Elhuyar zientziaren komunikazioa

Paleolitoko behe-erliebeak topatu dituzte Aitzbitarten

Iberiar penintsulan behe-erliebeak aurkitzen diren lehen aldia da

2017/07/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

paleolitoko-behe-erliebeak-topatu-dituzte-aitzbita
Aitzbitarten aurkitutako bisonteetako bat, behe-erliebearen teknikarekin eginda duela 14.000 urte inguru. Arg. Diego Garate Maidagan

Madeleine aldiko lau behe-erliebe aurkitu dituzte Aitzbitarte IV kobazuloan (Errenteria): bi bisonte, zaldi bat, eta beste animalia bat, oraindik ez dakitena ziur zer den. Haiekin batera, beste 12 grabatu inguru ere aurkitu dituzte; eta gehienak ohiko irudiak badira ere, alegia, bisonteak eta zaldiak, badira bestelakoak ere: esku baten inpresio bat eta bi bulba. “Gure inguruan, beste bulba bat baino ez dugu topatu, Otsozelain, hain zuzen (Nafarroa Beherean)”, nabarmendu du Diego Garate Maidagan arkeologoak. “Dena den, berezienak behe-erliebeak dira, zalantzarik gabe”.

Grabatutako bi bulba ere aurkitu dituzte. Ezkerreko argazkian haietako bat agertzen da, eta, eskuinean, haren kalkoa. Arg. Diego Garate Maidagan
Bisonte horrek aurreko hankak tolestuta ditu, eta eskuineko galeriaren sarreran dago. Arg. Diego Garate Maidagan

Izan ere, orain arte ez da buztinez egindako behe-erlieberik topatu Kantauriar mendikateko aztarnategietan. “Bédeilhac haitzuloan (Ariège, Frantzia) badaude batzuk, baina hemen ez dugu halakorik topatu orain arte. Lehenengoak dira. Madeleine aldikoak dira [duela 14.000 urte ingurukoak] eta horman daude, buztinez eginda, eta Bédeilhacekoak baino askoz ere ederragoak dira”, dio Garatek. Haietako batek liluratuta dauka: “Bisonteetako batek aurreko hankak tolestuta ditu, Altamirako margo ezagunak bezala. Benetan da ikusgarria”. 

Garateren esanean, aurkikuntza ezustekoa izan da, baina ez guztiz, lehendik ere aurkitu izan baitute Paleolitoko artea kobazulo berean, eta, beraz, bazitekeen gehiago topatzea. Azaldu duenez, Aitzbitarteko arkeologia-multzoa aspalditik da ezaguna: “XIX. mendean hasi ziren indusketak. Mende horren bukaeran, Aitzbitarte IVn egin zituzten indusketak; gero, Jose Migel Barandiaran aritu zen 1960ko hamarkadan, eta geroago, Jesus Altuna, Aitzbitarte IIIn. Beraz, oso aspalditik da ezaguna eta oso bisitatua, ez bakarrik zientzialarien aldetik, jende asko sartu da hara”. 

Garate bera 2012an joan zen lehen aldiz Joseba Rios CENIEHko ikertzailearekin batera. “Orban gorri batzuk aurkitu genituen”, gogoratu du. “Aitzbitarten artea topatzen zen lehen aldia izan zen hura”. Felix Ugarte elkarteko espeleologoekin jarri ziren harremanetan, eta 2015ean Aitzbitarte V kobazulora sartu ziren. “Hor agertu ziren lau bisonte grabatuta. Eta handik 10 egunetara espeleologoek Aitzbitarte III eta Aitzbitarte IXko grabatuak aurkitu zituzten, eta hauek dira Gravetiar aldikoak; hau da, zaharragoak, duela 25.000 urtekoak, gutxi gorabehera”. 

Izan ere, Aitzbitarte aspalditik ezagutzen bazen ere, inoiz ez da aztertu sakon, ez arkeologikoki, ez geologikoki, ezta espeleologikoki ere. Azkenaldian, baina, espeleologoak sarritan ari ziren joaten esploratzera, eta, apirilean, Aitzbitarte IVn tximinia batera igo ziren: “Ez da leku erraza. Tximinia bertikal bat da, 16 metrokoa, dena buztinez beteta, eta lehendik esploratuta zegoen, topografian agertzen baita. Baina ordura arte inork ez zuen artea topatu. Aldi hartan, ordea, Felix Ugarteko espeleologoetako bat goraino iritsi zen, izerditan eta oso nekatuta, eta, jaistean, behe-erliebeak ikusi zituen”. 

Garatek espeleologoen profesionaltasuna azpimarratu du. “Hori ikusi, eta berehala konturatu ziren aurkikuntza berezia zela. Nirekin harremanetan jarri ziren, eta argazki batzuk bidali zizkidaten. Ikusi nituenean, pentsatu nuen ezinezkoa zela horrelako zerbait aurkitzea, faltsuak izan behar zutela. Baina gero haiekin joan nintzen, eta, lekua ikusita eta grabatuak aztertuta, baieztatu nuen sekulako aurkikuntza dela. Izan ere, teknika hori ez da ezagutzen penintsula osoan”. 

Behe-erliebeen garrantzia eta testuingurua

Aitzbitarte IV galeriaren eskuineko adarra esploratu gabe dago, behe-erliebetako bat galtzeko arriskua baitago. Arg. Diego Garate Maidagan

Behe-erliebeak egin zituzten garaian bezalaxe daude, ordutik igaro diren milaka eta milaka urtetan inor ez baita joan hara. “Egin zituztenek ere ez zuten erraza izango!”, esan du Garatek. “Orain eskala batzuk jarri ditugu, baina garai hartan ez dakit nola egingo zuten”. Ohartarazi duenez, lekua oso desegokia da, bai ikertzeko bai kontserbatzeko: “Buztin biguna da, gurina bezalakoa. Ukituz gero, galdu egiten da. Horregatik, neurri guztiak hartu dira bidea ixteko eta irudiak babesteko”. Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek oso lan ona egin dutela aipatu du. 

Beste xehetasun bat ere eman du Garatek: “Tximiniaren sarreran, hezurrak daude sartuta horman. Eta ez dugu baztertzen artelan gehiago egotea. Izan ere, lekuak Y itxura du. Espeleologoak ezkerretik joan ziren, goraino, baina eskuineko galeria ukitu gabe dago; garai hartan utzi zuten bezala. Eta justu haren sarreran dago hankak tolestuta dituen bisonte hori. Hortaz, ezin dugu sartu, bestela puskatu egingo genuke. Kameren bidez edo egin beharko da, baina hortik ezin gara igaro”. 

Bestalde, aurkikuntzak agerian utzi du Pirinioen iparraldera bizi ziren taldeen eta Kantauriar aldekoen artean harremana uste baino estuagoa zela. Hala azaldu du Garatek: “Bizkaian egin diren azken aurkikuntzek, batez ere Atxurran eta Armintxen, erakutsi dute Pirinioetako aztarnategietan azaltzen diren sinbologia eta arte-mota berezi batzuk haraino behintzat hedatu zirela. Ordura arte ez zenez halakorik aurkitu, ez zen uste lotura hain orokorra izango zenik. Baina Armintxeko klabiformeak eta felinoak, adibidez, Pirinioen beste aldean daudenen berdin-berdinak dira. Orain, Aitzbitartekoak harremana estua zela baieztatzen du berriro, Ariègen ere bai baitaude halakoak”.

Felix Ugarte espeleologia-taldeak egin du aurkikuntza, eta Diego Garatek, berriz, azterketa arkeologikoa. Argazkian, denak elkarrekin, kobazuloaren sarreran. Arg. Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia