}

Ordenagailuak eta biologia: batak bestea elikatzen du

2003/02/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ordenagailuek biologia-arloko ikerketei bultzada handia ematen diete eta, era berean, ikerketa horiek ordenagailuen garapena sustatzen dute. IBMko Biziaren Zientziak arloko zuzendariaren arabera, batak besteari laguntzen dio.

Urtero, ordenagailuen alorrean aitzindari izan zen Alan Tuningen omenez, Tuningen Hitzaldia egiten da. Aurten IBMko Carol Kovac-ek eman du hitzaldia. Kovac Biziaren Zientziak saileko burua da IBMn, eta bere gaiaz hitz egin du, biologiaren eta ordenagailuen arteko harremanaz. Eta, bide batez, IBMren hurrengo ordenagailuaren berri eman du.

Kovacek antzekotasun handiak ikusten ditu bi alorren arteko garapenean. Azken urteetan, biologia Moore-ren legera hurbiltzen ari da haren ustez. Moore-ren legeak iragartzen du txipen gaitasuna esponentzialki handitzen dela, eta 18 hilez behin bikoiztu egiten dela.Biologiak ere bide bera hartu du Kovacen arabera. "Bioinformatikariek inoiz baino ahalmen handiagoa eskatzen diete ordenagailuei eta, beraz, ordenagailuen egileei, eta horrek ordenagailuen garapena gidatuko du" esan du Kovacek. Hain justu, ildo horretan inbertsioak egiteko kideak bilatzea da bere lanetako bat.

Deep Blue ordenagailuak Kasparovi xakean irabazi zion 1996an

Biologia-alorreko ikerketei eta, batez ere, genomaren inguruko ikerketei begira, IBMk Blue Gene ordenagailua merkaturatuko du. Ordenagailu hau gai izango da segundoko 360.000 milioi operazio egiteko, egun dauden 500 superkonputagailu onenek batera baino gehiago. Blue Genek bikoteka antolatu eta paraleloki lan egiten duten 65.536 prozesadore izango ditu eta orduko 20 Kilowatt kontsumituko ditu. Kostu/emaitza harremanari begira, Deep Blue aitzindaria baino 20 bider hobea izango da. Deep Bluek, sortu zenean, 256 prozesadore zituen eta 100-200 mila milioi operazio egin zitzakeen. Erreferentzia hartzeko, ohiko ordenagailuek prozesadore bat, bi, lau, onenek zortzi izaten dituzte.

Horrelako ordenagailuekin informazio genetikoa kudeatu eta aztertzeko aukerak biderkatu egingo direla uste du Kovacek, eta hortik sortuko den jakintzak euren lana bultzatuko duela. Bezeroak izango dituztela, alegia.

Informazio hori guztia kudeatzeko formatu egokienaz ere aritu zen Kovac. XML formatuari ikusten dio etorkizun handien. Interneten asko erabiltzen da gaur egun, eta, duen izaeragatik, oso egokia izan daiteke datu genetikoak kudeatzeko; kode irekia du eta doanekoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia