}

Pottoka: Liraina, librea, aintzinakoa

1986/08/01 Aizpuru, Maria Luisa - Elhuyar Fundazioa | Yaniz Aramendia, Santiago Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pottoka, Euskal Herriko mendietan libre bizi diren zaldi txikien arraza da. Euskal Herriko ohitura eta mitoetan paper berezia jokatu du aintzinatik pottokak.
Gero eta zailagoa gertatzen da hala ere, pottokak Euskal Herriko mendietan larrean libre ikustea: izan ere jatorrizko arraza galtzeko zorian aurkitzen bait da. Guzti honek eta arraza berak duen pertsonalitate propioak eta aintzinatasuna berezitasun bat ematen dio pottokari.

Historia apur bat

Pottoka hitzak, euskaraz edozein aberekume adierazteko balio badu ere, zaldi txikiak izendatzeko erabiltzen hasi zen eta azkenik arraza berezi honi lotuta geratu da.

Euskal Herriko zenbait marrazki eta irudik (Ekain, Etxeberri, Santimamiñe...) Magdalen garaiko ehiztarien harrapakin gogokoena zen zaldi-burua dute gai nagusitzat. Hezurrean egindako marrazki askotan ere, pottoka azaltzen da. Datu hauek, pottoka Euskal Herriko mendietan, Paleolitos garaiaz gero bizi izan dela pentsarazten digute. Beraz prehistoriako zaldi haien lekuko lirateke.

Pottokaren jatorria batzuren eritziz, Solutre aldian (Pleistozenoan) legoke. Beste batzuk ordea Brontze-Aroan Europatik ekarritako pony-a dela diote edo gaurdaino iraun duen arraza autoktonoa dela.

Edozein jatorrikoak direla ere, eta eboluzio ezezagun batez, (baina irauten lagundu dioten biotopo bereziak erabiliz) gaurdaino iritsi da karaktere zootekniko bereziak dituen arraza hau. Une honetan ordea, hibridazio-fenomeno garrantzitsua jasaten ari da; ia arrazaren purutasuna galtzerainokoa.

Pottoken antzeko arraza, "asturkoiak" izenekoa da. Libre bizi diren zaldi txikiak eta hibridazio eta nahasteak jasan dituztenak dira. Irauteko babes-neurriak behar ditu arraza honek.

Frantziako hegoaldean, beste pony-arraza batzuk ere bazeuden: barthais arraza (gerrarte bukaeran desagertu zena) eta landetarra, (arraza puru bezala 1946ean desagertua).

Populazioa eta banaketa

Pottokaren ohizko habitat-aren hedadura kontutan harturik, populazioaren ezaugarrietako bat ugaritasuna da. Ipar Euskal Herrian arraza puruko 3.500 zaldi zeuden zentsatuak 1970 urtean. Hego Euskal Herrian berriz, 2000. Azken hauek hala ere, hibridazio handiagoa jasan dute.

Lehen, kopurua handiagoa izan zen. Baina komertzializazioa, zaldiak erabili ohi duten area geografikoa txikiagotzea eta behe-mendietako lurren okupazio handiagoak direla medio, pottoken populazioa jaisten ari da. Esan beharra dago hala ere, arraza kalitatean irabazten ari dela hartu diren babes-neurriei esker.

Pottoken gehiengoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Nafarroako probintzietan bizi da, mugan zehar dagoen zona hestu horretan. Lurralde honen mugak, mendebaldean, Atlantiko itsasoa, Iparraldean, Donibane Lohitzun, Ezpeleta, Hazparne, Iholdi eta Donibane Garazi hartzen dituen lerroa eta Hegoaldean Nafarroako Bera, Etxalar eta Elizondo dira.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako mendietan ere, pottokaren oso barietate hibridatuak aurki daitezke.

Zaldi basatia

Pottoka, bizia eta azkarra da; dotorea. Pauso garbia eta izakera irmoa ditu. Gozotasun handikoa da, baina aldi berean beldurtia ere bai. Naturan libre bizi izateak eraginda, defentsarako eta iraupenerako sena oso garatua dago pottokengan.

Pony motako zaldi basatia da; 1,15 eta 1,47 m arteko altuera du. Pisua, 300-350 kg ingurukoa. Burua, bere bizitasun eta irmotasunaren sinbolo da; proportzio klasikoak ditu eta ia Solutre-ko zaldi-motaren berdina da: sendoa, profil zuzenekoa, zertxobait ahurra begi aldean eta belarri motz eta tenteak ditu. Bizitasuna darien gris urdinska koloreko begi handiak ditu, kopetatik behera datozkion zurdazko ile xerlotik agertzen zaizkiolarik. Lepo motza du; zurda luze eta ugariz hornitua. Bular irekia, bizkar zabala eta luzea, zerra zertxobait eroria eta buztan luze eta iletsua ditu. Hankak motzak eta sendoak ditu krosko txiki eta gogorrekin.

Ilajea, pottokaren ezaugarri nabarienetakoa da. Gazteak, udazkenean 10 cm inguruko borra iletsuz estaltzen dira neguko giro gaiztotik babesteko. Udaberrian ilajez aldatu egiten dira. Pusketaka erortzen zaie berehala ile motz eta distiratsu bihurtzeko. Helduak ere neguan ile luzez estaltzen dira, baina gazteen ilajea izatera iritsi gabe. Pottokak, neguan zenbat eta gehiago argaldu, orduan eta ile luzeagoa izaten du. Hau, organismoaren erreakzioa da; ile luzeagoaren bitartez, koipe-kontsumoak dakarren protekzio-eza konpentsatzeko sortzen den erreakzioa alegia.

Ilajearen kolorea desberdina izan daiteke: arre-gorriska, arre iluna, beltza, arre-pinttoa, pintto-gorriska edo hirukoloretako pinttoa. Arre-gorriska da ugariena eta pottokaren jatorrizko kolorea da berau. Lehen ia pottoka guztiak arre-gorriskak edo arre-ilunak ziren. Gaur egun ordea, pinttoen eskaera gero eta handiagoa denez, kolore hura gutxitzen ari da. Kolore pinttoa ez da mutazioaren ondorioz lortzen, baizik eta zaldien arteko gurutzaketari esker. Pinttoak jatorriz Bizkaian azaldu ziren 1850. urte inguruan eta geroztik kopuru txiki bat Nafarroa eta Lapurdira hedatu zen.

Habitat-a

Mendetan zehar bizi izan den inguruneari egokitu beharrak, jatorrizko izakera moldatzera behartu du. Honen ondorioz, konstituzio berezia lortu du pottokak. Tamaina, itxura eta adimena, heredentziak determinatzen baditu ere, inguruneak alda ditzake faktore hauek. Euskal Herritik at egiten diren barreiaketak, arrazaren aldakortasuna sortu du. Horregatik, diferentzia handia sortu da mendian jaio eta hazi den zaldia eta lautadakoaren artean. Haraneko animaliak morfologia desberdina du: altuera handiagoa, bular zabalagoa, zerra horizontalagoa eta ugalkortasun handiagoa izaten ditu. Bestalde bere jatorria ez den beste tokietara esportatuz, pottoken arraza forma desberdinetara degenera daiteke.

Lehen esan dugunez, pottokaren jatorrizko habitat-a Lapurdi eta Nafarroako mugan dauden mendiak dira. Zona horrek erliebe higatua dauka, mendi biribilduak, 1.500 metrotik gora gutxitan pasatzen direnak. Mendiotako lurra izakera geologiko desberdinekoa da. Badituzte hala ere zenbait ezaugarri berdin, hala nola, lurraren azidotasuna eta kare- eta buztin-pobretasuna. Guzti honek eta harri naiz harkaitz ugari izateak, lur landuezin bihurtzen ditu.

Klima ozeanikoa denez, hezetasun handia, tenperatura epela eta euri eta laino ugari izaten dira.

Landaredia, txillar ote eta garoaz osatua dago; zenbait tokitan haritz eta pagoz osatutako oihanak eta konifera-sailak ere badaude.

Larreen probetxamendua, ardi, behi eta zaldiek bakarrik egin dezakete mendi hauetan. Larreon esplotazioa partzuergoz egin ohi da, aldizka berritzen diren hitzarmenen bidez. Gaur egun lur-sail hauek astiro-astiro aldatuz doazenez, pottoka mendira baztertuz joan da. Habitat-aren txikiagotze hau gainera, koniferen landaketekin eta lurren jabegoaren status juridikoaren aldaketarekin areagotu egin da. Guzti honen ondorioz betidanik larrerako erabili diren lur-sailen erabilera aldatu egin da.

Artaldeak ugaritu diren neurrian, zenbait partzuergotan zaldiak larratzea eta ibiltzea debekatu egin dute, pottokek ardiei lehia egiten dieteneko uste okerraren ondorioz. Zeren ardiaren konpetitzaile ezik, laguntzaile ere bai bait da pottoka. Ardiek belar-puntak bakarrik jaten dituzte, zurtoinak utziz, Pottokak berriz, belar gogorrak jaten ditu. Hauek ondorengo hazialdietan leunagoak ateratzen dira, eta horrela ardientzat ezin hobeak gertatzen dira. Gainera pottokak otearen kimuak jaten ditu bidexkak garbituz.

Larre eta ibilbide libreak behar beharrezkoak dira pottoken iraupenerako. Bere jatorrizko habitat-ean pottokak hazteko ezinbesteko baldintza da.

Pottokaren bizitza eta ohiturak

Betidanik pottokak ihes egin dio gizakiari. Gizonentzat, mendian babesten den ehize-aberea izan da. Gizona ehiztari/landare-biltzaile izatetik artzain/produzitzaile izatera pasa zenean, animalia honetaz interesatzen hasi zen eta ondorioz zaldi txiki hauen bizikera ere aldatuz joan da.

Taldeka bizi den zaldi soziala da. Taldea normalean 10-30 emek eta dagokion arrak osatzen du. Hauen arteko erlazioak, oso bereziak dira eta udaberri eta uda-hasieran sendotu egiten dira.

Talde bakoitza bere lurraldean bizi ohi da. Ohiturak belaunaldiz belaunaldi berrituz, topografia, mikroklima eta landarediari buruzko ezagupideak batzutatik besteetara pasatzen dira.

Larreen zabalera desberdina izan daiteke, lurraren erliebe eta belarraren kalitatearen arabera.

Bi hektarea inguruko sailetan sakabanatzen da taldea. Ezezagun bat inguratzen zaienean edo (ur-bila edo beste nonbaitera joateko) bildu egiten da taldea. Larre batetik bestera astiro mugitzen dira, bi kilometro karratu inguruko erradioan kimuak janez. Arriskuren bat somatzen badute edo zerbaitek beldurtzen baditu, ezaguna duten bidexka baterantz ihes egiten dute.

Joan-etorri hauek metereologiaren arabera egiten dituzte. Pottokak non dauden ikusiz, eguraldiari antzeman omen dakioke. Haranera jaisten direnean, eguraldia txartzera doan seinale eta mendi-gailurrean badaude berriz, antizikloia datorrenaren seinale.

Taldeko arrak kontrolatzen eta gidatzen ditu joan-etorriak. Besteek talde-barnean duten hierarkiaren arabera jarraitzen diote.

Abuztua igaro ondoren, taldea 5 edo 10eko taldetxotan banatzen da. Arra ez da talde hauetako batean bereziki integratzen. Banaketa hau lehorte-garaian belarrek duten pobretasunagatik gertatzen da eta baita arrak (ordurako emeak estali dituenez) banaketari jaramon handirik egiten ez diolako ere. Taldeak leku diferentetan egoten dira udazkenerarte.

Taldeko partaideen arteko erlazioak

Behorren artean adiskidetasunak sortzen dira, taldean daramaten denbora dela medio. Bat izan ohi da taldeko gidari, besteek jarraitzen dioten neurrian bederen. Behor berri bat talderatzen denean, zapuzkeriaz hartzen dute besteek, behor batek (gazteenak normalean) adiskide egiten duen arte.

Oso komunikazio-sistema bikaina daukate pottokek. Batzuk ahozkoak dira, adiskidetasunezko zurrungak eta beldur eta haserrezko irrintziak adibidez. Gehienak hala ere, keinuzkoak dira; buztan eta belarrien mugimenduekin, gorroto, mehatxu, jakinmin, zalantza eta irrika adierazten dituzte.

Talde bakoitzean matriarkadu moduko hierarkia ezartzen da. Honela taldekide bakoitzak bere maila ongi ezagutzen du. Behor gidariak ez du besteak bortxakeriaz dominatu beharrik izaten. Nahikoa du belarria mugitu, buelta eman edo buztana astintzea, bere lagunak zalapartan uxatzeko. Mailak bortxakeria eta borrokaren bidez lortzen badira ere, zaldiak ez dira inoiz elkar larriki zauritzera iristen. Ahulenak, izan ere, borroka utzi egiten bait du bere menpekotasuna onartuz. Behor zaharrak, aintzakotzat hartzen dituzte; taldeko buruzagitzat hartzen dira. Hauen inguruan talde edo familiak osatzen dira negu-bukaeran.

Ar ernaltzaileak edo kalanoak zuzentzen du taldea, buruzagi bezala jokatuz. Buruzagirik ez duen talde batera ar bat hurbiltzen bada, emeak giri-garaian estali arte ez du haiengan buruzagitzarik lortzen.

Otsailetik Abuztura bitartean kalanoak taldea gidatzen du, ingurune jakin batean mantenduz eta zaldirik ingurune horretara sar edo kanpora ez dadin zainduz. Emeetatik aparte egon ohi da; normalean leku garai batean egoten da emeen usainari erraz antzemateko moduan. Bere lurraldea mugatzeko, zenbait puntutan gorotzak uzten ditu eta gehienetan emearen gorotz gainean. Hauetako bat giri dagoen eme batena denean, estali aurretik buztana eta burua altxatuz eta hortzak erakutsiz emearen bila joaten da. Seinale hauek arrotzei bere jabegoa erakusteko eta lurralde horretara sartzerik ez dutela jakinerazteko egiten ditu.

Buruzagiarekin lehiatu nahi duen arren bat taldera sartzen bada, honi aurre egiten dio. Bien artean ohizko burruka sortzen da ondoren. Elkarri begiratu eta hortzak erakutsiz, borrokarako prest jartzen dira. Atzeko hanken gainean zutik jarriz bestea jotzeko asmoz irrintzika hasten dira. Lurrera erortzen direnean, aurreko hankak hozkatzen dituzte eta bira eginez oztiko gogorrak botatzen atzeko hankaz.

Bi zaldiak aldika, norbere aldetik urrundu egiten dira, eta begirada sakon baten ondoren berriro erasotzen diote elkarri. Hogei minutu pasa ondoren, edo agian lehenago, ahulena baztertu egiten da. Erasotzailea irabazle suertatzen bada, ez du emeengan hurrengo giri-garaia arte irabazlearen status-a lortzen.

Gazteek taldeko behe-hierarkia osatzen dute. Emeak ez dira bi edo hiru urtean taldean integratzen, eta ordurarte biziki zirikatuak izaten dira giri-garaian. Zaldikumeak edo moxalak berriz, berehala izaten dira onartuak eta maiz kalanoarekin ibiltzen dira. Hala ere, giri-aldia iristen denean, honek alderatu egiten ditu; askotan haserre biziz gainera. Bigarren urtean, behor libreen bila hasten dira eta hiru urte dituztenean taldea osatzea lortu ez dutenak, beste taldetako buruzagiekin lehian burrukatzera ausartzen dira, emeren bat kentzeko.

Ugalketa-zikloak

Arrak bi urtez geroztik ernaltzeko gai izaten dira, baina lau edo bost urte arte ez dira heldutasunera iristen. Emeak 3 urte dituztenean estaltzen dituzte eta laurekin umeak izaten.

Giri-aldia udaberri/udan izaten dute, tenperatura epeldu eta larreak ugaltzen diren garaian. Eme ernagarriak, normalean baino pixa gehiago egiten du eta oso urduri ibili ohi da. Arrak haren usaina sentitzen duenean, irrintzi egiten du eta beregana joaten da. Elkarren ondoan daudenean bafada indartsuak botatzen dizkiote elkarri. Behorrak oztikada pare bat ematen dizkio arrari eta hau izututa salto eta oihuka hasten da. Emeak eragozpenak jarriz jarraitzen badu, zaldia aldendu egiten da, baina hurbiltze-saioak egiten ditu ondorengo egunetan, emeak azkenik amore ematen duen arte.

Estalketa normalean ilunabarrean gertatzen da. Inguratze labur baten ondoren zaldia behorraren alboan jartzen da gorputz guztia usainduz. Bapatean alderatu egiten da behorrak postura egokia har dezan. Isurketak irauten duen bitartean lagunaren zurda gozoki kozkatzen du. Gero oso lasaituta lurrean etzaten da.

Estalketa ondorengo egunetan, elkarren ondoan ibiltzen dira emea pixkanaka taldean berriro integratu arte.

Umaldian (hamaika hilabete igaro ondoren) behorra leku bakarti baterantz abiatzen da erditzera. Erditu bezain azkar, zutik jartzen da, zil-hestea hautsi eta umea dagoen poltsa hortzekin puskatuz. Umea, arnasa hartu ondoren, zutik jartzen saiatzen da amaren laguntzarekin, eta esnea edaten hasten da.

Egun batzuk igaro arte behorra eta zaldikumea ez dira taldera hurbiltzen. Jaioberria indartu eta amaren inguruan ibiltzeko kapaz denean, besteengana joaten dira. Taldean integratu eta gero zaldikumea beste jaioberriekin jolasten ibiltzen da.

6 edo 7 hilabete dituztenean ditia kentzen zaie. Ordurako zaldikumea indartua egon ohi da eta belarra jaten ohitua.

Pottokak: Iragana eta geroa

Pottoka iraganean zaldi basatia izan bada ere, denbora pasa ahala eta libre bizi arren, gizakiaren ondare izatera iritsi da eta salerosketarako erabilia. Aziendako ondasuneko parte bat izatera heldu da. Zaldi-taldea belaunaldiz belaunaldi transmititzen da aziendako jabeen artean. Zaldiak urtero feriatan salduak izan ohi dira eta mugako kontrabandoko komertzioan ere erabiltzen dira oraindik ere.

Baserriko produktuak plazetara garraiatzeko ere erabili izan dira pottokak. Hala ere, asto eta mandoak zeregin handiagotarako erabil daitezkeenez, pottokei beste funtzio desberdina eman zaie. Mugako kontrabandoa garraiatzeko erabili izan dira bereziki. XVI. mendetik aurrera zirkuan erabiltzeko ere saldu izan ziren, baina nagusiki meatzetan ikatza garraiatzeko erabili izan dira. Izan ere haren altuera txiki eta sendotasunari esker, oso egokia zen lan horretarako. Zaldiak urte t'erdi edo bi urterekin saltzen ziren eta Italia eta Espainiara bidaltzen. Meatzetarako eskaera bukatuz joan zenean, harategitarako eta hestekiak egiteko saltzen hasi ziren.

Esan beharra dago hala ere, azken 10 urtetan pottoken egoera asko aldatu dela. 1970. urtean, Frantziako Haraseko administrazioak arraza hau ofizialki onartu zuen, pottokari erabilera berriak ezarriz.

Zaldi gainean ibiltzeko prestatzen ari dira eta izugarrizko afizioa sortzen ari da Ipar Euskal Herrian, pottoketan ibilaldiak egiteko. Eusko Jaurlaritza bestalde, orain dela urte batzuk hasita zenbait neurri hartzen ari da pottoken babeserako.

Oraindik ere pottoken salerosketa-toki garrantzitsuenak, herrietako feriak dira; Zumarraga eta Heletan ospatzen diren urteroko feria nagusiak bereziki. Tratanteak lanak izaten dituzte pottokak kamioietara eramateko; izan ere galdua duten askatasuna lortu nahian gogor defendatzen bait dira zaldi hauek.

Hartu diren babes-neurriei esker pottokek iraungo dutela espero dezagun. Zaldi alai eta atsegina izateaz gain, Euskal Herriko kulturaren sinbolo eta basoko bizitza librearen lekuko garrantzitsua bait dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia