Elhuyar zientziaren komunikazioa

Organismo ezezagun baten arrasto fosila erreskatatu dute Zumaian

Gaur izango da aurkezpena, Algorrin, iluntzeko 7etan

2011/11/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

organismo-ezezagun-baten-arrasto-fosila-erreskatat
Zumaiako iknofosilak 1,53 m-ko luzera du, orain arte aurkitu diren era horretakoek baino lau aldiz gehiago. Arg: Asier Hilario - Arg. Asier Hilario

Duela zazpi urte, bi geologok arrasto misteriotsu bat aurkitu zuten Deba-Zumaia biotopoaren amildegian. Asier Hilario biotopoaren zuzendaria eta Juan Carlos Gutiérrez-Marco Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorena (CSIC) ziren geologo haiek, eta berehala ohartu ziren haren garrantziaz. Orain, fosila galtzeko arriskuan zegoela aintzat hartuta, lekutik erauzi dute (ikusi erreskatearen argazki-galeria), eta Algorri interpretazio-zentrora eraman dute (Zumaia). Hain zuzen ere, han egingo dute fosilaren aurkezpena bi adituek, gaur, arratsaldeko 7etan.

Asier Hilariok nabarmendu duenez, “fosilak interes zientifiko handia du, batez ere, duen neurriagatik. Orain arte topatu diren era horretako fosilak 30-40 zentimetro luze dira, eta hau, aldiz, 1,53 metrokoa. Horrek berezi egiten du, aparta”.

Eozenoan, duela 49 milioi urte, bizi zen organismo baten arrasto fosildua da (iknofosila). Zientzialariek ez dute organismo hori ezagutzen, baina era horretako arrasto gehiago topatu izan dituzte, 411 milioi urteko epe bati dagozkionak (Paleozoikoko periodo ordoviziarretik Neogenora). Hala ere, ez daude ale asko, eta hainbat eratara deitu izan zaio. Dena den, fosilaren izen zientifikoa Saerichnites abruptus da.

Gaur egun, batiskafoei esker, itsas hondoan antzeko arrasto batzuei argazkia ateratzeko aukera egon da. Saerichnites canadensis deitu diete horiei, eta zaharrenak Kanbriarrekoak dira; baina, kasu horretan ere, ez dakite zein den arrastoa sortzen duen organismoa.

Biotopoan aurkitu duten alea oso egoera onean dago, eta aproposa da halako fosilen ezaugarriak ikusteko. 1,53 metro luze eta 3 cm zabal da, eta bi hobi-ilara ditu paraleloan; hobiek, berriz, 0,7-1,7 cm-ko diametroa dute.

Geologoek aurkitu zutenetik, jarraipena egin diote iknofosilari, arriskuan egon zitekeela uste baitzuten. Izan ere, amildegi ezegonkor baten oinarrian zegoen, eta olatuen indarra jasaten zuen. Azkenean, pitzatuta zegoela ikusita, erauztea erabaki zuten, ezbeharren bat gertatu aurretik. Alderdi horretatik, “biotopoan egiten den kontserbazio-lanaren adibide” dela aipatu du Asier Hilariok; are gehiago, “eredutzat” ere jo du.

Erreskatea ez da erraza izan, fosila inguratzen duen arroka-zatiak 200 kg baino gehiagoko pisua baitu. Hala, zortzi pertsona aritu ziren hura erauzteko lanetan,  Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapen Sailaren zuzendaritzapean. Orain, Algorri 200 kg-tik gorako arroka-zatia erauzi behar izan dute iknofosila erreskatatzeko. Arg: Asier Hilariointerpretazio-zentroan aurkeztuko dute, eta, aurrerantzean, han egongo da, ikusi eta aztertu nahi duten guztien eskura.

5.0/5 rating (5 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia