}

Simon Singh

2010/05/13 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gogoratzen dut hotzikarak eragin zizkidala Trick or Treatment liburuak kiropraxiari eskainitako kapituluak. Izan ere, terapia alternatiboen aurpegi gordinena erakusten zuen kapitulu hark: tratamenduak eragindako heriotza.

Liburua irakurri nuen arte ez nengoen oso jabetuta kiropraxiaren oinarriaz, ez eta aplikatzen diren tekniken agresibitateaz ere. Ornoetako subluxazioak omen dira gaitzaren jatorria, eta, tratamendua, subluxatutako artikulazioak berezkoa duten malgutasunetik pixka bat haratago bortxatzea mugimendu azkar eta lehorren bidez, subluxazioak bere tokira ekarri eta mina sendatzeko. Bizkarreko mina osatzeko erabiltzen da normalean; kasurik heterodoxoenetan, asma, belarriko infekzioak, loaren asaldura edo baita kolikoak osatzeko ere.

Dislokazioak eta hausturak dira manipulazio horien ondorio kaltegarri arruntenak, baina, lepoan egiten direnean, arriskua dago garunera doazen odol hodiak kaltetzeko, eta, kasurik okerrenean, heriotza eragiteko. Gehiegikeria bat eta izua zabaldu nahia irudi dezake esandakoak, tratamendu mediko asko baitira arriskutsuak edo oldarkorrak. Kimioterapia izan liteke adibide bat. Kontua ez da hori, ordea. Albo-ondorio larriak jasaten dituztenen ehunekoa oso txikia izanagatik, kiropraxiaren aldeko froga zientifikoak hain dira ahulak, ez baitu inolaz ere merezi arriskua hartzea.

Trick or Treatment liburuan sistematikoki aztertzen dituzte homeopatia, akupuntura, sendabelarrak eta kiropraxia Simon Singh-ek eta
Edzard Ernst-ek
-medikuntza alternatiboaren arloko medikua azkena-: zein diren haien oinarriak, zer aldarrikatzen duten, eta haien eraginkortasuna frogatzeko egin diren ikerketa eta saio klinikoen emaitzak. Ondorioak garbiak dira ikusi nahi dituen edonorentzat, eta benetan merezi du liburua irakurtzea. Kiropraxiaren kasuan, gainera, egileek espero ez zituzten ondorioak izan ditu han kontatutakoak. Izan ere, Britainia Handiko Kiropraxialarien Elkarteak auzitara eraman zuen egileetako bat, Simon Singh, The Guardian egunkarian idatzitako artikulu batean elkartea difamatzeagatik.

Duela bi urte hasi zen beldur-hotzikarak eragiteko moduko prozesua, eta joan den hilean amaitu zen, elkarteak bertan behera utzi zuenean. Garaipen gozoa izan da azkenean, nahiz eta 200.000 libera gastatu behar izan dituen Singh-ek defentsan, bai eta buru-belarri horretara dedikatu ere, bi urtez. Garaipena gozoa izan da bidean agerian gelditu direlako kiropraxialarien elkartea,eta haien ustezko froga zientifikoak - British Medical Journal -en argitaratutako artikulu batean ezeztatu zituen denak Edzard Ernst-ek berak-; baita kiropraxialarien elkarteko kideen jarduera, formazioa eta iragarkiak ere. Izugarrizko oihartzuna izan du kasuak Britainia Handian, eta amesgaiztorik txarrenean ere imajinatuko ez zuten bumeran-efektua izan du salaketak kiropraxialarien jardueraren gain. Egin kontu, webguneak ixtea gomendatu zien elkarteak kideei une batean, Singh-en kasuaren inguruan bildu diren pertsonek jarritako kexuei erantzun ezinik.

Kiropraxialariak hankaz gora jartzeaz gain, ematen du Britainia Handiko libeloaren araudiari ere eragingo diola kasu honek. 50.000 sinadura bildu dituen kanpaina baten ondoren, hura aldatzeko konpromisoa hartu baitute hiru alderdi nagusiek (araudiari egiten zaizkion kritika nagusiak dira demandatuaren gain uzten duela pisu guztia, bai frogarena eta bai ehunka mila liberakoak izan ohi diren kostuena; eta, adierazpen-askatasuna bortxatzeko baliatzen dela, ondorioz). Hori aldatuta, zailagoa izango da zientziaren hondarrean argitu eta eztabaidatu beharrekoak epaitegietan itotzea. Bejondeizula, Singh, ausartzeagatik. Jasotako babesa handia izan arren hasieratik, eta gozoa garaipena, gazia eta larria delako gertatutakoa.

Berria egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia