}

Proteina berria sintetizatzen duen bakterioa

2001/04/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bakterio batek beste organismoetan ez dauden aminoazidoekin proteinak egitea lortu dute bi ikertzaile-taldek, Science aldizkarian argitaratu denez. Lan horiei esker, biologia molekularrean bide berriak irekitzen dira, ikertzaileek aminoazido berriarekin egindako sendagaiak eta beste proteina batzuk egin ditzaketelako.

Zientzia.net-eko "Biziaren egituraren osagaiekin jolasean" (2001/04/04) artikuluan, aminoazido berriak edo ez-naturalak proteinetan sartzeko metodoa garatu zutela azaltzen zen. Baina orain arte ez zuten lan hori organismo bizidunek egitea lortu.

Bizidunetan, proteina batzuei esker (aminoazil-tARN sintetasak) lotzen dira aminoazidoak bere transferentziazko ARNrekin. Kaliforniako ikertzaile-taldeak, Peter Schultz buru dutela, aminoazido ez-natural bat (O-metil-L-tirosina) transferentziako ARNrekin lotu ahal izateko, sintetasa hori genetikoki eraldatu dute. Transferentziazko ARNa ere genetikoki eraldatu dute gene batean sartutako kode genetikoa ezagutzeko gai izan dadin. Hain zuzen ere, kode horrek aminoazido ez-naturala proteinan sartzea agintzen dio E. coli bakterioaren mekanismoari. Saiatutako ia %100ean lortu dute arrakasta.

Frantziako Evryko Paul Schimmel biokimikariak zuzendutako taldeak beste ikuspegi batetik heldu dio gaiari. Sintetasa horien ia erdiek zuzenketa-funtzio bat dute transferentziazko ARNari aminoazido egokia lotzen diotela ziurtatzeko. Zuzenketa egitean akatsen bat topatzen badute, okerreko aminoazidoa askatzen dute. Horrela, transferentziazko ARNak beste aukera bat izan dezake. Beraz, Schimmelen taldeak sintetasa horren zuzenketa-funtzioa duen zatia eraldatu du. Aldaketa horri esker, sintetasak aminoazido ez-naturala transferentziazko ARNarekin lotzen du eta, ondorioz, aminoazido hori proteinaren parte izatera pasatzen da.

Bi urrats horiek oso garrantzitsuak dira eta ikerketa berriei bidea zabaltzen diete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia