}

Oroimena hobetzeko ikerketak emaitza onak eman ditu saguetan

2001/03/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako Howard Hughes Medikuntza Institutuko zientzialariek, hainbat unibertsitateetako ikertzaile-taldeekin elkarlanean, oroimenaren oinarri molekularrak ulertzeko bide berri bat aurkitu dutela adierazi dute.

Gauzak oroimenean gordetzeko jardueran, aktibazioaren eta inhibizioaren arteko orekak duen garrantzia erakutsi dute ikertzaileek saguekin egindako lanek. Jasotako emaitzen arabera, memorian gordetzeko-prozesuan pilaketaz gain, inhibizioa ere gertatzen dela frogatu dute ugaztunetan.

Oroimena hobetzeko genetikoki aldatutako saguekin egin dute ikerketa. Oroimenean agintzen duen entzima garrantzitsu bat kodifikatzen duen genea sendagai baten bitartez kontrolatu dute. Sendagaiarekin saguek oroimen-test hobeak egiten zituzten, baina kentzen zitzaienean, normaltasunera itzultzen ziren.

Izan ere, saguei doxiziklina antibiotikoarekin aktibatzen zen gene bat sartu zieten; orduan, kaltzineurina entzimaren inhibitzaile bat ekoizten zuen. Kaltzineurina molekulei fosfatoa kentzen dien fosfatasa bat da. Oroimen-biltegi garrantzitsuena den burmuineko eremuan, hipokanpoan, kaltzineurinaren eragina PKA kinasaren aurkakoa da. PK-ren funtzioa entzimei fosfatoa lotzea da eta oroimenaren epe luzeko indartzailea deitzen den prozesuan parte hartzen du. Kaltzineurina inhibituz gero, epe luzeko indartzailea eta oroimena hobetzen dira.

Hipokanpoko laginen ikerketa biokimikoek eta sagu bizietan egindako azterketa elektrofisiologikoek doxiziklinak epe luzeko indartzailea hobetzen duela frogatu zuten. Portaera-testak egin zituzten saguen oroimena neurtzeko eta kaltzineurina inhibitutako saguen emaitzak doxiziklina eman ez zitzaien saguenekin alderatu zituzten, baita sagu arrunten emaitzekin ere.

Horretaz gain, oroimena hobetzea prozesu itzulgarria zela ikusi zuten, baita saguen beste jardueretan ez zuela eraginik ere, animaliek ikusmenean, usaimenean eta mugitzeko gaitasunean aldaketarik ez zutelako jasan. Eragina hipokanpoan soilik antzeman zen.

Ikerketa horrek oroimenari buruz gehiago aztertu eta jakiteko bidea eman badu ere, Alzheimerra bezalako gaixotasunetan oroimen-galera sendatzeko botika asmatzetik oraindik urruti gaudela adierazi dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia