}

Tratamendu neuroleptikoekiko jarrerak

2015/09/01 Ozamiz Etxebarria, Naiara - Psikologian doktoreMedikuntza eta odontologia fakultateko irakaslea | Guimon Ugartetxea, José - Psikiatrian doktoreEHUko katedradun emeritua | Markez, Iñaki - Psikiatrian doktoreZubiok eta AMSA elkarteetako psikiatra | Ozamiz Ibinarriaga, Jose Agustin - Soziologian doktoreEHUn eta Deustuko Unibertsitatean irakasle aritua Iturria: Elhuyar aldizkaria

tratamendu-neuroleptikoekiko-jarrerak
Arg. © DollarPhotoClub/Mikael Damkier

Psikosiaren tratamendurako erabiltzen diren farmakoak dira neuroleptikoak. Batez ere garunean eragiten dituzte aldaketak, eta, adibidez, eskizofreniaren kasuan, haluzinazioak gutxiagotu egin ditzakete. Eztabaida ugari egon da beti gaixo mentalei neuroleptikoak ematearen inguruan, sortzen dituzten albo-ondorioak direla eta.

2012aren hasieran, paziente psikiatriko batzuek ekintza kriminal larriak egin zituzten Bilbon, eta eztabaida handia sortu zuen horrek osasun mentalaren arloan lan egiten zuten profesionalen artean. Artikulu honen egileok ere ondo dokumentaturiko eztabaida bat izan genuen gai honen inguruan.

1986an Bizkaian neuroleptikoekiko zeuden jarrerak aztertu genituen [1]. Inkesta hura eguneratu eta ikerketa berri bat egin genuen 2012an, gaur egungo egoera aztertzeko. Desberdintasun esanguratsuak aurkitu genituen neuroleptikoen jarrerekiko, eta bilakaera bat atzeman genuen horiekiko aurreiritzietan. Tratamendu neuroleptikoen inguruko hausnarketa batzuk egitera eramaten gaituzte azterketa horietako datuek.

Neuroleptikoen erabilera eskizofrenia duten paziente arriskutsuekin

Psikosia eta, batez ere, eskizofrenia arriskuarekin lotu ohi dira. Horregatik, normalean, ospitale psikiatrikoetan ingresatzen dira nahaste hori duten pazienteak. Hala ere, nahiz eta gaixo mentalen arriskugarritasuna erreala den, ez da oso maiz gertatzen egoera larririk. Egia da jokabide agresiboak gaixotasun psikotikoaren lehenengo seinalea izan daitezkeela, baina eskizofrenia duten pazienteek ez dute gainerako herritarrek baino joera handiagorik inor hiltzeko. Hiltzaileen % 2k soilik izaten du psikosiren bat.

Hala ere, informazio sentsazionalista emateko joera izaten dute komunikabideek [2], batez ere gaixotasun hori duen norbaitek inor hiltzen badu. Hori gertatzen denean, ustekabeko arrazoiengatik hiltzen dute; normalean, gaixotasunaren eldarnioen edo haluzinazioen eraginpean. Bestalde, beste edonorenak baino askoz bortitzagoak izan ohi dira gaixo horien erasoak (eskizofrenikoenak, bereziki).

Kontuan izan behar da tratamendurik jasotzen ez duten paziente eskizofrenikoek izaten dutela, gehienetan, jokabide agresiboa. Horiek normalean, gutxi kontrolatzen dituzte bulkadak, eta batzuetan ustekabeko asaldu gogorrak izaten dituzte. Bestalde, zenbait azterketak dioenez, norbait hil duten paziente eskizofreniko askok substantzia toxikoak kontsumitzen dituzte (legez kontrako drogak eta alkohola).

Ospitale psikiatrikoetatik ateratzean izaten dira hilketa gehienak; hori dela eta, gizarteak begi txarrez ikusten ditu eskizofrenia duten gaixoak. Inork ez du hitz egiten, ordea, ospitale psikiatrikoetan alta ematen zaien eta inor hiltzen ez duten pazienteei buruz.

Komunikabideek eta herritarrek, oro har, “ero” arriskutsuaren irudia jartzen diete. Egia da paziente horiek arriskutsuak izan daitezkeela batzuetan. Tamalez, jokabide arriskutsuak aurreikusteko zantzurik onena aldez aurretik izandako beste jokabide bortitz bat izaten da. Bestalde, hauek izaten dira, normalean, bortizkeriazko jokabideak izateko arrisku-faktoreak: jazarpenezko haluzinazioak edo eldarnioak, substantzia jakin batzuen gehiegizko kontsumoa eta umetan abusuak jasan izana. Horregatik, bortizkeria-arriskurik baldin badago, beharrezkoa izaten da paziente horiei neuroleptikoak ematea. Normalean, paziente erasokorrek neurri hori onartzen dute, euren bulkada oldarkorren beldur izaten baitira, eta laguntza eskatzen baitute, kontrola ez galtzeko. Neuroleptiko gehiegi emanez gero, ordea, handiegia izan daiteke haien eragin lasaigarria. Neuroleptikoen albo-ondorioen kontrako jarrera beti egon da, baina azkenengo 20 urteotan aurreiritziak gutxitu egin dira. Hala ere, kritikak asko dira oraindik ere, eta zerbitzu psikiatrikoen aurkako salaketa ugari jartzen dira neuroleptikoak direla eta. Hala, psikiatrak egoera zailean daude iritzi publikoaren zenbait sektoreren aurrean.

Bi ikerketen arteko konparazioa

1986an Getxon lehen mailako arretako medikuarengana zihoazen laurehun pazienteren artean egindako ikerketa batean, psikofarmakoen erabilerarekiko jarrera negatiboa aurkitu genuen [1]. Hauek dira ikerketa horren emaitza nagusiak:

Pazienteak tratamenduaren eraginkortasunari buruzko zalantzak baldin baditu, askotan ez du ondo jarraitzen tratamendua. Arg. © DollarPhotoClub/LoloStock

• Oro har, gizonek baino konfiantza txikiagoa zuten emakumeek substantzia psikoaktiboetan.

• Substantzia psikoaktiboekiko jarrera negatiboak areagotu egiten ziren adinean aurrera egin ahala, eta pertsona edadetuek nahiago zituzten sendagai naturalak.

• Zenbat eta altuagoa estatus soziala, orduan eta txikiagoa zen substantzia psikoaktiboekiko beldurra.

• Zenbat eta kontserbadoreagoa jendea, orduan eta errezelo handiagoa psikofarmakoekiko.

• Psikofarmakoen aldekoak ziren sintoma larrienak zituzten pazienteak, eta beldur gutxiago zieten haien albo-ondorioei.

Esan beharrekoa da neuroleptikoak asko garatu direla azken urteotan. Cochranen egindako azterketa baten emaitzek erakusten dutenez, eraginkorrak eta seguruak dira paziente eskizofrenikoentzat, eta eskizofrenia prebenitzeko balio dutela ere egiaztatu da. Beraz, oro har, jarrera positiboa dute psikofarmako horiekiko psikiatrek, erizainek eta pazienteek.

2012ko hasieran Bilbon paziente psikiatriko batzuek eragindako heriotzen ostean, egungo egoera aztertzeko beste ikerketa bat egitea erabaki genuen lan honen egileok.

EHUko medikuntzako berrehun ikaslerekin egin zen ikerketa, substantzia psikoaktiboekiko eta neuroleptikoekiko jarrerak aztertu eta 1986an jasotako emaitzekin konparatzeko. Hona emaitzak:

• Neuroleptikoekiko jarreretan alde esanguratsuak atzeman genituen, populazio batetik bestera, eta aurreiritziei dagokienez eboluzio bat ikusi genuen.

• “Naturista” deritzogun faktore bat atzeman genuen bi ikerketan, hau da, baliabide naturalak neuroleptikoak baino hobeak direla uste du zenbait jendek, lehenbizikoek albo-ondoriorik ez omen dutelako.

• Bi ikerketetan adierazi zuten emakumeek gizonek baino konfiantza gutxiago neuroleptikoekiko.

• Oro har, beharrezkotzat jotzen dira neuroleptikoak, kontrolpean, betiere.

Psikohezkuntzako taldeetara joaten diren pazienteek hobeto jarraitzen dute tratamendua, eta ospitaleratze gutxiago izaten dituzte. Arg. © DollarPhotoClub/WavebreakmediaMicro

Tratamendu farmakologikoa: arazoak

Oro har, lotura estua egon ohi da tratamendua betetzearen eta pazienteek medikazioarekiko duten jarreraren artean. Genevako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Departamentuan ikerketa bat egin zen 1999an, 324 pazienterekin, medikazio psikoaktiboekiko jarrerak aztertzeko [3]. Ikerketa horretan ikusi zen medikazio psikoaktiboekiko jarrera negatiboa tratamendua ez jarraitzearekin lotuta zegoela. Tratamendua ez jarraitzea ez zen jarrera irrazionaltzat hartzen, baizik eta erabaki arrazionaltzat, eta faktore hauetan zegoen oinarritua erabaki hori:

• Pazienteek federik ez izatea medikazioaren erabilerarekiko eta eraginkortasunarekiko.

• Desabantailak onurak baino gehiago direlako ustea; adibidez, kostua eta horrek sor ditzakeen eragozpenak.

• Familiaren eta gizartearen sostengurik eza.

Genevako ikerketa hark berretsi egin zituen urte batzuk lehenago (1993an) Angermeyer eta Matschingerrek Alemanian egindako lan batean ondorioztatutakoa [4]: terapia eraginkorra dela uste badu, pazienteak hobeto jarraitzen du tratamendua; aldiz, pazienteak tratamenduaren eraginkortasunari buruzko zalantzak baldin baditu (ezagutza psikiatrikoak zalantzan ipintzen dituelako), ez du ondo jarraitzen tratamendua.

Amaitzeko, hau ondorioztatu zuten Goergek eta kolaboratzaileek Genevako Unibertsitate Ospitalean bertan 1990ean egindako beste ikerketa batetik [5]: pazientearen eta instituzio psikiatrikoaren balioak eta arazoekiko jarrerak bat ez badatoz, itxarobide desberdinak izaten dituzte pazienteek eta terapeutek. Dena den, hainbat pazientek, balioekin bat etorri ez arren, jarraitu egiten dute tratamendua, zenbait arrazoi direla medio: konformitatea, mendekotasuna, presioa…

Neuroleptikoekiko jarrera positiboak bultzatzeko proposamena

1999an, Eguiluzek, Gurutzetako Ospitaleko psikiatra eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, Bilboko zentro anbulatorio batean beste ikerketa hau egin zuen: medikamentu neuroleptikoei buruzko jarrera positiboak bultzatzeko talde batean parte hartu zuten paziente eskizofreniko batzuen bilakaera aztertu zuen [6]. Kontrol-talde batekin konparatu zituzten ikerketaren emaitzak eta ikusi zuten talde esperimentalean gehiago hobetu zirela tratamendu farmakologikoaren jarraipen-maila eta pazienteen sintomak. Geroago, Basurtuko psikiatria zerbitzuko zuzendari Miguel Angel González Torresek eta Eguiluzek antzeko teknikez egindako ikerketa batean ikusi zuten psikohezkuntzako taldeetara joaten ziren pazienteek kontrol-taldekoek baino ospitaleratze gutxiago izaten zituztela.

Ondorioz, uste dugu, substantzia psikofarmakologikoekiko jarrerak aldatzeko, lagungarri izan daitekela hezkuntza-programak sortzea eta informazio-kanpainak martxan jartzea.

Bibliografia

[1] Ozamiz, j.A., Sarabia, z.: “Prejudices of the general public towards neuroleptics”. European Psychiatry, 12 (suppl. 2) (1997), p. 132s.
[2] Brandli, h.: “The Image of Mental Illness in Switzerland, in The Image of Madness”. Karger: Basel (1999), p. 29-38. J. Guimón, W. Fischer, and N. Sartorius, Editors.
[3] Fischer, w., et al.: “Determining Factors and the Effects of Attitudes towards Psychotropic Medication, in The Image of Madness The Public Facing Mental Illness and Psychiatric Treatment”. Karger Medical and Scientific Publishers: Basel (1999), p. 162-186. J. Guimon, W. Fischer, and N. Sartorius, Editors.
[4] Angermeyer, m.C. et al.: “Benefits and risks of Psychotropic Medication in the Eyes of the General Public: Results of a Survey in the Federal Republic of Germany” Pharmacopsychiatry, (1993), 26: p. 114-120.
[5] Goerg, d. et al.: “Congruence patients thérapeutes et dropout en psychiatrie ambulatoire publique”. Sciences Sociales et Santé, (1990), 8(3): p. 49-71.
[6] Eguiluz, I., González Torres, M.A., Guimón, J.: “Psychoeducational Groups in Schizophrenic Patients, in The Image of Madness. The Public Facing Mental Illness and Psychiatric Treatment”, Karger: Basel, (1999), J. Guimón, W. Fischer, and N. Sartorius, Editors.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia