}

Piraten itzulera

2001/11/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela urtebete kaleratu zuen Elhuyarrek Piratekin matematikaren munduan 1 CD-ROMa, eta oraintxe eman diote 2000ko multimedia-aplikazio onenaren aitorpena ematen dion Migel Altzo saria. Bestalde, Piraten bilduma osatzeko ahaleginean, beste bi CD-ROM berri kaleratu ditu Elhuyarrek: Piratekin matematikaren munduan 2 eta Piratekin hizkuntzaren munduan 3. Matematikaz gain, euskara lantzeko aukera ere baduzue, beraz!
BLANCO

Sei CD-ROMez osatuta dago Piratekin munduan seriea. Guztiak lehen hezkuntzarako pentsatuta daude. Hiru CD-ROM matematika lantzeko dira eta beste hiru euskara lantzeko. Matematikako lehen biak kalean daude, iaz kaleratu zen Matematikaren munduan 1 (5-8 urte) eta oraintsu kaleratu da Matematikaren munduan 2 (8-10 urte).

BLANCO

Piratekin matematikaren munduan 2

CD-ROM berri hau iaz kaleratutakoaren jarraipena izateaz gain, haur helduagoentzat egin da, eta, beraz, jokoen planteamendua eta CDaren garapenean bertan nabarituko da. Bost jokoz osatuta dago CD-ROMa eta horietan hainbat egoera biziko ditu haurrak piraten laguntzarekin: pirata-ontzitik marrazoetara bota nahiko dute, eta hori ekiditeko eragiketa matematiko batzuk egin beharko ditu.

BLANCO

Edo Arabiako merkatu batean erosketak egiteko, hainbat magnitude bereizi eta ordenatu egin beharko ditu. Jokoz joko bidaiatzeko erabiltzen duen ontzia erasoko dute, eta beste ontziek botatzen dizkieten kanoikadetatik babestu beharko da eragiketa matematikoen bidez. Oihanean dagoen sakana zeharkatzeko zubi bat eraiki beharko du; horretarako enborrak behar bezala moztu beharko ditu, eta, bide batez, zatikiak erabili. Geometria lantzeko aukera ere izango du labirintotik ihes egin nahi badu.

CD-ROM hau lehen hezkuntzako bigarren zikloa ikasten ari diren haurrek erabiltzeko dago prestatua, hau da, 8-10 urteko haurrentzat; CDarekin batera gida didaktiko bat ere badator irakasle zein gurasoentzat erabilgarri.

BLANCO

Joko guztietan hiru zailtasun-maila egongo dira. Zailtasun-mailaren arabera, bete beharreko eragiketak zaildu egingo dira kasu batzuetan, edo ariketa-mota aldatu egingo da beste batzuetan.
Erabiltzaileak behar duen kasu guztietan kalkulagailu berezi bat izango du eskura, baita ordenagailuak berak eskaintzen dion laguntza ere.

Piratekin hizkuntzaren munduan 3

Piratekin jarraituz, euskara lantzeko hiru CD-ROMetako lehena kaleratu du Elhuyarrek, baina oraingo honetan goitik behera hasi eta hirugarren CDtik hasi du seriea. CD hau 10 urtetik 12 urte bitarteko haurrentzat egin da, eta bertan, beste CDetan bezala, piratek bizi dituzten egoerak erabiliz haurrak euskara lantzeko aukera izango du.

BLANCO

Joko batean, baltsa batean egongo da itsasoaren erdian, eta eraso egingo dioten marrazoak uxatu beharko ditu. Horretarako, hizkuntz baldintza zehatz bat betetzen duten marrazoak arraunarekin jo beharko ditu, eta kale eginez gero, bere baltsa erasoko dute. Beste batean, basoko sorginak harrapatuko du, eta edabe magikoa prestatzen lagundu beharko dio ihes egiteko; horretarako, perpausaren zatiak bereizi beharko ditu. Egiptoraino ere iritsiko da gure pirata, eta han piramidetik atera ahal izateko, aditzak taulan behar bezala kokatzen asmatu beharko du. Kanibalen artean ere ibiliko da, eta horiek jatea nahi ez badu, eskatutako hitzak behar bezala deklinatu beharko ditu. Arabiaraino ere iritsiko da, eta kasu horretan ez du hainbeste arrisku izango. Agure batek kontatzen dizkion ipuinak osatzen lagundu beharko du, eta horrela ipuinak oso-osorik entzuteko aukera izango du.

Kasu guztietan laguntza eskatzeko aukera izango du haurrak, eta orduan, jokatzen ari den ariketari buruzko azalpenak emango zaizkio.

Bi CD-ROM hauek PC zein Macintosh ordenagailuentzat prestatuak daude, eta 4.500 pezetan daude salgai.

Seriea osatuko duten gainerako hiru CD-ROMak datorren urtean kaleratuko ditu Elhuyarrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia