}

Transgenikoen uzta oparoa

2008/03/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Europako Batasuneko herrialdeetako nekazaritza-ministroak ez dira ados jarri, eta patata transgenikoa landatzeko baimenari buruz bozketarik ez egitea erabaki dute. Patataren auziak agerian jarri du Europako Batasunean transgenikoen gainean dagoen desadostasuna, baina, eztabaidak eztabaida, transgenikoen uzta handitu egin da azken urtean, bai Europan bai mundu osoan.
Patata transgenikoa aproposa da industrian erabiltzeko.

Bruselan desadostasuna sortu duen patata industriarako egokiagoa izateko eraldatuta dago. Hain zuzen, patatak bi motatako almidoia du, amilosa (% 25) eta amilopektina (% 75), eta lehenengoa garbitu egiten dute industrian, ez baitie ezertarako balio. Bestea, berriz, paper-orea eta plastikozkoen antzeko poltsak egiteko erabiltzen da, besteak beste.

Hainbeste almidoi alferrik ez galtzeko, amilosarik gabeko patata transgenikoa garatu du Basf konpainiak. Hori egiteko, amilosa sortzeaz arduratzen den genea inaktibatu diote patatari. Hala, patataren almidoi guztia da erabilgarria industrian, eta, gainera, geratzen diren hondarrak abereen bazkarako erabil daitezke, ez baitu eraginik abereen osasunean. Hori diote, behintzat, Basfeko ingeniariek, eta baita Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakundeak ere.

Alabaina, denek ez dute hain garbi. Izan ere, patatak badu beste berezitasun bat: kanamizina antibiotikoarekiko erresistente egiten duen gene bat sartu diote. Gizarteko talde eta eragile askorentzat hori ez da onargarria; esaterako, Greenpeacek gogorarazi du 2004an Europako Batasunak erabaki zuela ez zituela baimenduko antibiotikoekiko erresistentzia zuten transgenikoak.

Lehen transgenikoa 1998an onartu zuen Europak: Bt artoa. Arto transgeniko horrek Bacillus thuringensis izeneko bakterioaren gene bat dauka. Gene horrek artoari kalte egiten dioten intsektuetako baten aurkako proteina bat sortzen du, eta, beraz, uztak hondatzen dituzten intsektuekiko erresistente bilakatzen du artoa. 1998tik geroztik Europak baimendu dituen transgeniko guztiak genetikoki eraldatutako arto-barietateak izan dira.

Europako Batasunaren herrialde guztiek, dena den, ez dute berdin jokatzen. Frantzian, esaterako, duela gutxi arto transgenikoaren barietate bat ereitea debekatu dute; Espainian, aldiz, gero eta arto transgeniko gehiago egiten da. Hala azaltzen da ISAAA erakundearen azken txostenean.

Etenik gabeko hazkuntza

ISAAA bioteknologiak nekazaritzan dituen aplikazioez arduratzen da, eta mundu osoko transgenikoen ekoizpenen datuak kaleratzen ditu urtero. Datu horien arabera, Espainiak Europako Batasuneko transgenikoen ekoizle handiena izaten jarraitzen du, eta, gainera, bere maila sendotu du, 2007an aurreko urtean baino % 40 arto transgeniko gehiago ekoitzi baitu.

Arto transgenikoa da Europako Batasunak baimnendutako landare transgeniko bakarra.

Espainiako estatuaren barruan, Katalunian eta Aragoin egiten da gehien, baina beste leku batzuetan ere asko handitu dira transgenikoen landaketak. Esate baterako, Extremaduran azken urtean hirukoiztu egin dira, eta Nafarroan, berriz, bikoiztu. Horrenbestez, Espainiako estatuan egiten den artoaren % 21 transgenikoa da.

Datu horiekin, Espainia munduko 12 ekoizle handienen artean dago. Lehen lekuan Estatu Batuak daude, eta haren atzetik datoz Argentina, Brasil, Kanada, India eta Txina. ISAAA erakundeak nabarmendu du garatze-bidean dauden herrialde gehiago daudela ekoizleen artean garatutakoak baino, transgenikoak landatzen hasi zirenetik lehen aldiz. Zehazki, garatze-bidean dauden 12 herrialdetan landatu dira transgenikoak 2007an, eta garatutako 11 herrialdetan.

ISAAAk eta beste erakunde batzuek esaten dute landare transgenikoak bereziki onuragarriak izan daitezkeela garatze-bidean dauden herrialdeetako biztanleentzat. Asmo horrekin sortu dituzte, esaterako, A bitaminatan aberatsa den arroza eta lehorteekin galtzen ez den garia. Alabaina, oraingoz, garatze-bidean dauden herrialdeetan landatu diren barietateen jabeak industrializatutako herrialdeetakoak dira, eta ekoizpenaren zati handi bat inportatzen dute.

Hori alde batera utzita, proportzioan, transgenikoen ekoizpenean gehien hazi den herrialdea India da, hirugarren urtez jarraian. 2006tik 2007ra % 67 handitu du bere ekoizpena, eta, batez ere, kotoia egin dute. Txinan ere asko hazi da kotoi transgenikoa; hala, iaz, landatu zuten kotoi guztiaren bi heren baino gehiago transgenikoa zen. Horrez gain, papaia eta makal transgenikoak ere landatzen dituzte.

Zenbaki absolutuetan, berriz, Brasilek izan du transgenikoen hazkuntza handiena. Batez ere, soja eta kotoia egiten dute han, baina azukre-kanabera transgenikoaren ekoizpena ere gorantz doa. Etanola egiteko erabiltzen dute, eta hemendik aurrera are gehiago ekoitziko dela uste dute ISAAAkoek.

Baina gehiena Estatu Batuetan egiten da. Besteak beste, soja, arto, kalabaza, papaia eta alpapa transgenikoak egiten dituzte, eta iaz ekoitzi zuten kotoiaren % 93 transgenikoa zen. Inondik ere, nabarmena da transgenikoen nagusitasuna, baina, hala ere, denek ez dute garbi bioteknologia-konpainiek esaten duten bezain onak ote diren.

Hain zuzen ere, kotoi transgenikoak ohiko barietateek baino irabazi handiagoak ematen dituen ikertu dute Estatu Batuetako Georgiako Unibertsitateko ikertzaileek, eta hainbat barietatek ekoizpen-metodo desberdinekin emandako irabaziak alderatuta, ondorio honetara iritsi dira: kotoiaren barietateak ez du eragiten irabazietan; bai, ordea, ekoizpen-metodoak. Beraz, badirudi irabaziak handitu nahi dituen nekazariak hobe duela metodoei erreparatzea, hazi edo landare transgenikoak erostea baino.

Transgenikoek hartutako azaleraren bilakaera 1996tik 2007ra, motaren arabera (urdinez, herbizidekiko tolerantzia; gorriz, intsektuekiko erresistentzia, eta horiz, biak).
Iturria: ISAAA, 2007.
Landare transgenikoek 2007an hartutako azalera, milioka hektareatan (berde argiz, ez-transgenikoak; berde ilunez, transgenikoak)
Iturria: ISAAA, 2007.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia