}

Odola eta odolaren osagaiak. Prestaketa eta erabilera

1992/10/01 Furundarena Salsamendi, Jose Ramon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ebaki bat izaten dugunean, likido gorri itsaskor bat agertzen zaigu larruazalera; odola. Kontuan izan behar dugu likido gorri horretan zelula asko dabiltzala zirkulatzen, bakoitza bere funtzioarekin, eta ondorioz odola ehun bizia dela eta ez likido arrunt bat. Odolean globulu gorri edo hematieak aurki ditzakegu, globulu zuri edo leukozitoak eta plaketak. Guztiak hezur-muinean sortzen dira eta heltzen direnean odolera pasatzen dira. Bestalde odolaren zati likidoari plasma deitzen diogu, eta geroago adieraziko dizuegunez, plasma horretan substantzia garrantzitsuak daude.
Horrela errazago uler dezakegu odola ematen dugunean ez dela nahikoa edozein poltsetan sartzea eta edukitzea. Beharrezkoa da bere gatzatzea ebitatuko duen soluzioarekin nahastea eta zelulak bizirik mantentzeko nutriziogai egokiak erabiltzea. Beste sistema bizien antzera odoleko zelulek ezinbestekoa dute material anitzen oreka biokimiko delikatua mantentzea; batez ere glukosa, pH eta adenosina trifosfatoaren (ATP) oreka.

Antikoagulazioa eta preserbazioa

Bi helburu hauek lortzeko inguruko Ospitaleetan CPDA (zitratoa, fosfatoa, dextrosa, adenina) daramaten poltsak erabiltzen dira. CPDArekin nahastutako odola 35 egunez erabil daiteke 1ºC eta 6ºC bitartean mantenduz gero. Zelula gorri edo hematieek bizirik irauteko beharrezkoa duten energia ATP dextrosa eta adeninatik lortzen dute. Zitratoa da, aldiz, odola gatzatu gabe mantentzea lortzen duena.

Dena dela, 35 egunez gordetako odolean aldaketa batzuk gertatzen dira, hala nola, bizirik irauten duten globulu gorrien portzentaia % 71ra jaisten da, pHa zerbait azidotzen da, ATPren mailak behera egiten du, etab. Hala ere, aldaketa hauek ez dute garrantzi klinikorik.

Odolaren osagaien prestaketa

Zentrifugagailutik odol-poltsak atera eta prentsaren laguntzaz plasma, plaketak eta hematie-kontzentratuak poltsa desberdinetan banatzen dira.

Odol-emaileari ateratako odola komunikatuta dauden hiru poltsetako batean biltzen da, bertan CPDArekin nahastuz. Probetxu handiagoa lortzeko odola bere osagaietan banatzeari ekiten zaio eta horretarako zentrifugagailu handi batzuk erabiltzen dira. Zentrifugazio-abiadura ezberdinak emanez eta denbora zehatz batzuetan zentrifugazioa mantenduz, osagai desberdinak lortuko ditugu.

Odoleko zelula gorriak edo hematieak

Zelula hauez bakarrik osatutako poltsei, hematie-kontzentratu deitzen zaie. Kontzentratu hauek lortzeko odolari plasma eta plaketak kentzen zaizkio: lehen pausoan zentrifugazioak plasma eta plaketak poltsaren goiko partean utziko ditu eta prentsaren bidez bigarren poltsara pasaraziko ditugu; bigarren pausoan beste zentrifugazio batek plasma poltsaren goiko partean eta plaketak beheko partean utziko ditu, prentsaren laguntzaz plasma hirugarren poltsara pasatzeko moduan. Beraz hiru poltsa lortzen dira: batean hematie-kontzentratua, bigarrenean plaketak eta hirugarrenean plasma.

Odol-poltsak zentrifugagailuan sartu eta abiadura ezberdinak erabiliz odolaren osagai desberdinak banatzea lortzen da.

Odola biltzeko poltsek 500 ml-ko bolumena dute eta hauetatik 450 ml odolez beteko dira, gainerakoa CPDAri dagokiolarik. Hematie-kontzentratuak 300 ml-ko bolumena izaten du eta plaketen eta plasmaren bolumenak 50 ml eta 150 ml izaten dira hurrenez hurren. Hematie-kontzentratuak hozkailuan gordeko dira tenperatura 1 C eta 6 C bitartean mantenduz. Horrela 35 egunez gorde daitezke eta epe hori gaindituz gero ezingo ditugu erabili.

Odol-hozkailuek bi eratara agertuko dute barnean duten tenperatura: markagailu digital batean eta paper batean unean uneko tenperatura markatzen duen neurgailu batean. Paper hau astero edo hilabetero aldatzen da eta aurreko egunetan izandako tenperaturen grabazioa ematen digu. Tenperatura 1ºC eta 6ºC bitartetik ateratzen baldin bada, hozkailuak alarma entzungarri bat joko du eta argi bat piztuko zaio. Komeni izaten da hozkailuak eta izozgailuak ospitaleko elektrizitate-iturrietatik aparte beste iturri autonomo batera konektatuta edukitzea, argindarrik gabe geldituz egero funtzionatzen segi dezaten.

Hematie-kontzentratuak hozkailuan 1 ºC eta 6 ºC bitarteko tenperaturan mantenduz 30 egunez gorde daitezke.

Odola da giza gorputzaren ehun guztietara oxigenoa garraiatzeko ardura duen fluidoa eta oxigeno hori globulu gorri edo hematietan eramaten du. Oxigenoa garraitzeko ahalmena jaisten denean (hemorragiak, anemiak, etab.) hematie-kontzentratuen transfusioak erabili ahal izango ditugu. Hala ere anemia zenbait botika edo sendagairekin sendatu ahal izanez gero, ez dugu transfusioa erabiliko. Jakina denez, transfusiorako odola bakoitzaren odol-taldearen arabera aukeratuko da (ikus Elhuyar 55. alea).

Plasma

Odolari zelulak kendu ostean gelditzen zaigun fluidoa da plasma. Bertan ura eta elektrolitoez aparte albumina, gamma-globulinak eta koagulazio-faktoreak aurki ditzakegu. Odola eman ondoren, lehen aipatu bezala zentrifugatuz poltsa batean plasma bilduko dugu eta koagulazio-faktoreen egonkortasuna segurtatzeko beharrezkoa izango da 8 ordu baino lehen -30 C baino tenperatura baxuagora izoztea. Horrelako produktuari plasma fresko izoztu deitzen diogu eta urtebetez gorde daiteke odola gatzatzeko behar diren substantzien aktibitatea mantenduz.

Odol-emaile askoren plasmak erabiliz, industriak produktu eratorri erabilgarri asko lortzen ditu: albumina, proteinak, hemofilikoek falta izaten duten gatzatzeko VIII. faktorea, inmunoglobulinak, gatzatzeko behar diren beste faktoreak: II., VII., IX., X. etab.

Krioprezipitatua

Plasma fresko izoztua izozkailuan -30 ºC baino tenperatura baxuagotan urtebetez eduki daiteke.

Plasma fresko izoztua 1 C eta 6 C bitartean epeldu ondoren plasman irauten duen zati disolbaezina da. Bertan aurki ditzakegu jatorriko plasman dagoen gatzatzeko VIII.faktoretik % 50, fibrinogenotik % 20-40 eta XIII. faktoretik zertxobait.

Aipatuko dugun gauza bakarra hau da: odolaren gatzaketan akatsak dauden bi egoeratan dela baliagarria, hau da, Von Willebrand-en eritasunean eta hipofibrinogenemian.

Plaketak

Hezur-muineko zelula batzuetatik sortutako elementuak dira eta globulu gorri eta zuriekin batera odolean izaten ditugu. Barruan dituzten bikor batzuetan gordetzen dituzten substantzia ugarien laguntzaz odola gatzatzeko jokatzen duten papera ezinbestekoa da. Plaketarik gabe ezingo ginateke bizi; hemorragiarik ez edukitzeko beharrezkoa bait da plaketa-kopuru minimo bat edukitzea.

Plaketa-kontzentratuak 20 ºC eta 24 ºC bitarteko tenperatura (gelako tenperatura izaten da) errotatzaile edo mugitzaile batzuetan mantenduz erabiltzeko moduan gorde daitezke 5 egunez.

Zenbait egoeratan (leuzemiatan, gibeleko eritasunetan...) plaketa gutxiegi ager daitekeenez transfusiorako moduan prestatzen dira, lehen esan dugunez. Odol-emaile batek emandako poltsa batetik zentrifugazioz bereizitako plaketez osatutako poltsari plaketa-kontzentratua edo unitatea deitzen diogu. Komeni izaten da odolari plasma bereizten diogunean plaketak ere bereiztea, hau da, 8 ordu baino lehenago. Laborategian era berezian edukiko ditugu plaketak: 20ºC eta 24ºC bitarteko tenperaturan (gelako tenperatura izaten da) eta gelditu gabe aritzen diren irabiagailu edo errotatzaile batzuetan. Horrela edukiz gero, 5 egunez erabili ahal izango dira.

Kontuan eduki beharrekoak

  • Odola leku batetik bestera garraiatzen denean, 1ºC eta 10ºC bitartean eraman behar da eta horretarako hozkailu eramangarriak erabil daitezke (izotz lehorra daramaten hozgailuak).
  • Plasma fresko izoztua transfunditzeko 30ºC-37ºC-tan dagoen ur epelean sartuta urtuko dugu eta beharrezkoa izango da ondorengo 24 ordutan transfunditzea.
  • Ezinbestekoa da transfunditzeko poltsari itsatsitako etiketa batean ondorengo informazioa era garbi eta ikusgarrian erakustea: odolaren zein osagai den, odol-taldea, unitatearen zenbakia, odola noiz eman den eta erabilgarria zein egunerarte den, zein eranskin dituen, etab.
  • Transfusio-unean 170-260 um-ko iragazkiak erabili behar dira poltsetan egon daitezkeen odolbildu txikiak odol-hartzailearengana pasa ez daitezen.
  • Odola transfunditzen den bena beretik ezin dira beste medikazioak batera pasa, suero fisiologikoa, plasma edo albuminaren kasuetan izan ezik.
  • Lehenengo ordulaurdenean transfusioa astiro-astiro egingo da, arriskua duten erreakzioak orduan agertzen bait dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia