Elhuyar zientziaren komunikazioa

Transformazio genetikoa nekazaritzan eta elikaduran

1999/10/01 Ruiz de Galarreta, Jose Ignacio Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nekazaritza hasiera-hasieratik espezie jakin batzuen hautaketan oinarritu da, eta horietan, bereziki aldeko ezaugarriak dituzten barietateen hautaketan, bai landatzeko eta bai produktuaren kopuru eta kalitate handiagoa lortzeko. Hobekuntza genetikoa aipatutako prozesuan metodologia zientifikoa ezartzea da. Horri esker eta nekazaritzako produktu berrien eta nekazaritzako teknika moderno berrien ezarpenarekin batera, nekazaritza gaur egungo etekin-mailara jaso duten haziak lortu dira. Hobekuntza genetikoa landatutako espezieen eta berauekin gurutza daitezkeen gertuko oinordekoen aldakortasun naturalean oinarritzen da. Espezie jakin bati ezaugarri jakin bat txertatzea interesgarria balitz, eta eskura dauden barietateetan horrelako ezaugarririk ez balego, hobekuntza genetikoak ezingo luke ezer egin. Horretan ari da, hain zuzen ere, azken 15 urteetan gutxi gorabehera, biologia molekularra.

Beste izaki bizidun batzuen jatorrizko informazio genetikoa zehatz eta egonkor txertatzea posible egiten duenez, DNA birkonbinatzaileko teknologia ezartzeak landareen hobekuntza genetikoaren arlora iraultza ekarri du. Une horretara arte, hobekuntza genetikoa bariatateen hautespen eta gurutzamendu-tekniken bidez egin da. Prozesu geldoa eta garestia izateaz gain, gaindiezineko oztopo genetikoak zituzten teknikak ziren.

Aldatutako landareek honako helburu hauek dituzte:

  • Landareak kontsumitu, poluitu eta suntsitzen dituzten organismoekiko tolerantzia edo erresistentzia.
  • Muturreko egoerekiko tolerantzia; lehorte, gazitasun, bero/hotzarekikoa adibidez.
  • Produktibitatea.
  • Landareetan zenbait ezaugarri lortzea konposizio, kontserbazio edo prozesatze aldetik (konposizio elikagarriagoa, toxina naturalen murriztea edo interes farmakologikoa duten konposatuen produkzioa).

Orain arte, artoa, tomatea, soia, patata, kotoia, arroza, ekilorea, erremolatxa, tabakoa, alpapa, eta barazki ugari eraldatu dira. Landare transgenikoen ia 60 espezierekin ikerketan ari dira orain, komertzializatu aurretik (dagoeneko munduan 20.000ren bat saiakuntza egin dituzte).

Teknologia horren beste aplikazio batzuek interes terapeutikoa duten landareetan eta enzimetan hormonak ekoizteko aukera ematen dute. Adibidez, koleraren toxinako B azpiunitatearen genea duenez, gaixotasun horrekiko inmunizatzen duen patata transgenikoa garatu dute. Hori bezala, hainbat ugaztunen ugatzetan balio erantsi altuko proteinak kodetzen dituzten geneak ere garatu dira. Farmakoak dira, plasminogenoaren aktibatzailea edo hemofiliaren aurkako faktorea bezalakoak. Elikagai hartzituen kasuan bakterio laktikoak eta legami transgenikoak lortu dira, gero-heltze denbora laburragoa duen gazta edo fruta-zaporea duen ardoa ateratzeko.

Gaurdaino, eta Europan, merkatuan dauden 16 produktu transgeniko atera dira: 12 landare transgeniko, 3 txerto, eta esnetan egon daitezkeen bakterioak aurkitzeko analisi-kit-a. Merkaturatze-baimena eman aurretik, guztiak sakon aztertu dira.

Kontsumitzaileen osasuna babesteko, Europako Batasunak hainbat lege onartu ditu. Eskakizunak elikagai transgenikoaren nutrizio-konposizioa zehaztean eta balizko alergikotasuna edo toxikotasuna detektatzean oinarritzen dira. Gainerako elikagaiei ez zaie horrelako probarik egiten, baina derrigorrean eragin beharko lirateke. Espainian genetikoki eraldatutako organismoetako jardueren ingurugiroarentzako eta giza osasunarentzako balizko arriskuen kontrola, ekainaren 3ko 15/94 Legean eta 951/1997 dekretuz onartutako Araudian zehazten da. Tresna biak Europako Batasuneko bi arteztarau (90/219 artezt. eta 90/220 CEE artezt.) gehitu dituzte Espainiako legeriara. Era berean giza kontsumora bideratutako elikagai transgenikoen etiketatzea arautu egin da, soia eta artoa adibidez, Europako Batasuneko Europako Kontseiluko Nekazaritza Ministroen Araudiaren bidez (1139/98 1998ko maiatza). 1998ko irailaren 3an jarri zen indarrean, 1813/97 araudia ordezkatuz.

Hala ere, Europako araudian eztabaida handiena sortzen duen gaietarikoa, etiketatzearena da hain zuzen ere, merkaturatzen diren elikagai transgeniko guztietan agertzea nahi baita. Horregatik legea oraindik aldaketen zain dago.

Genetikoki eraldatutako barietateek pasa behar dituzten kontrolek (elikagai arruntekin alderatuta bi aldiz handiagoak dira), kontsumitzaileari eta nekazariari segurtasuna eta osasuna ez ezik, erabiltzean eraginkortasuna ere ziurtatu behar dizkiete. Lehen eskakizuna Barietate Komertzialeen Erregistroan izena ematea da, bai Espainian eta bai Europan diharduen erakundean. Izena emateko eskakizunak hiru irizpide-motara bil daitezke: identifikazio, nekazaritza-balio, eta gaixotasunekiko erresistentziaren irizpideetara.

Elikagai transgenikoek, azken finean, eztabaida ezineko errealitate dira. Gai hauetan lanean ari garen zientzialariok ezin ditugu beren gizarteko eraginak baztertu, eta gizarteari beren balizko arriskuei eta aukera erraldoiei buruzko informazioa emateko ardurari aurre egin behar diegu.

Jose Ignacio Ruiz de Galarreta (NEIKER)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia