Elhuyar zientziaren komunikazioa

Pirinioetako glaziarrak, gainbehera etengabean

2017/10/27 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

pirinioetako-glaziarrak-gainbehera-etengabean
Arg. Eñaut Izagirre

Pirinioetako glaziarrek 243 ha-ko azalera hartzen dute gaur egun, 1850ean baino % 88 gutxiago. Emaitza hori eman dute, Pirineos aldizkarian argitaratu duten lan batean. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Rico, eta Magallanes Unibertsitateko Eñaut Izagirre glaziologoek sinatu dute lan hori.

Glaziarren egungo azalera kalkulatzeko 2016ko satelite-irudiak erabili dituzte, eta datu horiek glaziar garrantzitsuenetan in situ egindako neurketekin erkatu dituzte. Hala, ikusi dute 242,6 ha dituztela, Pirinioetako glaziarrek. Guztira 19 glaziar topatu dituzte, 9 mendigunetan: Balaitus (4 ha), Infiernos (6 ha), Vignemale (46 ha), Gavarnie-Monte Perdido (54 ha), Munia (4 ha), Posets (14 ha), Perdiguero (16 ha), Maladeta-Aneto (96 ha) eta Mont Valier (2 ha). Glaziar handiena Aneton dago, eta txikiena Mont Valierren.

Lan honen aurretik egindako azken kalkulu zehatzak 2008koak dira; 310 ha inguru neurtu ziren, orduan. 1980ko hamarkadan, berriz, 800 ha inguru zirela kalkulatu zuten. Eta 1850ean, 2000 ha zituzten Pirinioetako glaziarrek. 1850etik 2016ra, 52 glaziar izatetik 19 izatera pasa dira, eta % 88 murriztu da haien azalera. Datu hauek berretsi dute Pirinioetako glaziarren gainbehera azkar ari dela gertatzen XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran. “Europako hegoaldean egonik, Pirinioetako glaziarrak oso sentiberak dira kondizio klimatikoen aldaketekiko --azaldu du Eñaut Izagirrek--; eta, horregatik, garrantzi handia dute klima-aldaketaren geoadierazle gisa”.

Bataz beste urtean ia 11 ha galdu dira 1850etik hona. Baina tasa hori aldatuz joan da: galera-tasa handiena 1984 eta 2008 artean izan zen, urtean 21 ha; 2008tik 2016ra, berriz, urteko 8 ha galdu dira. “Zenbat eta txikiagoak izan glaziarrak, orduan eta polikiago urtuko dira, mendi garaien gerizpean babestuta ari baitira gelditzen”, dio Izagirrek. “Lodiera galdu ahala, zaila izango da noiz gelditzen diren mugimendurik gabe. Orduan, glaziar izatetik izoztegi izatera pasako dira”.

Eta, ikerketaren datuetan oinarrituta, aurreikuspenak ere egin dituzte: “1980ko hamarkadatik aurrera atzera-egitea azkartu egin dela ikusita, aurreikusi dezakegu litekeena dela Pirinioetako glaziarrak XXI. mendearen erdirako desagertzea”.

Ibai Rico ikertzailea Monte Perdidon. Arg. Eñaut Izagirre

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia