}

Sciencek atzera egin du neke kronikoaren auzian

2012/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Neke kronikoari buruz duela bi urte argitaratutako lan bat atzera bota du orain Science aldizkariak, "txostenean eta ateratako ondorioetan konfiantza galdu duelako". Lan hartan, neke kronikoaren jatorrian XMRV birusa egon zitekeela eman zen aditzera, eta halaxe argitaratu zuen aldizkari honek 2009ko abenduko zenbakian. Hori baieztatu izan balitz, aurrerapauso bat zatekeen gaitza ezagutzeko eta tratamenduak bilatzeko bidean. Alabaina, txostenak hasieratik piztu zuen susmoa mundu osoko ikertzaileen artean, argitaratu ziren emaitzetan azaltzen zenaren aurka haiek ez baitzuten topatzen birusaren arrastorik beren pazienteen odolean. Ikertzaileen ustez, txostenean azaltzen ziren ikerketan akatsak zeuden, eta, beraz, ondorioak ez ziren zuzenak.

Kritikak aintzat hartuta, Science aldizkaria txostenaren egileekin harremanetan jarri zen, zuzenketa bat eskatzeko. Aldizkariko editoreak adierazi duenez, ordea, egile guztiak ez zeuden okerra onartzeko prest. Horrenbestez, Science k ezohiko erabakia hartu du, eta, atzera bota du lan hura.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia