}

Osasuna zahartzaroan

2018/06/01 Iñaki Peña Bandres - Barne-medikua Osakidetzan | Felipe Esteban Aizpuru Barandiaran - Osasun-ikertzailea Osakidetzan Iturria: Elhuyar aldizkaria

osasuna-zahartzaroan

 

Gero eta botika gehiago hartzen dituzte adinekoek, baina zalantzazkoa da bizi-kalitatea bermatzen ote duen horrek. Medikuntzak badu garaia zahartzaroaren aurrean zer jarrera hartu behar duen birplanteatzeko. Osakidetzako bi medikuren hausnarketak jaso ditugu horretarako: Iñaki Peña Bandres, doluan aditua, eta Felipe Aizpurua Barandiaran, ikertzailea.

 

Zaharrentzako errezetarik onena, bertan behera uzten dena?

Felipe Esteban Aizpuru Barandiaran

Osasun-ikertzailea Osakidetzan

2016an Gipuzkoan egin zen ikerketa batek azaldu zuen hainbat faktore daudela lotuta zaharren osasun txarrarekin. Arazo sentsorialak—gortasuna, itsutasuna—, loaren kalitatea, jarduera sozial urria eta, horren guztiaren gainetik, medikamentu asko hartzea ziren faktore adierazgarrienak, ikerketa horren arabera.

Ezinezkoa da osasungintzatik arazo sozialen konplexutasunari aurre egitea. Arazo sentsorialei dagokienez, aurrerapen teknologikoak espero ditugu datozen urteetarako. Loari buruz, Los Angeleseko UCLA Unibertsitateak egindako berrikuspen batek argi utzi zuen lo egiteko arazoak ohikoak direla zaharrengan, baina ez ditugula pazienteak aztertzen arazo horiek hautemateko, nahiz eta prozedura eraginkorrak eta seguruak egon badauden, haiek detektatzeko eta tratatzeko.

Medikamentuen erabileraz, Euskal Osasun Inkestaren arabera, 75 urtetik gorakoen % 95ek egunero hartzen du medikamenturen bat. Erabilienak tentsio arterialaren, bihotzekoaren edo kolesterolaren kontrakoak dira. Baina medikamentuek albo-ondorioak ere izaten dituzte zaharrengan. Lasaigarriek, adibidez, buru-argitasunean eta orekan eragiten dute. Analgesikoak, berriz, mina hobetzen ez dutenean, medikuak ez ditu aldatzen, ezta kentzen ere. Medikamentu batzuen konbinazioak elkarren aurkako eragina sortzen du, eta zaila da kontrolatzea. Gainera, medikamentu batzuek eragin handiegia daukate zaharrengan, adibidez,  diabetesaren  aurkakoek, edo ahulegia, estatinek, kasurako. Azken finean, medikamenduak gehitzen dira, baina oso arraroa da haien preskripzioa bertan behera uztea, eta ondorioz, aurreko eragin guztiak gero eta posibleagoak dira. Bukatzeko, esan beharra dago medikamentuak ez direla ia probatzen adinekoengan, baina, hala ere, eman egiten dizkiegu.

Laburrean, askotan errezetarik onena bertan behera uzten dena da. Zaharrei kezka eragiten dieten arazoek erro sozialak dituzte gehienbat, eta osasunari lotutako arazoen aurka egiteko, baditugu erreminta eraginkor asko. Osasun-profesionaloi dagokigu ikastea eta behar den moduan erabiltzea.

 

Denbora igarotzearen eta heriotzaren aurrean trakets

Iñaki Peña Bandres

Barne-medikua Osakidetzan        

Mendebaldeko jendartean lehen mailako arazoa daukagu zahartzaroarekin; osasun-arloarekin ez ezik, esparru soziofamiliarrarekin ere. Alde batetik, populazio-piramidea erabat desitxuratuta daukagu, gero eta adineko jende gehiago baitago. Halaber, inor gutxik onartzen du sektore horren parte izatea, zaharra izatea, alegia. Zaharra hitza bera ere iraintzat hartzen da kasu askotan. Eta hori, berez, hasteko, arazo potoloa da, nire ustez.

Horiek horrela, urteekin batera, normalean, gaixotasunak eta arazo funtzional eta kognitiboak ere pilatzen dira, eta eurekin batera, botiken erabilera gora doa sarritan. Zorionez, badaude hainbat ikerketa ariketa fisikoari garrantzia ematen diotenak; funtzionaltasuna ahalik eta gehiena luzatzeko estrategiak ematen dituzte, farmakologikoak ez direnak. Gainera, osasungintzan, farmakoen depreskripzioa ere planteatzen da hainbat lekutan, beharrezkoak ez diren botikak kentzea edo ez gehitzea, alegia.

Zoritxarrez, zahartzaroaren nolabaiteko ukapen horretaz gain, badaude martxan hilezkortasunaren inguruko eldarnio kolektiboak. 1960ko hamarkadako kriogenizaziotik, gaur egungo Silicon Valleyra. Eta, antza denez, azken aldian ahaleginak egiten ari dira adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten botikak lortzen. Denok nahi izango baikenuke, jakina, gehiago bizitzeaz gain, kalitate hobearekin ere bizitzea. Baina farmakoen bidez? Are farmako gehiago hartu behar izango dituzte adinekoek?

Mediku gisa, atseginez hartzen ditut hobekuntza farmakologikoak, noski; zalantzarik gabe, posologia gero eta errazagoak edukiko ditugu, industriak gero eta botika hobeak diseinatuko ditu. Eta horri esker, bizi-kalitatea hobetu daiteke. Baina konponbide magikoekiko guztiz eszeptikoa naiz, ez dut uste gizakiak askoz gehiago lortuko duenik. Eta are gutxiago guk ikusiko dugunik.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia