}

Oporretan, osasun arazoak uxatuz

2000/07/30 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Iazko abuztuko oporrak baino lehen, 7k-ko orrialde hauetan atzerrira joatekotan zirenek hartu beharreko neurriei buruzko artikulua argitaratu zen. Zein herrialdetara joateko zein txerto hartzea komeni den, eta gaixotasunik ez harrapatzeko zer egitea komeni den izan ziren idatzi hartako oinarriak. Oraingo honetan, gaia antzerakoa da, baina oporretara joan aurretik baino, udaran eta oporretan zaudela ez gaixotzeko egin beharrekoaz ari da.

Eguraldi beroarekin janariaren egoera eskasaren edo elikagaien erabilera okerraren ondorioz sortzen diren gaixotasunen kopuruak gorantz egiten du. Azkenaldian gainera, elikaduran jatorria duten infekzioek eragin nabarmena izan dute. Bidaiak, nazioarteko merkataritzak, mikrobioek egoera desberdinetara egokitzeko duten gaitasuna, janaria ekoizteko prozesuetan egon diren aldaketek, eta populazioa gehitzeak zer ikusi handia dute horrelako infekzioak areagotzearekin. Bidaiariak, errefuxiatuak, inmigranteak… elikagaien bidez infekzioak izateko arriskua dute.

Esan bezala, populazioaren mugikortasunaz gain, patogenoek bizirik irauteko eta barietate berriak sortzeko duten gaitasuna infekzioen kopuruak gora egitearen arrazoi nagusiak dira. Horrekin batera, hainbat tokitan elikagaiekiko dagoen kontrol eza ere kontuan hartzekoa da. Populazioak berak ere badu zer esanik kontu honetan guztian, gero eta zaharragoa eta gero eta okerrago elikatua baita.

Egoera txarrean egoten diren elikagaien ondorioz sortzen diren gaixotasunen gehiketa hain larria denez, Mundu Osasunerako Erakundeak segurtasunez jateko hamar aholkuko zerrenda argitaratu du:

  1. Natura beti ez da segurua
    Hainbat elikagai, frutak eta barazkiak adibidez, bere horretan hartu behar dira, baina beste batzuk, esnea esate baterako, ez. Pasteurizazioa edo erradiazio ionizatua elikagaien tratamendu eta kontserbazio egokia bermatzen duten bi prozesu dira. Beraz, ahal izanez gero, hauta itzazu horrelako produktuak.
  2. Tenperatura egokian
    Gordinik hartzen den hainbat jaki, hegazti-okelak, arraultzak, pasteurizatu gabeko esnea eta abar. gaixotasuna eragin dezaketen organismoekin egon daitezke. Berotan kozinatuz gero patogenoak hil egingo dira, baina kontuan hartu behar da tenperaturak gutxienez 70 °C hartu behar dituela. Gainera, izoztutako haragi edo arrainak prestatu aurretik desizoztu egin behar dira.
  3. Termometroa zaindu
    Momentuan jan behar ez den janaria prestatzen bada edo hondarrak gordetzen badira, berotan -60 °C-tik gora- edo hotzean --10 °C-tik behera- gordeko direla ziurtatu behar da. Arau hori oso garrantzitsua da janariak lau ordutik gora gorde nahi badira. Umeei, hala ere, ahal dela momentuan prestatutakoa eman behar zaie, infekzio-arriskua gutxitzeko. Izozkailua beteta edukitzea ona da, baina gehiegi betetzea ez da ona izaten, balitekeelako izoztutako jaki guztiak -10 °C-tik behera ez egotea, eta mikrobioek izozkailuko toki batzuetan ugaritzeko aukera izatea.
  4. Zenbat eta lehenago, hobeto
    Janaria giro-tenperaturan dagoenean, mikrobioak ugaritu egiten dira. Zenbat eta gehiago itxaron, arriskua handiagoa da. Onena, prestatzen dena ahalik eta bizkorren jatea izaten da.
  5. Beroa bera desinfektagarri
    Elikagaien kontserbaziorako dauden arau guztiak zehatz-mehatz beteta ere, horrekin mikrobioen ugaritzea murriztea besterik ez da lortzen. Horrelakoetan, mikrobiekiko babes-neurririk eraginkorrena, janaria berriro 70 °C-tik gora berotzea da.
  6. Gordina eta prestatutakoa bereizi
    Prestatutako janaria gordinik dauden janariekin nahasten bada mikrobioak errazago ugaritzen dira. Esate batera, oilaskoa garbitzeko labana erabili bada eta prestatu eta gero oilaskoa zatitzeko laban bera erabili bada infekzio-arriskua areagotu egiten da. Horrelako prozesuetan mikrobioak gustura mugitzen dira.
  7. Eskuak beti garbi
    Jaten hasi baino lehen beti garbitu behar dira eskuak. Arraina edo okela prestatzen egon denak, beti garbitu behar ditu eskuak beste janariren bat prestatzen hasi aurretik.
  8. Garbitasuna lehenengo
    Janaria mikrobioekiko oso sentikorra da. Horregatik janaria jartzen den tokiak garbi egon behar du, ontziak garbitzeko esku-oihalek garbi egon behar dute….
  9. Janaria ondo babestu
    Ontzi hermetikoetan gorde behar da janaria. Izan ere, horrela nekez ugarituko dira mikrobioak.
  10. Ur segurua
    Edateko zein janaria prestatzeko, ura bezalakorik ez dago. Baina urak ona izan behar du, bestela hobe urik ez edatea. Zalantzak izanez gero, onena ura irekiten jartzea da.

Tropikoetara noa…

Janari-kontuak alde batera, Tropikoei begira jarriko zara ondorengo lerroetan. Izan ere, Tropikoetara joan eta gaixorik itzultzen direnen kopurua gorantz doa etengabe. Horrelako kasuak hainbeste igo direnez, toki batzuetan Tropikoetara joan behar dutenei informazioa emateko zerbitzuak ireki dituzte. Horietako bat Bartzelonan dago Igualadako Anoia anbulategian. Han bidaiari guztiei, bidaiatzean osasun-arazorik izan ez dezaten, urrezko hamar arau ematen dizkiete:

  1. Osasun-berme handirik ez dagoen herrialdetan jaki gordinik -barazkiak barne- ez da hartu
    behar, ezta gutxi egindako janariak ere, itxitako boteiletan ez dauden edariak, izotza duten edariak, izozkiak… eta ez da iturrietako eta kanilako urik edan behar. Beste erremediorik ez dagoenean, nahitaez ura edan behar denean, litroko 3-4 ttantta-iodo bota behar zaizkio.
  2. Eltxoak ugari ibiltzen den tokietan onena praka luzeak eta manga luzeko alkandorak erabiltzea da, batez ere iluntzean. Horrekin batera, eltxoak uxatzeko produktuak erabili behar dira, eta lotarako eltxo-sarea.
  3. Eguzkiaren erredurak eta beroa direla eta, izerdia kanporatzen duten arropak erabiltzea gomendatzen da, eta kapelak eta eguzkitarako kremak.
  4. Herrialde jakin batera joan baino lehen, ahal dela sendagileekin hitz egin, jakiteko kasu bakoitzean zein neurri eta zein txerto hartu behar diren.
  5. 2.000 metrotik gorako altueran ibili behar bada, igoera progresiboki egitea aholkatzen dute. Horrelakoetan insolaziorik ez jasan behar izateko, likido asko edatea ona dela diote eta analgesikoak eramatea komeni dela zorabiorik gerta ez dadin.
  6. Patologia kronikoak dituztenek, asma, diabetea, migrañak… ohiko botika eraman behar dute.
  7. Parasitoen erasorik ez jasateko, ahal dela ez da bainurik hartu behar erreka eta ibaietan, ez da lokatzetan ibili behar, eta erreka eta lakuetatik urrun egotea komeni da.
  8. Beherakoak gertatzen direnean, ur asko edan. Beherakoarekin gorputzarentzat arriskurik handiena deshidratazioa da.
  9. Paludismoa edo malaria dela eta -Tropikoetatik datozenek askotan ekartzen duten oroigarria- bidaian zehar gaixotasun horren aurkako botikak hartzen jarraitu behar dira, eta eltxoen ziztadak saihesten saiatu.
  10. Larrialdietarako botikina eraman. Zerekin beteta, ordea? Honako hauxe izan behar omen da bidaiariaren botikina:
  • Minarendako analgesikoak.
  • Hanturen aurkako botikak.
  • Beherakoen ondorioz sor daitezkeen deshidratazioei aurre egiteko sodio, potasio eta glukosa kontzentratuak.
  • Tiritak.
  • Goragaleari aurre egiteko botikak.
  • Ziztaden eta alergien aurkako botikak, antihistaminikoak.
  • Uretan disolbatzeko iodoa, boteilako urik aurkitzen ez denerako.
  • Azaleko arazoendako kortikoidea duten kremak.
  • Arnas-bideetako eta gernu-aparatuko infekzioei aurre egiteko antibiotikoak.
  • Eltxoak uxatzeko produktuak, piretrinan aberatsak.

Aholku horiek guztiak jarraituz gero, itzuleran opor-mina besterik ez duzu izango, ez bestelako minik.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia