}

Rosalind Franklin roverra, ia prest

2020/02/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Europako Espazio Agentziak rover bat bidaliko du Martera. Ibilgailu bat. Eta zientzialari famatuenetako baten izena izango du: Rosalind Franklin.

rosalind-franklin-roverra-ia-prest
ExoMars rover prototipoa (Atacama, 2013) - Arg. ESO/G Hudepohl CC BY 4.0

Rosalind Franklinek DNA molekularen egituraren ikerketan hartu zuen parte. Gutxigatik, ez zuen egitura aurkitu, baina hark hartutako X izpien bidezko argazki bat gakoa izan zen Watsonek eta Crickek helize bikoitza aurkitzeko. Orain, Rosalind Franklinen omenez izendatu dute Martera eramango duten ibilgailua.

Dena ondo baldin badoa, uztailean jaurtiko dute Proton izeneko suziri batean, eta 2021eko martxoan iritsiko da Marteko gainazalera. Rover itxurako ibilgailu robotikoa da, sei gurpil ditu, eta esperimentu asko egiteko ekipoak eramango ditu. Ideia bat izateko, 300 kilo inguruko gailua da eta 2 metro eta erdi altuera du. Auto bat baino txikiagoa baina ez asko.

Rosalind Franklin roverra biziaren aztarnak bilatzera joango da Martera. Horrek zentzua ematen dio izenari, Rosalind Franklinek biziaren oinarria ikertu zuelako. Ibilgailuak biziaren aztarnak bilatuko ditu planetaren azalean, atmosferan; oso atmosfera arina du Martek, oso-oso arina, baina beharbada metanoaren aztarnak topa daitezke bertan. Planetaren arroketan ere egingo du bilaketa: topatzen dituen harrietan, eta lurzorua zulatuta, lurrazpiko geruzetan ere.

Dagoeneko roverra egina dago, eta ez roverra bakarrik. Marteraino eraman behar da kohete baten bitartez eta gero azaleraino jaitsi behar da martxan has dadin. Europako herrialde askok hartu dute parte proiektuan, pieza bakoitza toki batean edo batean baino gehiagotan eginez. Hurrengo pausoan pieza guztiak elkartu nahi dituzte egiaztatzeko multzoak ondo funtzionatzen duela. 

Ikusiko dugu, baina litekeena da 2021ko martxorako Rosalind Franklin ibilgailu europarra Marten lanean izatea.