}

Tekniker: ikerketa aplikatua

1991/05/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra | Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Komunitate Autonomoko ikerketa-zentru babestuei buruzko datuak ematen orain dela urte-pare bat hasi ginen. INASMET, IKERLAN eta CEITen egiten ari direna aditzera eman dugu orrialde hauetan. Txanda honetan Eibar aldera jo dugu, bertan dagoen TEKNIKER ezagutzearren.
Tekniker

Ikerketa-zentruaren datu-bila aritu garenean, beti gidari aproposa aurkitu izan dugu. TEKNIKER ikerketa-zentruan, Francisco Javier Garcia Robles jauna izan genuen solaskide. Zientzia kimikoetan lizentziatua da eta Cranfield Institute of Technology izenekoan industria aeroespazialerako materialei buruzko masterra burutu zuen.

Ikerketa-zentru honetan burututako bisitaren gidari, pertsona bera izan genuen. Beraz, bertan ikusitakoa eta entzundakoa ondoko lerroetan laburtuko dizuegu.

TEKNIKERen sorrera Eibarraldeko eta Deba-Egoko industrigintzan kokatu behar da. 1960-1970 hamarkadaren bukaeran industrietan kalitate hitza erabiltzen hasi zirenean, Eibarko Armeri Eskolak laborategi txiki bat sortu zuen. Hori 1967. urtean gertatu zen, baina urteak igaro ahala, hasieran laborategi txikia izandakoa asko hazi zen. Horren ondorioz, 1981. urtean, Armeri Eskolak, ikasleohien elkarteak eta industriari-talde batek sustaturik TEKNIKER sortu zen. Zentru honentzat 1982. urtea oso garrantzitsua izan zen, Eusko Jaurlaritzak erakunde babestu izeneko figura juridikoa sortu zuelako.

F. J. Garcia.

Horren bidez ikerketa-zentruak zenbait proiektu aurkezten dio Eusko Jaurlaritzari eta honek proiektu horiek aztertzearen truke diru-laguntza ematen dio zentruari. Une honetan bost erakunde babestu daude Euskal Komunitate Autonomoan eta bide honetatik lortzen den diru-laguntzaz ikerketa-zentruen aurrekontuen % 25-% 50 estaltzen da. Ikerketa-zentruek Eusko Jaurlaritzarekin bat eginda lantzen dituzten proiektuei orokor edo oinarrizko deitzen zaie. Proiektu-mota hau, industriari soil batek ezin izaten du bere gain hartu, baina euskal ekonomiarentzat oso interesgarria izaten da.

TEKNIKERek, hasieran, metalurgi alorra jorratu zuen batez ere, baina une honetan fabrikazio-teknologiaren alorra da behar handiena duena. Beraz, CAM (ordenadorez lagunduriko produkzioa), makineri diagnostikoa, simulazioa, fabrikazio malgurako zelulen garapena, enpresa txiki eta ertainetarako komunikazio-sareak etab. dira gehien lantzen diren gaiak.

Zentru honetan ehunen bat enplegatu ari dira lanean. Industri injineruak, fisikariak, kimikariak, matematikariak, maisu industrialak eta bekadunak dira lanak aurrera daramatzatenak eta horretarako tresneria desberdina dute. Ordenadorea da elementurik ugariena, baina sail desberdinek ekipamendu aurreratuena dute. Besteak beste, karakterizazio metalurgikoak egiteko, hondar-uren, industri olioen eta aleazio metalikoen analisi kimikoa egiteko, higadura- zein lubrikazio-entseiuak egiteko eta lurrin-jalkipen uzte fisikoaren bidez materiala estaltzeko gailuak daude.

"Kalitate" hitzak inoiz baino garrantzi handiago du orain.

Tresneria hau lortzeko bidea, Administrazioak zabalik duen laguntza-programetakoa izaten da. Hala ere, baliabide informatikoak ia oso-osorik zentruak berak ordaindu ditu.

Une honetan TEKNIKERek hamaika proiektu europarretan partea du. Partehartze honetatik lortzen den aberastasuna ekonomikoa baino gehiago ideien arlokoa da; proiektu hauen bidez Europako beste ikerketa-zentruekin harreman zuzenak izaten bait dira.

Euskal Komunitate Autonomoan, TEKNIKERek eta antzeko beste lau ikerketa-zentruek EITE izeneko Koordinazio-erakundea sortu zuten. EITEren zeregina koordinazioa ezezik Euskal Herriko beharrak detektatzen eta estaltzen saiatzea da. Beraz, ikerketa-zentru bakoitza espezializatu egin da eta lanak errepikatzea neurri batean ebitatzen da. Hala ere, laneko alorrak batzuetan antzekoak direnez konkurrentzia pixka bat sortzen da, baina F.J. Garciaren eritziz konkurrentzia oso positiboa da, zeren eta erakundeen arteko elkarrizketa bultzatzen bait da.

Edozein prozesutan informatika ezinbestekoa da.

TEKNIKERen burutzen den lanaren helburua eta zeregina Euskal Herrian kokatzen bada ere, lortutako espezializazioagatik Euskal Herritik kanpo eskaerak ere ugaldu egin dira. Nolabait esan, eskualde baten beharrak asetzeko jaio zen enpresak gaur egun nazioarteko maila lortu du.

Etorkizunari begira, oso baikor azaldu zitzaigun gure solaskidea. Fabrikazio-teknologian dago etorkizuna eta batez ere balio erantsi handia duten produktuak aztertu nahi dira, gero industriak produktu hauek fabrika eta sal ditzan, hau da, sustatzaile-lana egin nahi da. Adibide gisa, GOITEK enpresaren kasua aipatu beharra dago; enpresa hau enpresa txiki eta ertainentzako prestazio desberdinak dituen komunikazio-sare baren komertzializazio inguruan jaio bait zen.

Aurrera segitu ahal izateko, ezinbestekotzat jotzen da finantzazio publikoa. Bere pisu espezifikoa zenbatekoa izango den zehaztea zenbait faktoreren esku dago, hots, euskal industriaren eraberritzea prozesu berrien dinamika, merkatuaren eskaera, etab. faktore garrantzitsuak izango dira.

Ikerketa-zentruetan aritzen den jendea batez ere gaztea da.

Bestalde ez da ahaztu behar EITEk, erabat harturik, 600 pertsona baino gehiago enplegatzen dituela eta, beraz, euskal industriaren premiak betetzeko oinarri sendoa dela eta izango dela.

Kaseta itzali genuenean, TEKNIKEReko sail desberdinak ikusi genituen. F.J. Garciaren hitzek asko zehaztu zuten sail haietako lan espezializatua nolakoa den. Dena dela, sail horien zeregina artikulu honetan zehar dagoen koadroan laburtu dugu.

Elhuyar. Zientzia eta Teknika

ren zeregina zientzia eta teknikaren berri xamur ematea bada ere, F.J. Garciak asko erraztu zizkigun gauzak. Gairik zailenak erraz bihurtzeagatik mila esker berari.

Tekniker: sailez sail

Metrologia dimentsionala

Espainiako Energi eta Industri Ministraritzaren industri kalibraziorako sistemak TEKNIKEReko laborategia homologatu egin zuen.

Kalitate-mailarik handiena nahi duten enpresek beren ekipamenduen kalibratzea ezinbestekoa dute.

TEKNIKERek, zerbitzu hauek eskaintzeko ondoko tresneria du:

  • Laserrezko interferometroa
  • Patroi-mota desberdinak: luzerazkoak, angeluarrak, etab.
  • Poligono optikoak
  • Autokolimadorea
  • Hiru dimentsioak neurtzeko makina
  • Neurtzeko makina unibertsala
  • Koordenatu bat neurtzeko makina
  • Profil-proiektorea
  • Profil-neurgailua
  • Zimur-neurgailua
  • Biribiltasun-neurgailua
  • Beste zenbait

Mekanika

Alor honetan lantzen diren gaiak lau dira batez ere:

  • Egituren kalkulaketa. Elementu finituen metodoa
    TEKNIKERen egindako software-paketearen bidez, makina erremintaren ohizko elementuak kalkula daitezke. Konpositezko egiturak ere landu daitezke pakete honen bidez.
  • Makina erremintetarako elementu mekaniko berrien diseinua
    Material berrien bidez abiadura handiko mekanizazioa posible da, produktibitatea handiagotuz. Baina, abiadura handiko mekanizazioak arazo latzak sortzen ditu. TEKNIKERek arazo hauek aztertzen ditu eta mekanizio-zentruentzat diseinatzen ditu.
  • Mekanika esperimentala
    TEKNIKERek azterketa mekaniko esperimentalak egiteko tresneria du. Horretarako, Fourier-en analizatzailea, teknika estentsometrikoak eta termografia erabiltzendira. Horrela, egituretako indar-banaketa, frekuentzia naturalak, bibrazio-moduak, zaratak, etab. ezagutu daitezke.
  • Adimen artifiziala
    Prozesuen automatizazioan sortutako arazoen konplexutasunak metodo ez-algoritmikoen beharra sortzen du. Beraz, ezagutza-baseak dira arazo hauen konpontzen lagun dezaketenak eta TEKNIKERek bere Europa-mailako esperientzia eskaintzen du.

Materialak

Alor honetan landutako gaiak batez ere ondoko hauek dira:

  • Tribologia
    Tribologia, marruskadura, lubrikazio eta higaduraren zientzia da. Arlo honetan TEKNIKERek, higaduraren ondorioz gerta daitezkeen efektu negatiboak aurrikusi eta diagnostikatzen ditu. Lubrikatzaileen, materialen eta estalduren ezaugarriak aztertzeko aparatuak ere baditu.
  • Estaldurak
    Lurrinaren uste fisikoaren bidezko estalduren teknologia TEKNIKERen ezagutzen dute. Estaldura-mota honen bidez hobekuntza nabariak lortzen dira materialetan.
  • Mekanizagarritasuna
    Mekanizagarritasuna, material batek mekanizatua izateko eskaintzen duen erraztasuna da. Mekanizagarritasun-entseiu asko egin izan da kalitate-kontrolak horrela agintzen duelako.
  • Material konpostuak
    Material konposatuak garai batean fikzio hutsa baziren ere, gaur egun errealitate bihurtu dira. TEKNIKERek oinarri metalikozko material konposatuen teknologia eskaintzen du.

Produkzio-injinerutza

Alor honetan lantzen diren gaiak ondokoak dira:

  • Fabrikazio malguko sistemak
    TEKNIKERek diseinu-mailan, gestio-softwarearen garapenean eta fabrikazio malguko sistemetan duen esperientzia eskaintzen du. Fabrikazio malguko sistemarik ezagunenetakoa Fatronix System izenekoa da. Sistema honek lau mekanizazio-zentru, erreminta-gestiogile bat eta piezen garraio automatikoa ditu.
  • Ordenadorez lagunduriko lanaren prestakuntza (CAPP)
    Prozesu produktiboaren fase desberdinen integrazioa gero eta beharrezkoagoa denez, batez ere lanaren prestaketa, izaten da arlorik neketsuena. Bide honetan, TEKNIKERek automatikoki erabiltzeko softwarea eskaintzen du, torneaketa eta fresaketa optimizatu ahal izateko.
  • CAM
    Ordenadorez lagunduriko fabrikazioan, TEKNIKERek gainazal konplexuen mekanizazioan eskaintzen du bere esperientzia.
  • Fabrikazio-sistemen planifikazio eta simulazioa
    Produktu hauen helburua fabrikazio-sistemen erabilera optimizatzea da, makinen eta elementu osagarrien erabilera tasa ahalik eta onena izan dadin.

Industri kalitatea

Alor honetan lantzen diren gaiak, ondoko hauek dira:

  • Analisi kimikoak
    TEKNIKERen egiten diren analisi kimikoak, metalenak, ur eta industri isurkinenak eta industri olioenak izaten dira.
  • Metaloteknika
    TEKNIKARek duen materialari esker edozein analisi metalografiko, kualitatiboki zein kuantitatiboki, egin daiteke. Entseiu mekanikoak eta korrosiozkoak ere noiznahi egin daitezke.

Produktu berriak

Gaur egun dagoen konkurrentzia dela eta, enpresek iraun ahal izateko balio erantsi handiko produktuak eduki behar dituzte. Ildo honi jarriatuz ondoko bi alor jorratzen ditu TEKNIKERek:

  • CIM (ordenadorez lagunduriko produkzioa) enpresa txiki eta ertainetan.
    TEKNIKERek enpresa-mota hauen esku jartzen du ordenadore eta makina zein lanpostuen arteko komunikaziorako behar diren sareak, programak etab.
  • Makina bereziak
    Enpresa askoren premia merkatuan aurkitu ezin daitezkeen produktuak eskuratzea izaten da. TEKNIKERek prototipoak diseina eta presta ditzake enpresa horien beharrak asetzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia