}

Oinutsik korrika egiteko jaioak gara

2010/01/28 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Oinutsik korrika eginez, hobeki arintzen dugu korrika goazela oinek lurraren kontra egiten duten talka. Ondorio horretara iritsi dira Harvard Unibertsitateko ikertzaile batzuk Estatu Batuetako eta Kenyako hainbat korrikalariren korrika-saioak aztertuta.

Azaldu dutenez, oinetakoak jantzita aritzen diren korrikalariek zuzenean orpoen kontra eragiten dute urrats bakoitzean talka. Orpo bakoitzak jasaten duen talkaren indarra, gorputzaren pisuaren halako hiru izatera irits daitekeela ikusi dute, oinetakoek motelgailuak badituzte ere.

Korrika oinutsik aritzen direnek, aldiz, oinetako kuxinekin jotzen dute lehenengo lurra. Horri esker, oineko eta hankaren azpialdeko giltzadurek, tendoiek eta giharrek talka arintzeko aukera dute, eta, ikertzaileen arabera, orpoek jasaten duten talka gorputzaren pisuaren % 60ra jaisten da. Noski, abantaila horiek guztiak oinutsik korrika egitera ohituta daudenek bakarrik dituzte; alegia, oinak indartuta eta gogortuta dituztenek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia