}

Neandertalen Akilesen tendoia

2011/02/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Neandertal batek eta gure espezieko edozeinek lasterketa bat jokatuko balute, neandertalak galduko luke. Ondorio hori atera dute Arizonako Unibertsitateko antropologoek, bi espezieen Akilesen tendoiak aztertuta. Are gehiago, neandertalak desagertu izanaren gakoa hor egon daitekeela iradoki dute; alegia, litekeena dela horixe bera izatea neandertalen Akilesen tendoia, hain juxtu.

Berez, neandertalak gu baino korrikalari eskasagoak zirelako ideia ez da berria, baina ez zegoen horren aldeko frogarik. Orain, Arizonako Unibertsitatean egindako ikerketak erakutsi du gutako motelenak ere tartea aterako liokeela neandertal arinenari; zergatik, eta Akilesen tendoian dugun aldeagatik.

Ikertzaile batzuen ustez, Akilesen tendoian egon daiteke neandertalak desagertzearen gakoa.
(Argazkia: Johannes Krause/Kaprinako neandertalen Museoa)

Korrika egitean, energia-biltegi baten gisara funtzionatzen du Akilesen tendoiak edo orpazurdak: malguki bat bezala, oinak lurra jotzean luzatu egiten da, eta atzera bildu egiten da, oinari altxatzen laguntzeko. Ikertzaileen ustez, zenbat eta energia gehiago gordetzeko gaitasuna izan zurdak, orduan eta hobeto egingo du lasterka korrikalariak.

Hori baieztatzeko, iraupeneko lasterkariak aztertzen hasi zen Arizonako Unibertsitateko David Raichlen antropologoa. Erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza erabilita, Akilesen tendoiaren luzera eta korrikalarien eraginkortasuna proportzionalak zirela frogatu zuen. Izan ere, tendoia laburra bada, indar handia behar da luzatzeko, eta, beraz, energia asko metatzen du. Horrenbestez, Akilesen tendoia motza duten korrikalariak eraginkorragoak dira, hau da, abantaila dute tendoi luzea dutenekiko.

Horren ondoren, Raichelek neandertalen fosilak ikertu zituen, eta konturatu zen haien orpoetako hezurrak askoz ere luzeagoak zirela gureak baino. Ondorioa: Akilesen tendoi luzeak zituzten. Hau da, ez ziren hain eraginkorrak lasterka egiten.

Raichelen arabera, seguru asko neandertalek ez zuten bide oso luzeak ibili beharrik izaten. Ehizatzeko ere, trebeak ziren animaliak zelatatzen eta ezustean harrapatzen. Aldiz, gure arbasoak Afrikako sabana beroan bizi ziren, eta, animaliak ehizatzeko, distantzia handiak egin behar izaten zituzten haien atzetik. Hortaz, korrika egiten eraginkorrak izatea beste aukerarik ez zitzaien geratzen, bestela ito egingo ziren.

Desagertzeko arrazoien bila

Beste ikertzaile batzuk urrunago joan dira beren ondorioetan, eta neandertalak desagertu eta guk iraun izanaren gakoa Akilesen taloian dugun aldean dagoela proposatu dute. Haien esanean, klima hoztu zenean, eta baso itxiak tundra bilakatu zirenean, gure arbasoentzat onuragarriak izan ziren eremu zabaletan ehizatzekotrebezia eta korrika egiteko ahalmena. Horri esker gailendu zitzaizkien neandertalei.

Hipotesiak zentzuzkoa dirudien arren, esperientziak erakusten du halakoak zuhurtziaz hartzea komeni dela. Izan ere, neandertalen desagerpena azaltzen zuen hipotesi bat baino gehiago bertan behera utzi behar izan dute, hipotesiaren aurkako frogak aurkitu ondoren. Hori gertatu da, adibidez, aurten bertan, elikaduraren hipotesiarekin.

Hain juxtu, duela gutxi arte, zientzialari askok uste zuten elikadurak eraman zituela hondamendira neandertalak. Haien kobazuloetan eta bizilekuetan topatutako fosiletatik, ikertzaileek ondorioztatu zuten neandertalak haragijale hutsak zirela. Alabaina, neandertalen hortzetako arrastoak ikertu dituzte berriki, eta konturatu dira oker zeudela: neandertalek haziak, frutak eta landareak jaten zituzten. Bizilekuetan ez badituzte landare-jatorriko aztarna gehiago topatu, haiek hezurrak baino errazago galtzen direlako da; ez halakorik biltzen eta jaten ez zutelako. Gainera, sutan egiten zituztelako frogak ere aurkitu dituzte. Beraz, orojaleak ez ezik, sukaldariak ere baziren. Baina korrikalariak ez, oraingoz dirudienez.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia