}

Nola ezagutu 10 eritasun ohizkoenak

1988/08/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Beldurraren ranking guztietan lehen postua hartzen duen eritasuna zalantzarik gabe, minbizia da. Baina ez da bakarra. Bada nahikoa maiz agertu eta larriak izan daitezkeen beste eritasun asko.

Ez larritu, ordea: normalean sintomak garrantzirik gabeko eritasunenak izango dira... edota geure buruan soilik dauden eritasunenak. Horregatik komeni da egoera larri horiek ezagutu eta antzeko beste eritasun arinagoetatik bereizten ikastea.

Azterketa xume hau ilustratzeko, hamar eritasun hautatu dira; seguraski ezagun eta aurruntenen artean daudenak. Beste ohar bat ere eman beharra dago: autoazterketa horrek zalantzak argitzen ez dituenean, bere zentzu negatiboan, espezialistarengana joatea merezi du. Beti bezala, azken hitza berak edukiko du.

Urdail eta duodenoko ultzera

• Nola ezagutu

Bihotzerre eta urdaileko minez agertzen da. Mina bularrezurraren azpian kokatzen da. Molestiak, janariak, esnea edo botika antiazidoak ahoratzerakoan baretzen dira.

Bizi-aztura irregularrak, lan-gehiegikeria, jan-neurria desorekatua, stressa, tabakismoa eta alkohol-kontsumo larregia ultzeraren agerpena errazten duten faktoreak dira.

• Ez nahastu...

  • Gastritisarekin. Urdaileko barne-paretaren suminkortasuna besterik ez da; denboraldi baten ondotik desagertzen den mina. Mina ere ultzeraren kasuan baino zabalagoa da eta ez hain kokatua.
  • Dispepsia edo liseriketa nekezarekin. Jatorduak egin eta ordu batzuetara agertzen da, eta gasak edo haizeak bota ondoren molestiak desagertu egiten dira.

Hepatitisa

• Nola ezagutu

3 motatakoa izan daiteke: A, B, eta ez-A-ez–B. Bi aurrenekoak dira usuenak, eta B hepatitisa A motakoa baino grabeagoa da. Bien sintomatologia antzekoa da: ondoeza, minoria (larruazaleko kolore horia), nekea, apetiturik eza, goragaleak, etab.

A hepatitisa elikagai edo gorozkien bidez transmititzen da eta B motakoa injekzio, txerto, zauri, etab.en bidez. Gogoratu, bada, ea horietako kutsapen-biderik eduki duzun.

Behin-betiko diagnostikoa laborategiko analisiek ematen dute.

• Ez nahastu...

  • Birusengatiko beste infekzio batzuekin (gripea, adib.).
  • Gibeleko zirrosiarekin. Azken hau alkohol asko eta denbora luzez hartzen dutenetan agertzen da batez ere.

Dena den, diagnostiko desberdintzailea analisietan oinarritzen da.

Lunbagoa

• Nola ezagutu

Bizkarreko mina, giltzurrunen parean. Baina gerruntze-alde osora zabal daiteke; baita zangoetara ere.

Minarekin batera sentikortasun-falta zango batean (edo bietan), mindutako eskualdearen sortasuna.

Disko-eten batek sortua ere izan daiteke, kasu horietan mugimendu bortitz baten ondoren agertzen delarik.

• Ez nahastu...

  • Bizkarreko erreuma-lesioekin: mina beste giltzaduretan ere ikus eta senti daiteke (beulaunak, lepoa), klaskada-hotsak, eta hanturak, etab.
  • Eskolosi eta zifosiekin. Bizkarrezurreko desbiderapenak dira. Erradiografiaren bidez oso ongi bereiz daitezke.

Odoluzkiak

• Nola ezagutu

Nahikoa erraz odoletan hasten diren uzkiko bena-dilatazioak dira. Pertsona urdurietan, lan sendentarioak dituztenetan, gizen eta gaizki libratzen direnetan agertzen dira. Baita haurdun dauden emakumezkoetan ere.

Sintomarik nagusiena gorozkietako odola da. Baita uzkiko hazkura ere.

• Ez nahastu ...

  • Koloneko minbiziarekin. Kasu honetan odoljarioak ez dira hain ugariak eta badira beste sintoma batzuk ere (libratzeko zailtasuna, kolonean bulto bat edukitzearen sentsazioa, kolitisa, etab.).
  • Urdaileko ultzerarekin. Odola ez da gorria, beltza baizik, denbora luzeagoan ibili bait da liseri-aparatuan, eta beraz aldatu egin bait da.

Infartua

• Nola ezagutu

Odola bihotzera daramaten arteriak —arteria koronario deituak— butxatu egiten dira: bihotza elikadurarik gabe geratzen da eta zona handi edo txikiagoan hil egiten da.

Mina oso handia da, bihotz-aldean. Ezkerreko besora zabal daiteke, eta bizkar edo sabelaldera. Mina ez da desagertzen, ez jarreraz aldatuta eta ezta haizeak botatakoan ere.

Stressak, tabakismoak, adinak, obesitateak, gantzetan aberats diren jan-neurriak eta ariketa-falta infartuaren agerpena errazten duten faktoreak dira.

• Ez nahastu ...

  • Ultzera edo gastritisarekin. Eritasun hauetan, gas edo haizeen gehikuntzak minak sor ditzake infartuaren antzeko gorputz-zatietan. Baina haizeak botatzen direnean mina desagertu egiten da.
  • Anginarekin. Mina arinagoa da. Bestalde, angina prozesu itzulgarria den bitartean, infartua prozesu itzulezina da.

Dermatitisak

• Nola ezagutu

Ukipenezkoak izan daitezke (gai narritagarriekin harremana eduki ondoren, garbikariak, disolbatzaileak, plastikoak, kosmetikoak, etab.) edo seborreikoak (jatorria ez da oraindik ezagutzen; buruan, iztondo eta galtzarbeetan agertzen da, stress aldietan bereziki).

Ukendu edo pomada bereziekin tratatzen da.

• Ez nahastu ...

  • Erredurekin. Kasu honetan arrazoia begibistakoa da eta erasandako lekuan puslak eta min handia agertzen dira.
  • Ile-erorketarekin. Gantz-gehiegikeriak, herentzia genetikoak, urduritasunak, etab. sortutako egoera.

Buruko minak

• Nola ezagutu

Gehienbat lepoko muskuluen uzkurduragatik edota buruko odol-hodien funtzio-asaldurengatik sortuak. Baita inguruko zatietako lesioek sortuak ere (flemoiak, txantxarrak, sinusitisa, gongoilak,...).

Herentziak, tentsio nerbiosoak, stressak,... lagun egiten diote. Muskulu-uzkurdurengatik sortuak direnak tratatzeko hoberena, lasaitzea da (masajeak, ur berozko dutxak,...).

• Ez nahastu ...

  • Gripe eta katarroekin. Hauetan, buruko minaz gain arnas aparatuko sintomak, eztarriko mina, etab. ere agertzen dira.
  • Hematoma (odol-bildu), tumore edo infekzioekin. Eritasun hauetan bestelako sintoma nagusiek argitzen dute diagnostikoa.

Apendizitisa

• Nola ezagutu

Apendizearen (heste meharraren zati baten) hantura eta infekzioa da. Min zorrotza sabelaren eskuinaldean, muskulu–uzkurdura, goragaleak, gorakoak eta gorputzeko tenperaturaren igoera.

Arazoa konpontzeko kirurgia izaten da eta normalean biderik egokiena.

• Ez nahastu ...

  • Peritonitisarekin. Aurrekoaren okerragotze bezala agertzen da: infekzioa peritoneo osora zablatzen da, mina handitzen, behatzarekin presioa egiterakoan, baina are gehiago oraindik presioa egiteari uzten zaionean.
  • Hilekoaren minekin. Hilekoaren bitartean gertatzen dira, noski.

Zistitisa

• Nola ezagutu

Gernu-puxika edo maskuriaren hantura edo inflamazioa da.

Emakumezkoetan gehiago izaten da gizonezkoetan baino; maskuria kanpoaldearekin lotzen duen hodia (uretra deitua) laburragoa bait da emakumezkoen kasuan.

Gernubideetako alterazioak daudenean (prostatako adenomak, gernu-euspenak, etab.) askoz errazago agertzen da zistitisa.

• Ez nahastu...

  • Gernubideetako infekzioekin (uretritisak, prostatitisak, etab.): sukar-egoera, min handiak, zornea gernuan, etab.
  • Baginako infekzioekin. Ginekologo batek berehala bereizten ditu eta bera da kasu bakoitzean tratamendu egokia agindu behar duena.

Titietako kiste eta tumore onaireak

• Nola ezagutu

Fibroadenoma eta kisteak nabarmenduko ditugu. Titietako konkorrak dira; tamainaz handitu ez eta gorriunerik izaten ez dutenak. Dena den, behin ohartuz gero, komeni da berehala espezialista batengana joatea, diagnostiko fidagarria egin eta tratamendurik egokiena agindu dezan.

• Ez nahastu...

  • Titietako minbizi eta tumore gaiztoekin. Kasu hauetan larruazala bikortu egiten da (LARANJA-AZALAREN antzera) eta titiburua barnerantz sartzen da. Bestalde, denborarekin konkorra hazi egiten da, eta titiburuan barrena odol gisako jarioa agertzen da. Berehalako kirurgia da soluzio bakarra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia