren, gizonezkoek ere maila berean parte hartzen dute ugalketan, eta ohiturak eta jokaerak zaindu beharko lituzkete. Izan ere, jakina da dietak, erretzeak, alkohola edateak, etab.ek eragina dutela ugalketa-osasunean. Eta, gainera, azido foliko gutxi izanez gero, kromosomak kaltetuak izateko arriskua dago. Beraz, gizonezkoei ere ez lieke kalterik egingo noizean behin alkoholdun garagardoa baztertu eta alkoholik gabeari heltzeak.

Anemia eta deshidratazioaren aurka

Haurdun egon ez baina jateko ohitura txarrak dituztenentzat ere alkoholik gabeko garagardoa onuragarria da, azido folikoak anemia saihesten ere lagun baitezake.

Adinean aurrera egin ahala ere, deshidratazioa eta nerbioetako endekapenezko gaixotasunak, Alzheimerra kasu, garatzen joateko arriskua dagoen heinean, ez da kaltegarria alkoholik gabeko garagardoa edatea. Izan ere, alkoholik gabeko garagardoaren % 95 ura da, eta azido folikoa eta kaloria batzuk ez dira sobera izaten adin horretan. Hala ere, kontu izan behar da adinduak glukosa eta intsulina-alteraziorik ez izateko, eta kasu horietan, kontsumoaren egokitasuna baloratu beharko da.

7K-n argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia