}

Opioideak dosi handian, min kronikoari aurre egiteko

2012/02/02 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

opioideak-dosi-handian-min-kronikoari-aurre-egitek
Ohikoa dosia baino 2-4 aldiz handiagoa emanda min iraunkorra desagertu egiten da saguetan. - Arg. Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Saguekin egindako ikerketa batean, opioide-dosi handi batekin min kronikoarekin lotuta dauden arazo neuronalak konpon daitezkeela ikusi dute Vienako Medikuntzako Unibertsitateko ikertzaileek. Science aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.

Min kronikoaren arrazoi nagusietako bat nerbio-sistemaren akats bat izaten da: neurona batzuek minaren seinaleak transmititzen jarraitzen dute etengabe, nahiz eta mina izateko arrazoirik ez egon. Minari aurre egiteko substantzia eraginkorrenak, gaur egun, opioideak dira, hain zuzen ere (morfina eta heroina, esaterako); baina, ohiko dosi txikietan, opioideen efektu analgesikoa iragankorra da. Dosi handian emanda, ordea, ikertzaileek ikusi dute nerbio kaltetuek minaren seinalea transmititzeari uzten diotela saguetan. Ikertzaileen ustez, seinaleak transmititzeko neuronen artean gertatzen den kaltzio-ioien mugimendua etetea eragiten dute opioideek dosi horietan.

Erremifentanilo opioidea erabili dute ikerketan, eta ohiko dosia baino 2-4 aldiz handiagoa eman diete saguei. Orain, gizakietan ere gauza bera gertatzen den jakiteko, lehen saiakuntza klinikoak egiten hasi dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia