Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ozono geruza, planetako klimaren termometroa

2000/07/23 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Eguzkiari begira jarri zintudan joan den astean. Ez ezazu burua jira -ezta zentimetro bat ere- igande honetan ozono-geruzari begira jarriko zaitut eta. Edo beharbada jiratu egin beharko duzu, ozono guztia ez baitago zeruan, Lurrean bertan nahikoa eta gehiegi sortzen dute.

Ozonoa hiru oxigeno-atomoak osatzen duten molekula da. Berez ikusi ezin den gasa da, kolorerik gabekoa eta usain atseginekoa. Molekula oxidatzailea eta korrosiboa da. Lurreko atmosferako estratosferan edo troposferan ager daiteke, eta, horren arabera, ingurugiroan era batean edo bestean eragin dezake. Estratosferan agertzen den ozonoa onuragarria da, Eguzkiak bidaltzen dituen izpi ultramoreei ez dielako iragazten uzten; hortaz, babesa ematen du. Troposferako ozonoak, berriz, ingurugiroa kaltetzen du, altuera horretan poluitzaile bihurtzen baita.

Ozonoa ez da poluzio-iturri zuzenetatik sortzen, horregatik bigarren mailako poluitzailea dela esan ohi da. Beste poluitzaile batzuetatik abiatuta -nitrogeno-oxidoak eta konposatu organikoak- eguzki-erradiazioarekin nahastean agertzen da. Naturak, berez, ozono troposferikoa ere sor dezake, nitrogeno-oxido naturalek, eguzki-erradiazioek, konposatu organiko batzuek, eta estratosferako ozonoak bat egitean. Horregatik, troposferan ozonoa sortzeko prozesua saihesteko edo gutxitzeko aukera bakarra industriako eta garraiobideetako nitrogeno-oxidoen eta konposatu organikoen emisioak murriztea da.

Troposfera atmosferako geruzetariko bat da, baxuen dagoena, eta 5-10 kilometroko lodierakoa. Planetako klima geruza horretan erabakitzen da, lainoak, besteak beste, han osatzen direlako. Troposferako ozonoa batez ere oso poluitutako guneetan gertatzen diren bigarren mailako erreakzioen ondorioz sortzen da.

Ozono onuragarria?

Estratosferako ozonoaren onurez gain, bestelakoaren abantailak aipagarriak dira zenbait adituren ustez. Adibidez, uren tratamenduan lanean ari den ikerlari-talde batek dioenez, ozonoak desinfektatzeaz gain, bakterioak hiltzen ditu eta birusak moteldu. Ez hori bakarrik, medikuntza arloan lanean ari diren hainbat zientzialariren arabera, odolean sartuz gero, zelulek oxigenoa garraiatzeko duten gaitasunak gora egiten du, eta, aldi berean, zeluletan egon daitezkeen birusak edo eta bakterioak hil ditzake. Odolaren zirkulazio-arazoetan, kolitis-kasuetan, minbizia-mota batzuetan, fistuletan, azaleko infekzioetan, erreduretan, burmuineko odol-zirkulazioa handitzeko… ozonoa erabiltzen da.

Kloroa baino garestia izan arren, ozonoa ura edateko on bihurtzeko erabiltzen dute. Dena den, oxidatzaile ahaltsua denez, kontuz erabiltzen ez bada arriskutsua izan daiteke. Baina uretara ozono gehiegi botaz gero arazoak sor ditzake: arnasbideetako eta biriketako narritadurak batez ere.

Ura edateko modukoa bihurtzeko erabiltzeaz gain, airea purutzeko eta ur zikinek sortzen dituzten gasak garbitzeko ere erabiltzen da. Oxidatzailea denez, argizariak, olioak, irinak eta ehunak zuritzeko erabili izan da.

Geruza pikutara?

Lurrean gero eta gehiago erabili arren, ozonoaren bene-benetako zeregina zeruan dago, estratosferan. 20 eta 40 kilometro arteko altueran biltzen da ozonoa; hori dela eta, ozono-geruza deritzo atmosferaren zati horri. Izan ere, estratosferako ozono-geruzak Eguzkiak bidaltzen dituen izpi ultramoreetatik babesten du Lurra, eta, ondorioz, hemengo izaki guztiak. Eguzkiak, besteak beste, izpi ultramoreak -UVak- bidaltzen ditu eta erradiazio-mota hori intentsitatearen eta esposizio-denboraren arabera, kaltegarria izan daiteke izakientzat.

Gizakion kasuan -osasunaren ikuspegitik- erradiazio ultramoreek azaleko eritemak eta begietako gaixotasunak eragin ditzakete, eta sistema inmunologikoa hondatzea ere eragin dezakete. Naturari begiratuz gero, landareen hazkundea gerarazi dezakete -fitoplankton-a (uretan esekiduran dauden landare mikroskopikoak) barne- hortaz, Lurreko zein itsasoko bizia arriskuan egongo litzateke.

Beraz, argi dago estratosferako ozono-geruza egoera onean egoteak duen garrantzia. Nolabaiteko konponbidea izan dezakeen kontua da, gainera, beharrezko neurriak hartuz gero gizarteak bere gain har dezakeena. Ozono-geruzaren arazoa azaleratzen hasi zenean, hala ere, ez zen uste gizakien jarduerak horrenbesteko eragina zuenik.

1974. urtean Estatu Batuetako bi zientzialarik kloro, fluor eta karbonoz osaturiko konposatu kimiko batzuk, CFC izenekoak, ozonoa suntsitzeko gai direla aurkitu zuten. Konposatu horiek industrian maiz erabiltzen dira. Hozkailuetako eta aire girotuko instalazioetako freoia CFCa da, eta aerosol eta pintura batzuetan ere erabiltzen dira. Aurkikuntza egin zutenek hasieran produktu horiek ekoizten duten enpresen kritikak jasan behar izan zituzten, baina urte batzuk geroago gizarteak onartu egin behar izan zuen Antartika gaineko ozono-geruza gero eta txikiagoa zela eta CFCak erabiltzeak horretan eragin handia zuela. CFCak ez ezik, badira ozono-geruza kaltetzen duten beste hainbat konposatu: su-itzalgailuetan erabiltzen diren haloiak, HCFC izenekoak, brominak eta abar. Substantzia horiek guztiak oso egonkorrak direnez -100 urtetik gorako bizitza izan dezakete batez beste-, atmosferara isurtzen direnean estratosferara iristeko gai izaten dira. Estratosferan Eguzkiko izpi ultramoreetako erradiazioaren eraginez, klorofluorokarburoetako kloro-atomoak askatzen dira. Atomo horiek ozono-molekula puskatzen dute, molekula bat oxigeno eta molekula bat kloro monoxido askatuz. Oxigeno-molekulak kloro-monoxidoko molekula puskatu eta berriro kloro-atomoa askatzen da; hortaz, prozesoa berriro hasten da. Prozesua oso kaltegarria da, kloro-atomo bakar batek 100.000 ozono molekula suntsi baititzake. Geraraz dezakeen konposatu kimikoren batekin topo egin arte, kloro-atomoak errepikatu egiten du prozesua.

Ozono-geruzaren zuloa gero eta handiagoa denez, nazioartean akordioak ere hartu izan dira, Vienan 1985ean eta Montrealen 1987an. Azken bilera horretan 90en bat herrialdek egin zuten bat ozono-geruza zulatzen duten produktuen ekoizpena bi urtetan erdira ekartzeko. Neurri gehiago ere hartu izan dira, baina Antartikako ozono-geruza gero eta meheagoa izatea ez da seinale ona.

7kn argitaratua

4.11111111111/5 rating (9 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia