}

Satelite artifizialak Lurreko gatazken ispilu

2005/02/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ia 50 urte pasatu dira lehenengo satelite artifiziala espaziora jaurti zutenetik. Sputnik 1 zuen izena, eta jabea, garai bateko Sobietar Batasuna. Orduz geroztik, herrialde asko ari dira euren sateliteak jaurtitzen, eta dagoeneko 9.000 satelite inguru ditugu gure planetaren inguruan jiraka. Gehiegi, askoren iritziz. Izan ere, arazoak ematen hasiak dira.

LEO Lurraren orbitarik gertukoena da. Gugandik 250 eta 1.500 kilometro bitartera dago, eta hara jaurtitzen dira lurrazala aztertzeko erabiltzen diren satelite gehienak. Haiei esker Lurraren orografia zehaztasun handiz ezagutzea lortu da, txokorik ezkutuenek ere ezin baitiete ihesik egin, ezta ozeano azpikoek ere. Baina erabilgarritasun horrek berak eragin du LEO orbitan ehunka satelite pilatzea.

Gauza bera gertatzen da orbita geoegonkorrarekin. Lurrazaletik askoz ere urrutiago dago, 36.000 kilometrora ekuatorearen gainean, eta altuera horrek aukera ematen du hiru satelite soilekin Lur osoa ‘kontrolpean’ izateko. Komunikazio-sateliteetarako oso aproposa da, beraz.

Erabilerak oso azkar ari dira ugaritzen: teledetekzioa, telefono higikorren satelite bidezko komunikazioa, teleposizionamendua zein ibilbideen eta flotaren kontrola, besteak beste.

Eta sateliteen teknologia merkatzen hasia denez, gero eta gehiago dira satelite propioak jaurtitzeko baliabideak dituzten enpresak eta herrialdeak. Azken finean, inplikazio ekonomiko zein estrategiko nabariak dituzte, eta herrialde bakoitzak bere sateliteak eduki nahi izaten ditu, nahiz eta aplikazio bererako antzeko ehunka satelite egoten den maiz. Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariaren esanean, “gehiegikeria horren arrazoiak batez ere politikoak eta ekonomikoak dira, zientifikoak baino gehiago.” Hortaz, gobernuek eta enpresek ez diote diruari erreparatzen sateliteak jaurtitzeko orduan. “Satelite militarren kasua da argiena: fidatuko lirateke estatubatuarrak satelite errusiar espioien datuez? Eta ez ote da logikoa israeldarrek euren satelite espioiak eduki nahi izatea?”

Ikuspegi zientifikotik sateliteen teknologiari eskatzen zaion bakarra da lurralde osoan estaldura izatea, datuak ahalik eta tarte txikienarekin bidaltzea eta satelitea zaharkitua geratzen denean horren ordezko bat egongo dela ziurtatzea, lanarekin aurrera jarraitu ahal izateko. “Gertatzen dena da azkenean satelite zientifikoen datuak ekonomikoki ere aprobetxatzen direla, eta horrek eragiten du herrialde gehienetako instituzioek euren espazioko plataforma eduki nahi izatea”– dio Armentiak.

Espazioko zaborrak muga lezake etorkizunean Lurretik sateliteak jaurtitzeko aukera.

Epe laburrean, baina, benetako arazoak izango dituzte espazioko agentziek satelite berri bat orbitan jarri nahi duten bakoitzean.

Javier Armentia satelite–jaurtitzeak mugatzearen alde azaldu da. “Irizpide hauek hartu beharko lirateke kontuan: arrazionaltasuna eta gastuak neurriz egitea. Gertatzen dena da zaila dela irizpide horiek benetan betetzea, garatzen ari diren sektore teknologiko berri horietan gainbalioak oso handiak baitira. Ez dut espero epe laburrean erregulatzea. Gai horri buruz pentsatu beharko luketenak ez daude oso kezkatuta behintzat! Nik uste dut nazioarteko erakundeen kontrola bultzatu beharko litzatekeela, herrialdeek eta enpresek derrigor bete beharreko irizpideak ezarri beharko lituzketela”.

Espazioko zaborra

Sateliteak neurri gabe jaurtitzeak arazo larriagorik ere sortu du: zaborra. Lurraren inguruan jiraka ari diren objektuetatik % 6 baino ez dira erabilgarriak; gainerakoak hondakinak dira: bertan behera geratu diren satelite zaharrak, sateliteak orbitan jartzean espazio-ontzietatik askatutako pusketak, eztanda egindako aparatuak, eta hondakin horiek guztiek elkarrekin talka egitean sortutako hondakin txikiagoak... Gure zerua, beraz, azkoinez, torlojuz, margo-arrastoz, erremintaz, kohete-pusketaz eta espazio-ontzi zaharrez beteta dago. Milaka tona metal Lurraren inguruan dantzan inolako zereginik gabe, ehunka edo milaka urtez orbitan.

Hondakin horiek traba egiten diete askotan jaurtitzen diren ontzi berriei, horrelako batekin talka egiteko arriskua gero eta handiagoa baita. Arazorik handiena hondakinek daramaten abiadura itzela da. LEO orbitako hondakinek 10 km/s-ko abiadura dute batez beste, eta fusil bateko balak 0,8 km/s-ko abiadura hartzen duela kontuan hartuta, espero izatekoa da 80 gramo besterik ez duen espazioko hondakin baten talka-energia kilogramo bat TNTren leherketa adinakoa izatea. Alegia, 500 kiloko satelite bat birrintzeko modukoa. Gertatu dira horrelako hondamendiak, eta kalte ekonomiko izugarriak utzi dituzte. Ez hori bakarrik, astronauten bizia ere arriskuan dago, milimetro bateko hondakin ñimiñoak jantzia zula baitezake.

Jaurtitzen den satelite-kopuruak gora egiten jarraituz gero, arazo larria bihurtuko da zaborra. Gero eta zailagoa da kohetea jaurti eta espazioko hondakinek ez hondatzea; beraz, gerta liteke espazioa ezagutzeko eta konkistatzeko gogoak berak mugatzea etorkizunean Lurretik ezer jaurtitzeko aukera.

Espazioko zabor-biltzaileak

Lurraren inguruan jiraka dabiltzan objektuetatik % 6 baino ez dira erabilgarriak; gainerakoak hondakinak dira.

Espazioko zaborraren arazoari aurre egiteko, sateliteak pantaila sendoz babesten hasi dira, baina horrek nabarmen handitzen ditu satelitearen pisua eta kostua, eta 1 cm-tik beherako hondakinetatik babesteko bakarrik balio du.

10 cm-tik gorako hondakinak saihesteko modu bakarra dago: ihes egitea. Baina propultsio-sistema berezia behar dute sateliteek horretarako, eta, zer esanik ez, hondakinak nondik datozen hautemateko modua. Hori dela eta, hondakinen katalogoa egiten ari dira Lurreko teleskopio garrantzitsuenak. Teideko Behatokiak, esaterako, GEO orbitako hondakinen zati bat katalogatu du.

Ez da nahikoa, ordea. Lurretik ikusi ezin diren arrasto asko geratzen da oraindik, eta espazio-agentziek proiektu konplexuagoak pentsatu behar izan dituzte. Teresa proiektu alemaniarrak, adibidez, helburu handizalea du: espazioko zaborra biltzea proposatu du, nolabaiteko espazioko zaborraren kamioia sortzea. Ontzi horrek hondakinak jaso eta beheko orbitara bideratuko lituzke, atmosferarako bidea hartu eta desintegratzeko. NASAk, ordea, Lurretik konpondu nahi du arazoa: Lurrean intentsitate handiko laserrak jarri eta hondakinak jotzea du helburu, haien abiadura aldatu eta orbitatik kanporatzeko.

Oraindik ez dakite, ordea, proposatutako proiektuak teknikoki bideragarriak diren ere, eta, beraz, oraingoz hondakinak non dauden begiztatzen jarraitu beharko dute.

Espioitza militarra

NASA

Satelite militarrek zeresan handia dute satelite artifizialen neurrigabekerian. Satelite guztietatik ezezagunenak dira, jakina, baina espazioan satelite zibilak adina direla uste da. Izan ere, dagoeneko gerrarako armarik garrantzitsuenetakoa bihurtu dira. Lekuan lekuko argazkiak argi ikusgaian zein infragorrian egin ditzakete, hiru dimentsiotan gainera, eta lurraldeak zehaztasun osoz kartografiatzeko erabiltzen dituzte.

Azkenean, Lurreko gatazka politikoak espazioan ere islatzen dira. Israelek, esaterako, herrialde arabiarrak zaintzeko erabiltzen ditu; 2002an jaurtitako Ofek-5 sateliteak etengabe zelatatzen ditu Iran, Irak eta Siria. Eta Estatu Batuek Irakeko gerran eta terrorismoaren aurkako borrokan erabili dituzte sateliteak, soldadu afganistandarren mugimenduak zehatz-mehatz ikusteko. CIAren agentzia sekretu baten base militarretik KH-11 satelite espioi ultrasekretua jaurti zuten, nahiz eta gobernu amerikarrak ez duen gerora inolako azalpenik eman. Adituen ustez, sateliteak telefono-elkarrizketak jaso ditzake, eta lurrazalean 10 zentimetrorainoko objektu txikiak bereizi. Alegia, pertsona susmagarri bati etengabeko jarraipena egiteko balio dute.


Istiluak Nazioarteko Espazio Estazioan

NASA

Nazioarteko Espazio Estazioa, jaio aurretik ere, hiltzeko arriskuan egon zen. 1999an jaurti zutenean, izugarrizko istiluak sortu ziren Estatu Batuetako eta Errusiako ikertzaileen artean. Kohete zahar baten modulu bik zuzen-zuzenean estazio berriarekin talka egiteko bidea zeramaten, eta astebete eman zuten bi herrialdeetako ikertzaileek elkarri errua egozten. Bitartean, estazioa desbideratu nahi izan zuten, baina ez zuen agindurik betetzen. Azkenean, sustoa ezerezean geratu zen, kohetea estaziotik zazpi kilometrora pasatu baitzen.

Gaur egun ere, zaborra da Nazioarteko Espazio Estazioak duen arazo nagusietakoa. 10 urtetik gora eman behar du espazioan eta 108x74 metroko azalera du; hortaz, adituek uste dute milaka partikularekin egingo duela talka. Arazoak mundu osoko ingeniariak jarri ditu irtenbide bila buru-belarri.

Lurrari begira Lurraren Orbita Baxura jaurtitzen dira Lurra behatzen duten ehunka sateliteak. Handik begiztatzen dituzte Lurraren osasuna eta edertasuna.

NASA

Atmosfera
Atmosferari begira dauden sateliteek
mundua harri eta zur utzi zuten agerian jarri zutenean ozono-geruzan sortutako zulo batek kolokan jar zezakeela
Lurreko bizia.

NASA

Klimaren gorabeherak
Satelite meteorologikoei esker, klima-ezbeharrak prebenitzeko sarea sortu da, eta unean uneko informazioa jaso daiteke munduko edozein txokotan. Harrigarria da: ekaitzik arriskutsuenek Lurrean hondamendia sortzen duten bitartean, sateliteak inoizko irudirik ederrenak hartzen ditu.

ESA

SMOS proiektua
Lurrazalaren hezetasuna eta ozeanoen gazitasuna neurtu nahi ditu ESAren proiektu berriak, erresoluzio handiko irudien bidez. Horretarako, Lurrak igortzen duen
zarata elektromagnetikoa aztertzen du. Uraren zikloaren eta meteorologiaren arteko harremana hobeto ezagutu nahi du, eta, asmo horrekin, Lurraren mapa osatuak
bidaliko ditu hiru egunez behin.

Argazkiak: NASA

Orografia
Ikerketa zientifikoak egiteko oinarrizko lan-tresna bihurtu dira sateliteak. Argazkian, ozeanoen topografia. Lurreko txokorik ezkutuenek ere agerian uzten dute beren edertasuna satelite horien aurrean. Irudietan, Islandiaren mendebaldeko fiordoak, Bahama uharteak eta Ginea Bissau.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia