}

Ozonoa: mesedegarria edo kaltegarria?

2000/09/20 Elhuyar Zientzia

Beste gauza asko bezala, segun eta non eta zenbat dagoenaren arabera. Jada guztiok dakigu estratosferan dagoen ozono-geruza behar-beharrezkoa dugula eguzkiaren erradiazio ultramoretik babesteko. Baina ozonoa oso molekula oxidatzailea da eta ozono-kontzentrazio jakin batetik gora duen ingurunean egotea kaltegarria da bizidunentzat. Landareen kasuan 0,65 ppm-n dago jarria lehen muga eta gizakientzat 0,1 ppm-n.

Troposferan, hots gu bizi garen atmosferaren zatian, kontzentrazioa estratosferan baino askoz baxuagoa da, baina zenbait baldintzatan kontzentrazio hori nabarmen igo daiteke. Poluzio handiko tokietan eta egunak luzeak diren urtaroetan erreakzio fotokimikoek eraginda ozonoa sortzen da eta horrek osasunean arazoak eragin ditzake. Horregatik, azken urteotan atmosferako beste hainbat poluitzaileren kontzentrazioa neurtzen den era berean ozonoarena ere neurtu egiten da.

Hala ere, ozonoa bulego, taberna eta beste hainbat toki itxietako airea egurasteko erabiltzen da. Izan ere, oso oxidatzailea izanik bakterio, birus, onddo eta bestelako mikroorganismoak hiltzeko eta usain txarrak kentzeko egokia baita. Horretarako ozonizagailuak erabiltzen dira. Zuritzaile gisa, ura eta jakiak garbitzeko eta medikuntzan ere erabiltzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia