}

Onddo-genero berria, Pagoetan

2020/02/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek onddo espezie berri bat aurkitu dute Pagoeta Parke Naturalean, Aian, Gipuzkoan. Onddo txiki bat da, 3-4 milimetrokoa, beltza eta hildako egurraren gainean bizi dena.
onddo-genero-berria-pagoetan
Pagoetako Parke Naturalean aurkitutako onddo-espezie berria - Arg. Aranzadi

Aranzadikoek espeziea deskribatu dute. Hori oso prozesu konplexua da. Eta arrazoia begi-bistakoa da: espezie bat deskribatzeko, ziurtatu behar duzu ez dela lehenago deskribatu, alegia, ez dela ezagutzen. Eta gero ale bat baino gehiago aztertu behar dira, beraz, lan zientifiko luzea du deskribapenak.

Aranzadiko mikologoa den Ibai Olariagak dioenez, urte askotan jardun dira espezie honen atzetik. Pagoeta Parke Naturaleko bi errekatan aurkitu dute. Aurreneko aldiz orain dela 14 urte topatu zuten, eta harrezkero jardun dute zein espezie zen eta  aurretik deskribatuta zegoen galdetuz. Haien ondorioa izan da espezie hori deskribatu gabe zegoela.

Hain zuzen, onddoaren hifen muturrak aztertu dituzte, hau da, onddoaren filamentuen muturrak; baita, onddo-mota hauetan esporak ekoizten dituzten zilindro itxurako zelula sexualak ere. Hau da, onddoaren ezaugarri fisiologiko guztiak ondo zehaztu dituzte.

Urtetako lan hori bukatuta, Aranzadiko mikologoek (Ibai Olariagak, Joxepo Teresek eta Joakin Martinek) izen zientifiko bat eman diote onddoari:  Pseudosclerococcum golindoi. Oraindik, izen arruntik ez du, baina izen zientifikoak adierazten du ez dela espezie berri huts bat. Genero berri bat baizik. Genero hitzak adierazten du, modu sinplifikatu batean esanda, oso-oso antzekoak diren espezieak biltzen dituen multzoa dela. Espezie berri bat aurkitzea zaila da, baina, gaur egun genero berri bateko espezie bat aurkitzea oraindik zailagoa.

Kasu honetan, onddoak genero ezagun bateko onddoen antza du, Sclerococcum generoko onddoena, baina ezberdina da. Horregatik deitu diote Pseudosclerococcum. Eta izen zientifikoaren bigarren hitza, generoaren barruan espeziea zehazten duen hitza, kasu honetan golindoi, Jose Luis Albizu Aranzadiko mikologo zarauztarraren omenez jarri diote. Aranzadiko web orrian bertan esaten dutenez, “aurreneko biltzaileetako bat izan zelako, eta bizitza erdia onddoen mundua aztertzen igaro duelako”.

Zorionak Aranzadiko mikologoen taldeari, lan gogorra egin ondoren, espezie berri bat eta genero berri bat deskribatu dutelako. Hala ere, beti geratzen dira kontu asko ikertzeko. Ibai Olariagaren ustetan,  onddo tropikal bat izan daiteke, eta Kanariar Irleetan, Cabo Verden, Azoreetan, Madeiran, eta antzeko uhartetako oihanetan bilatu beharko litzateke, han dagoen ikusteko.

Esandakoa. Zorionak Aranzadiko mikologoei.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia