}

Txingudi badiako labarrak eta landak

1992/10/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Higer lurmuturraren aurrean Amuitze irla dugu, eta Santa Anaren aitzinean, Hendaia ezagun bihurtu duten Dunbarriak.

Bidasoa ibaiaren estuarioa Higer eta Santa Ana lurmuturrez babesturiko badia zabal batez amaitzen da, iparmendebaleko ekaitz gogorretan migratzen ari diren hegaztiei geriza-baldintza ezinhobeak eskaintzen dizkielarik. Higer lurmuturraren aurrean Amuitze irla dugu, eta Santa Anaren aitzinean, Hendaia ezagun bihurtu duten Dunbarriak.

Labarrak

Lurmutur hauen bi aldeetara Euskal Herriko kostaren ezaugarri den labarretako paisajeak agertzen dira, Jaizkibel mendiaren kasuan, sarrera txikiez josita daude, bertan itsasoratzen diren erreken eragina dela eta. Hendaiako labarrean, ordea, Santa Ana lurmuturretik eskuinera, Loia izeneko badia agertzen da, harri-irla txiki batez itxita.

Geologiaren ikuspegitik ere, oso desberdinak dira Jaizkibel eta Hendaiako labarrak; lehenengoa gehienbat harearri eta margaz osatuta bait dago, eta bigarrena, aldiz, karearriz. Honek eragin handia dauka bai ingurune hauen morfologian (higadura-agenteek ez bait dute eragin berdina bi harri-mota hauetan), eta bai hidrologian (Jaizkibelen, marga iragazkaitzezko geruzei esker, lurgaineko ur ugari agertzen den bitartean, Hendaiako labarretan karearriaren ezaugarriak direla eta, lurpeko uren eta leizezuloen ugaritasuna nabaria da).

Labar harritsu hauetan dagoen landaredi urria balio ekologiko handikoa da. Crithumun maritimum landarea dugu hauetako bat.

Zorionez, bai Hendaiako bai Hondarribiako harkaitz-kostak babestuta daude; lehenengoa “Abadia-ko gaztelua” izeneko erreserba naturalean kokatuta dagoelako eta bigarrena, suteen arriskua oraindik nabaria izan arren, aurreko urtean Hondarribiako udalak, Jaizkibel mendia zaintzearren hartutako neurrei esker.

Amaitzeko, labarretako ekosistemen garrantzi ekologikoa kontutan hartuz, Txingudi ondoko labar hauen fauna eta landarediaren deskribapen txikia egitea komeni dela iruditu zait; bertan bait ditugu beste inon agertzen ez diren landare-espezie ugari eta beste tokitan gizakiaren eraginez desagertu den zenbait ekosistema.

Zentzu honetan txalogarriak dira instituzioek inguru hauek babestu eta mantentzeko hartutako erabakiak, eta Jaizkibel mendiaren kasuan beharrezkoa da bide horri ekitea, mendia hiriaren luzapen bihurtu nahi duten kolektiboen asmoetan erori gabe.

Labarretan bi alde nagusi bereiz ditzakegu: itsasotik gertuen dagoen labar harritsua, eta ezponda eta erlaitzez osaturiko belar-aldapa. Lehenengoan, bizitzarako baldintzak oso gogorrak dira faktore desberdinak direla eta:

  • Ozeanoaren eraginez, higadura oso handia da, landareek behar duten lurzoruaren eraketa galerazi egiten delarik.
  • Bestalde, gazitasun handiko uhinen zipristinek, landareei osmosi-arazoak sortzeaz gain dagoen, lurzoru urria ere eraman egiten dute.
  • Haize gogorreko inguruak direnez, alde batetik ezinezkoa da altuera handiko landareak haztea, eta bestetik lehortasuna nabaria da; haizeak eta eguzkiztapen gogorrak ebapotranspirazioa azkartu egiten bait dute.
Hontza zuriaren (Tyto alba) egagropilak (liseritu gabeko materia organikoa ahotik botatzen dute horrela).

Faktore guzti hauen eraginez, labar harritsu hauetan dugun landaredi urria balio ekologiko handikoa da; eboluzioaren bidez, labar hauetako arteka eta arrailduretan bizitzeko moldaera desberdinak eskuratu bait dituzte. Ingurune hauetan bizi ohi diren landareak Crithmum maritimum eta Plantago maritima belar-espezieetakoak dira, sarritan Asplenium maritimum iratze-espezieko aleak azaldu direlarik.

Gorago, aldapa eta itsasoaren eragina leuntzen diren heinean, landare-estaldura handiagotuz joaten da, lurzoruaren metaketa ere, errazten delako. Alderdi hauek Festuca rubra gramineo-espezieaz beteta daude, tartean beste zenbait espezie ere agertzen direlarik. Esate baterako: Leucanthemum crassifolium, Anthyllis vulneraria, Daucus carota, Tamarix gallica edo Euskal Herriko labarretako endemikoa den Armeria euskadiensis belar-espeziea. Eskualde hauetan agertu ohi da zuhaitz-itxura duen milazka frantsesa ere ( Tamarix gallica ), baldintza gogor hauetan bizitzeko eite handiko landare bakarra delarik.

Zirauna (Anguis fragilis), Jaizkibelgo herpetotasunaren adierazle.

Abadiako labarretan, karearriz osatuta egotearen ondorioz, landaredia aberatsagoa da, landarerik nabarmenena Helichrysum stoechas belarra izanik.

Landak

Azkenik, aldapa desagertzen den aldean, bai Hendaiako Abadian, bai Jaizkibelen, itsas landetako ekosistemak aurkitzen ditugu. Izen honen zergatia, alderdi hauetan itsas bazterreko zenbait belar-espezie azaltzen duen landare-komunitate berezian datza. Inguru hauetan, itsasoaren eragina hutsaren hurrengoa da eta haizea da bizitzarako baldintzak markatzen dituena. Horregatik, toki hauetan azaldu den landaredia almoadatxo itxurako ordezkapeneko sasitza-komunitateez (basoa desagertzen denean agertzen diren landare-komunitateez) osatuta dago, hauen artean espezierik arruntenak otea ( Ulex europaeus ), otarra arrunta ( Genista hispanica ) eta ainarra burusoila ( Erica vagans ) izanik.

Hontza zuriaren (Tyto alba) habia Jaizkibelgo harkaitz batean.

Landa hauen hedapenak eta giza presio moderatuak, garrantzi ekologiko handiko toki bihurtu dituzte alderdi hauek, bertan normalean nekez ikus daitezkeen animalia ugari agertzen delarik. Puntu honen barruan, aberastasun ornitologikoa aipatu behar da; landa hauetako otadietan habia egiten bait dute uda-txirtak ( Anthus trivialis ), tuntun arruntak ( Prunella modularis ), etze-txinboak ( Sylvia undata ), pitxartxarrak ( Saxicola sp. ), buztangorri ilunak ( Phoenicurus ochruros ), eta abarrek.

Hontza zuriak ( Tyto alba ), belatz handiak ( Falco peregrinus ) eta belatz gorriak ( Falco tinnunculus ), landako hegazti, karraskari eta narrastiak hondakatzen dituzte, malkar aldapatsuenetan habia eginez. Aipatzekoa da, bertan habia egin ez arren, arrano sugezalearen (Circaetus gallicus) presentzia nabaria; landa hauetako narrasti-ugaritasuna erakargarria bait da harrapari honentzat.

Jaizkibelgo labarrak. Harearri eta margaz osatuta eta sarrera txikiz josita daude, bertan itsasoratzen diren erreken eraginez.

Ugaztunei dagokienez, suteen ondorioz zuhaitz-estaldura desagertzeak espezie-dibertsitatea murriztu egin du, gaur egun gelditzen direnak azeria ( Vulpes vulpes ), lepazuria ( Martes martes ) eta katajineta arrunta ( Genetta genetta ) direlarik.

Aipamen berezia merezi du Jaizkibelgo herpetofaunak; bertan ditugun mikroklima eguzkitsu eta babestuei esker bait daude narrasti-komunitate aberatsak. Hauetan aipagarriak dira musker berdea ( Lacerta viridis ), sugandila iberiarra ( Podarcis hispanica ) edo Schreiber muskerra ( Lacerta schreiberi ).

Ugaztun baten gordelekua
sarreran ikus daitezke atzaparren arrastoak

Landetako narrasti hauei Jaizkibelgo erreketako ekosistemetan aurki ditzakegunak gehitu behar zaizkie; luzera txikiko erreka hauetan goian aipatutakoak ezezik, ugari bait dira, apo arrunta ( Bufo bufo ), uhandre marmolairea ( Triturus marmoratus ) eta suge gorbataduna ( Natrix natrix ) ere. Erreka hauen deskribapenaren ildotik, aipatzekoa da, ibai-aingirazko ( Anguilla anguilla ) aberastasuna ere; Jaizkibelgo ohizko bisitaria bait da.

Ez nuke artikulu hau Jaizkibelgo Zakur mutur eta Markotx inguruetan azaldu den kaio habiagilezko kolonia aipatu gabe amaitu nahi. Kolonia honetan bi kaio-mota agertu dira: kaio iluna ( Larus fuscus ) eta kaio hankahoria ( Larus cachinnans ).

Kolonia honen garrantzia bi arrazoitan oinarrituta dago:

  • Europa eta Kantauri itsasoko kaio-kolonia gehienen elikadura-iturririk garrantzitsuena hondakin organikoak badira ere, Jaizkibelgoan, elikadura-dietaren proportziorik handiena zenbait karramarroren ( Liocarcinus puber eta Liocarcinus corrugatus -en) bidez lortzen dute.
  • Orain dela urte gutxi, kaio ilunaren nidifikazio-muga Bretainiako penintsulan zegoen, baina Galiziako zenbait tokitan eta Jaizkibelen aurkitutako koloniei esker, gaur egun muga gure latitudeetan dago.
Hendaiako labarrak. Kararriz osatuta dago eta lurpeko uren eta leizezuloen ugaritasuna nabaria da.

Jaizkibelen kasuan, gizakiaren eta suteen ondoriozko hondamena kontutan hartzekoa bada ere, biologi aberastasuna nabaria da, hau Jaizkibelgo ekosistemen gaitasun trofiko handiaren adierazlea izanik. Orain arte inguruarekiko adierazi ez dugun errespetua agertuko balitz, hemendik urte gutxira, Jaizkibel paradisua izatera itzuliko litzateke. Saia gaitezen, inguru hauek hurrengo belaunaldientzat guri utzita baino hobe uzten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia