}

Neandertalen mintzatzeko gaitasuna gurearen parekoa zela ondorioztatu dute

2021/03/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

neandertalen-mintzatzeko-gaitasuna-gurearen-pareko
Sapiens (ezker) eta neandertal (eskuin) banaren entzumen-egituren irudikapena. Arg. Alcalako Unibertsitatea

Neandertalen entzumen-egiturak eta haien eboluzioa aztertuta, ondorioztatu dute haien entzumena gurearen parekoa zela, eta hitz egiteko gaitasuna ere bazutela. Mercedes Conde Valverde otoakustika ebolutiboko ikertzaileak gidatu du azterketa (Alcalako Unibertsitatea), eta, ikerketa-taldean, nazioarteko paleoantropologoak eta telekomunikazio-ingeniariak aritu dira elkarlanean. Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Aspaldiko eztabaida da neandertalek mintzatzeko gaitasuna izango ote zuten. Izan ere, tresneriak eta egiten zituzten jarduerek (sua, hildakoak lurperatzea) iradokitzen zuten giza talde haien arteko komunikazioa oso eraginkorra eta konplexua zela. Gainera, ikerketa genetikoek erakutsi zuten mintzamenarekin lotutako gene baten aldaera (FOXP2) gurea bezalakoa zela haiengan ere. Baina ikerketa paleontropologikoek, hau da, fosilek, ez zuten neandertalak hitz egiteko gai zirela erakuts zezakeen frogarik aurkitzen.

Orain, neandertalen entzumena aztertzeko lan honek frogatu du neandertalen ahozko komunikazioa gurea bezain konplexua zela. Ondorio horretara iristeko, Atapuercako aztarnategiko Hezurren Simako bederatzi banakoen eta bost neandertalen entzumen-egiturak aztertu dituzte, tomografia konputerizatuaren bidez. Hezurren Simako banakoak neandertalak baino lehenagokoak dira, eta 450.000 urte dituzte. Hala, entzumen-egituren eboluzioa ikertu dute, eta ikusi dute neandertalen gaitasuna gurearen parekoa dela.

Kultura eta fisiologia, batera

Condek bereziki nabarmendu du gai izan direla zehazteko, neandertaletan eta sapiensetan, modu independentean gertatu zela entzumenaren banda-zabaleraren eboluzioa: “Paraleloan eboluzionatu zuten, ahozko komunikazio eraginkorra eta konplexua lortzeko”, azaldu du.  Conderen esanean, banda-zabalera hori zuzenean lotuta dago mintzamenarekin; horrenbestez, mintzatzeko gai zirela frogatzen du horrek. “Beraz, guztiz gizatiarrak zirela esan dezakegu. Hain zuzen, hori frogatzeak laguntzen digu ulertzen nola lortu zuten neandertalek beren kultura garatzea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea”.

Hain zuzen, Joseba Rios Garaizar arkeologoak ere horixe azpimarratu du: “Ikerketa genetikoek eta anatomikoek neandertaleek gure moduko soinuak egiteko ahalmena zeukatela erakusten dute. Hizkuntza beste gauza bat da. Baina ikusten dugu neandertalek kultura trasmititzen zutela, eta ez bakarrik kultura, baita kontzeptu konplexuak ere. Horrek adierazten du komunikatzeko forma garatuak edo konplexuak zituztela. Ondoriozta daiteke biak, kultura eta fisiologia, batera doazela”.

Bestalde, Conderi aipagarria iruditu zaio ikerketak enpresa pribatu baten diru-laguntza jaso izana: “HM Hospitalesen finantziazioa jaso dugu, eta albiste ona iruditzen zait enpresa pribatuek oinarrizko ikerketa babestea, zientzian hain diru gutxi inbertitzen duen herrialde batean”.

Aurreratu du, orain, Homo generoko beste espezie batzuen fosilak ikertu nahi dituztela, mintzamena nola agertu zen hobeto ulertzeko.  “Horren barruan, gure espeziearen fosilik zaharrenak ere asko interesatzen zaizkigu, sapiensen mintzamenaren eboluzioa nolakoa izan zen jakiteko”.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia