}

Transgenikoak, susmo txarren itzal geroz eta luzeagoa

2001/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Cry9C proteinak erresistenteago egiten du artoa, baina gizakiarengan alergiak eragin ditzakeenez, StarLink motako arto transgenikoa animaliak elikatzeko bakarrik landa daiteke. Berriki, proteina horren arrastoak gizakiarentzat hazitako arto barietate batean aurkitu dira, ordea. Aventis etxeak, arto transgeniko mota horien jabeak, ezin izan dio azalpenik eman gertaerari; ez dakite bi arto barietateen istripuzko nahastea gertatu den, ala gene transgenikoak batetik bestera salto egin duen.

Cry9C proteinaren arrastoak 1998an aurkitu ziren gizakientzat izan behar zuten arto-hazietan. Aventis-ek ez daki oraindik hazi horietatik zenbat landatu ziren, ez eta non saldu ziren ere. Duela hilabete gutxi StarLink artoa gizakientzako elikagaietan aurkitu zen Estatu Batuetan.

Bestalde, urte-hasieran erremolatxa-barietate biren arteko polinizazioa gertatu zen Aventis-en negutegi batzuetan, eta erremolatxak pestizidekiko erresistenteagoak egin ziren. Halako gertaeren larritasuna neurtzea zaila bada ere, mesede eskasa egiten diete genetikoki eraldatutako produktuen segurtasuna aldarrikatzen dutenei.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia